Sendatu osteko herrena

 

Irudixa: amigosdeldeporte

Ez dakit eskolan oraindik bost zentzumenak irakasten diren. Badakizue: ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena eta dastamena, ez gehiago eta ez gutxiago, haurrari segurtasuna emateko beharrezkoak diren ikasgai biribilen eredu. Gero gauzak konplikatzen hasten dira eta gauzak hain koadrikulatuak ez direla deskubritzen dugu, batez ere neurologiaren mundu zorabiagarriari kuku bat egitea burutik pasatzen bazaigu. Pertzepzioak edo sentsibilitateak mila ñabardura baititu, kaleko hizkeran ordainik ez duen teknizismoz betetako hiztegia: sentsibilitate epikritikoa, protopatikoa, termoalgesikoa, interozeptiboa, exterozeptiboa, propiozeptiboa… Baina neurofisiologia ikasgai bat eman behar ez dugunez, hel diezaiogun azken berbari bakarrik.

Propiozepzioa gure buruaren posizioaren kontzientzia ematen digun zentzumena da. Dakizuenez, eskua zabalik edo bilduta dugun jakiteko ez da beharrezkoa eskuari begiratzea; bistatik kanpo dugunean ere badakigu eskua nola dugun. Informazio hori propiozepzio sentsibilitateak ematen digu. Beste adibide bat: mendian gabiltzala, gure oinek bidezidorretako zulo, koskor eta traba guztiak gainditzen dituzte estropezurik egin gabe, nahiz eta gu paisaiari begira ibili; hori ere propiozepzio zentzumenari eskertu behar diogu, denbora guztian lurreko oztopoei begira egon beharra ez izatea ahalbidetzen baitigu.

Ikusmen, entzumen eta oreka sistemen barruko atal espezifikoekin batera, artikulazioetan dauden hainbat errezeptore berezi dira funtzio honen arduradunak. Errezeptoreok informazioa jasotzen dute (posizioa, presioa, tenperatura, lesioak, hanturak…) eta nerbio sistemak garunera eramaten du, agindu egokiak eman ahal ditzan. Prozesu hori milisegundo gutxi bateko kontua da, eta informazio jasotze eta bidalketa hori modu inkontzientean gertatzen da, jakina. Emaitza, esate baterako, pilotariaren kolpe zehatz eta neurtua izango da.

Lesioa gorputzeko egitura jakin bateko kontua izaten da: muskuluaren zuntzak eten egiten dira, edo lotailuaren zuntzak behartu, edo hezurraren zuntzak hautsi, hiru lesio arruntenak aipatzearren. Hori izango da tratamenduaren helburu nagusia ere: hondatutako egitura berrosatzea. Hala ere, gorputza konplikatu xamarra da eta zuntz nagusiekin batera badira hondatuko diren bigarren mailako egiturak ere: zainak, nerbioak, fasziak… Besteak beste, aipagai dugun propiozepzioaren errezeptoreak ere hondatu egiten dira. Eta osatze prozesuan ez ditugu ahaztu behar.

Har dezagun adibidetzat belauneko lesio bat. Berau sendatzeko, beharbada, lehenengo hanka igeltsatu digute; gero, makuluekin eta fisioterapeutaren laguntzarekin lehen pausuak eman ditugu; gero, kristorenak eta bi pasatu ditugu mugikortasuna berreskuratzeko. Azkenik, osatuta gaudela esan dezakegu (belauna ondo mugitzen dugu, indarra badugu, minik batere ez), baina lagunek kaletik ikustean herrenka gabiltzala esaten digute. Zer arraio gertatzen da? Propiozepzio sistemaren errezeptore-sare zabalean badela oraindik argi gorria isiotuta duen alerik, eta informazio oker hori jasota gorputzak babesteko erantzuna ematen jarraitzen duela: herrena, alegia.

Gaur egunean, fisioterapia tratamenduetan ez da sekulan falta izaten propiozepzioaren alorra, batez ere traumatologia arloan. Oinarria arazoa eman dezakeen artikulazioari “egurra” ematean datza, oreka eta koordinazio ariketen bitartez hondatutako errezeptoreen birsortzea bultzatuz eta nerbio sistemaren eskema orokorrean egokiro txertatuz. Tratamendu sinplea baina oso eraginkorra da, osatu osteko herren kopurua asko gutxitzen duena.

Gaur8rako, 2012ko Agorrillan 18xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*