Sorbaldako ezegonkortasun madarikatuak, menpean! (Bateman et al, 2015)

Erreferentzia:

  • BATEMAN, Marcus. SMITH, Benjamin. OSBORNE, Sally E. WILKES, Sally R. 2015. Physiotherapy treatment for atraumatic recurrent shoulder instability: early results of a specific exercise protocol using pathology-specific outcome measures. Shoulder & Elbow 7(4):282–288.

Sorbaldako ezegonkortasun edo luxazio kasu gehienak postraumatikoak izaten dira, eta gehienetan kirurgiak emaitza onak izaten ditu. Traumatismorik gabeko kasuen kopurua, baina, ez da txikia; eta haien kudeaketa gaitzagoa izaten da, edo hobeto esanda, ez da ongi ikertu izan. Lan honetan, ezegonkortasun kasuetan erabiltzeko ariketa protokolo zehatz bat erabili da (ariketak ongi deskribatuak, erreproduktibleak izan daitezen) eta test bi erabili dira (WOSI eta OISS), fisioterapiaren aurretik eta ostean, pazientearen egoera neurtzeko. Emaitzak gardenak dira: test bietan hobekuntza esanguratsua neurtu da. Bataz beste 6,3 fisioterapia saio burutu dira (batzuek 3 saio, beste batzuek 14, sorbaldarekiko exijentzia mailaren arabera –ez baita gauza bera bulegari baten sorbalda, eta xabalina jaurtitzaile batena-). Errepikapen kopurua altua da, ez bakarrik indarra eta egonkortasuna irabazteko, baizik eta (eta hauxe ikerketa honen beste ekarpen garrantzitsua da) mugimendu txantiloi berriak ere berrikasteko. Gainera, fisioterapia saioen kopurua pazienteekin adostutakoa da (helburuen irisgarritasunaren arabera), tratamenduaren zati handi bat etxean egitekoa baita.

Eskerrak eman behar dizkiot Loitzun Izaola lankideari protokolo honen berri ematearengatik, tarteka-tarteka beti etortzen zaigulako horrelako pazienteren bat (halere, kontuan hartu behar da hau ezin dela indiskriminatuki erabili, ikerketa honetarako inklusio irizpideak estuak baitziren, eta beraz, beti pazientearen egoerara egokitu beharko da). Momentuz, gurean eginiko aprobek emaitza pozgarriak ekarri dizkigute!

***

Fisteus blogerako, 2018ko zemendixan 5a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*