Sineskerak hausten: bizkarraren postura pisuak jasotzerakoan (Caneiro et al, 2018)

Irudixa: Caneiro et al.

Erreferentzia:

Hemen beste adibide bat, itxuraz sinplea den ikerketa batek nolako eragina izan dezakeen praktika klinikoan (edo izan beharko lukeen, behintzat! izan ere, ondorioei jaramon egiten badiegu hainbat argitalpen eta osasun-gida aldatu beharko dira…). Artikulu honen berri ere Iker Villanueva lankide eta euskal-fisio-konspiratzailearen bidez izan dut, milesker Iker, beti mandanga ona pasatzen didazu zuk!

Ikerketa-galdera ezin sinpleagoa da: zein neurriraino dago sartuta gure gizartean uste oker konkretu bat? (hobe dela pisuak jasotzeko bizkarra zuzen mantentzea, flexionatzea baino) Erantzuna ere, argi-argia: barru-barruraino; eta hori ez da ona.

Hau irakurrita, batek pentsa dezake (nik hasieran pentsatu dudan bezala): ha zelako txorrada. Izan ere, ni ere aurreiritzi hori izan dut orain arte; eta gainera uste hori nire formakuntza eta lan urteetan sendotu eta retroelikatu da. Gainera artikuluan ez dira bizkarreko mina duten pertsonak ikertu, baizik eta minik ez duten pertsonen usteak. Beste era batera esanda: ez da kaltea bera aztertu; baizik eta «kaltea egingo dion ustea». Eta hor hasi naiz ikerketa horren garrantziaz jabetzen; hau faktore oso esanguratsua baita, osasuntsu zein minez gaudenean baldintzatzen gaituena; eta nik dakidala orain arte ez dena aztertu.

Ikerketa honek nahiko diseinu sinplea du: paziente talde bati eginiko galdera-erantzun testak. Hor ikusi da Europa inguruko gizartean oso hedatua dagoela uste hori: pisua jasotzerakoan, bizkarra aurrerantz flexionatzea txarra dela; eta ostera, hobe dela bizkarra zuzen mantenduz, indarra belaunekin egitea. Hau gure gizartean oso errotua dagoen beste uste batekin oso lotua dago: gerria egitura hauskorra dela, erraz hondatzen eta nekez konpontzen dena.

Iritzi hauen berme zientifikoa Nachemsonen ikerlanen eskutik etorri zen 60. hamarkadan; ikerlan hauek hedapen handia izan zuten, arlo profesionalean batez ere (gida klinikoak, ergonomia…); halere, 80. hamarkadan Nachemsonek berak ondorioak aldatu zituen, bizkarra flexioan edo zuzen erabiltzearen arteko aldea ornoen arteko diskoan hain handia ez zela aitortuz; baina zuzenketa hauek ez zuten aurreko ikerketen hedapenik izan. Izan ere, gerora eginiko ikerketa biomekaniko gehienen ondorioak bide beretsutik doaz: alegia, bizkarreko minak ez duela pisua jasotzearekin erlazio zuzenik, ezta (jakina) mugimendu horietan bizkarrak hartzen duen posizioarekin. Beraz, gaur egun badakigu ez duela zentzurik lantegi bateko beharginei (adibidez) pisuak bizkar zuzenarekin eta belaunen flexioa erabiliz jasotzeko gomendatzea. Baina oraindik egiten da; eta eskorbutoaren kontrako tratamenduarena ikusita, esango nuke oraindik urtetxo batzuetarako badugula.

Sineste oker hauek, zati batean, literatura zientifikoarekin lotuak badaude ere, ezin zaizkio bakarrik horri egotzi; arrazoi konplexuagoak daudela dirudi. Izan ere, uste horiek hedatuegiak daude: Australiako herri batean eginiko ikerketa honen emaitzak hitzez hitz aplika daiteke Euskal Herrira (eta uste horiek dituzten pertsona gehienak ez dira literatura zientifikoaren kontsumitzaileak, ezta osagileon gomendioen jarraitzaile sutsuak ere). Zientzia-fikzio pixka bat eginez, esango nuke uste hauen jatorria duela mendeak edo milurteak kokatu dezakegula: lan astunak egiteko gerrikoak eta fajak ezinbestekoak direla sinesten hasi zeneko garaiean. Antropologoendako ikerlan interesgarria! Izan ere, bide horretan medikuntzaren historian bete-betean sartzen gara, eta burua automatikoki joaten zait gizartean dauden fundamenturik gabeko beste siniskeretara ere, hala nola izerdia eta haize korrontearena, edo bainua eta digestio etenarena.

Baina nire uste pertsonalak alde batera lagata, lot gaitezen ikerketak dioenari. Bertan sineste mota bi bereizi direla ikusiko dugu, inplizitoak eta explizitoak, eta lehenengoei fidagarritasun handiagoa ematen zaiela. Bestalde, ondorioetako bat da aurreiritzi hauek ez daudela lehenago bizkarreko mina pasatu izanarekin lotuak; hain zuzen ere aurreiritziok berdin aurkitu direla sekulan minik izan ez duten pertsonetan, eta inoiz minen bat izan dutenetan. Eta osagileon artean ere oso presente daudela ikusi da.

Bistan da: hau jakinda, gai oso interesgarria da aurreiritziok eguneroko bizitzan, jarreretan, bizkarreko minari aurre egiteko moduetan nolako eragina duten aztertzea; autoreek ere bide hori seinalatzen dute, etorkizuneko ikerketei begira. Eta, lehen esan duguna: ikerketa honen ondorioek eragin zuzena izan beharko lukete lantegietako beharginei eta beste kolektibo interesatuei zuzenduta argitaratzen diren gida kliniko eta ergonomikoetan.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

Fisteus blogerako, 2019ko azillan 14a.

****

Youtuben eta Gara egunkarian honi buruz argitaratutakoak.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Gerriaren postura pisuak jasotzerakoan (Youtube) | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*