Tendinopatia gluteoa… berriro! (Grimaldi 2015)

Infografia: Iker Villanueva

Beti berdin: neguan ikasteko denbora sobran, baina udaberriko paziente-uholdea hasten zaigunean, egunaren antolakuntza aldatzen zaigu! Halere, iaz hasitako bidea ez dut lagatzeko asmorik: urteak dira ez nuela hain gustora ikasten, ondorioak zuekin konpartituz.

Hain zuzen ere, hemen argitaratutako oharren helburua horixe da: ez inori ezer irakastea (ez nago ni inori ezer irakasteko moduan), ez bada ezen, norberak ikasitakoa azpimarratzea eta besteen iritziaren “sutan” ipintzea, kritikarekin ikasketa prozesua oraindik sakonagoa izan dadin (surtan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea). Horregatik, orain dela egun batzu Aranbururi pribatuan komentatzen nionez, hautatutako artikuluak ez dira “inorenak”: gutako batek idazlanen bat aukeratu izatea ez du kentzen beste batek ere irakur dezakeenik; kontrara: testu bera begi desberdinek irakurtzeak beste ariketa mota interesgarria egiteko aukera eman diezaguke.

Horixe da joan den egunetan egin dudana; aurreragokoan Villanuevak iruzkindutako testu bera irakurtzea:

Hauek dira irakurketan zehar nik neuk hartu ditudan oharrak.

EOM-en Ikerketaren Metodologia ikasi genuenean, arauetako batek atentzioa eman zidan: ikerketa bat abiatzean, interes gatazkak aitortu behar zirela. Artikulu honetan horren adibidea ikus dezakegu: autore nagusia (Grimaldi) gluteoak lantzeko sistema mekaniko bat saltzen duen konpainiako zuzendaria da. Ez dirudi emaitzak gutxiesteko balioko duenik, baina ondo dago jakitzea!

Villanuevak aipatzen zuenez, terminologia kontuetan ere argigarria suertatu zait irakurketa: “trokantereko bursitis” edo «trokanteritis» kontzeptuak (gaur egunean kontsultara datozkigun pazienteen diagnostikoetan nagusi diren denominazioa) gainditua dago; horren ordez, “mokorreko min laterala”, “trokantereko minaren sindromea” edo “tendinopatia gluteoa” onargarriagoak dira dira. Izan ere, arazo honetan hainbat aldaketa patoanatomiko neurtu izan dira gluteus medius eta gluteus minimus muskuluen tendoietan: tendoiak loditzea, argaltzea zein haren zuntzak haustea; eta burtsaren egitura aldatzea. Halere, sintomen arduradun nagusia tendoiaren patolojia da, burtsa bera baino gehiago.

Fisiopatologia eta diagnostikoa

Mokorreko tendinopatietan neurtu diren aldaketa histopatologikoak beste tendinopatien ezaugarri beretsukoak dira. Zentzu horretan, Gacimartinen laburpenean esandakoek ere balio digute, betiere mokorreko abduktoreen ezaugarri berezietara egokituta. Adibidez, tendinopatia gluteoak gerriko minarekin erlazio argia du (mokorreko minaren prebalentzia gerriko min kasuetan %35koa da), eta badirudi giltzadura sakroiliakoak eta pelbisaren ezegonkortasunak erlazio honetan zerikusia dutela. Faktore antropometrikoek ere zerikusia dutela dirudi, baina erlazioak ez daude hain argi (Villanuevak seinalatzen zuen emakumeen gluteoaren lotunearen txikiagotasuna kenduta; hori argi xamar dago).

Diagnostiko diferentzialari buruzko oharrak ere kontuan hartzekoak dira, eta batez ere patologia honetarako test espezifikoak: hanka bakarrean mantentzea (lehenetsia), rotazio erresistituak, FABER eta Ober testak.

Artikulu honetan argi ikusi dut, baita ere, lehenik Villanuevari eta gero Gacimartini irakurritakoa; insistentziarengatik bada ere, nire eguneroko praktika klinikoan integratu beharreko kontzeptu berritzaileak (niretzat behintzat): zama tensila eta transbersoa, bai tendinopatiaren sorrera ulertzeko gako gisa, baita tratamenduan (eta pazientearen ohitura aldaketetan) kontuan hartu beharreko faktorea ere. Zama mota desberdin bi hauen eragin patomekanikoan, gluteus medius-aren kasuan ebidentzia falta da; baina autoreek muskulu honek supraspinatus-arekin duen analogia baliatzen dute tendoiaren azaleko eta sakoneko zuntzen portaerari buruzko hipotesia egiteko. Analogia honetan, mokorreko muskuluen azaleko zuntzek zama tensila jasango lukete nagusiki, eta sakoneko zuntzek berriz, zama transbersoa. Kontuan hartuta endekapena batez ere azken hauetan agertzen dela, lesioaren gakoa zama transbersoen kontrolean datzala ondoriozta daiteke.

Beste detaile interesgarri bat: pelbisa horizontal mantentzeko indarraren %30a fascia lataren tentsorearen kargu dago, eta %70a abduktore koxofemoralen gain geratzen da. Honek esan nahi du abduktoreen indar faltak pelbisa horizontal mantendu ezina ekar dezakeela, zama transbersoa handituz, baita FLT-ak jasan behar duen karga handitzea ere. Gluteus medius eta minimus muskuluen atrofia sintomak dituzten pazienteen zati handi batean neurtu da fenomeno hau, beraz artikulu egileen arabera erlazioa argia dirudi.

Tratamendua

Tratamendu aldetik, kalitatezko ebidentzia gutxi dago. Artikulu honetan errebisatu dituzten artikuluek terapia hauek ikertu dituzte: ariketak, txoke-uhinak, kortikosteroide injekzioak eta kirurgia. Hauen ordez, Grimaldik eta Fearonek mokorreko abduktoreen funtzioa, mokorreko mugimendua eta hanka osoaren lerrokatzea hobetzean oinarritutako protokoloa proposatzen dute. Horretarako baliabide nagusiak zamaren egokitzapena eta ariketak izango litzazke, eragin dezaketen beste patologiak ere ahaztu barik (gerriko arazoak, giltzadura femorotibiala, arazo coxofemoral intrinsekoak…).

Zama transbersoaren egokitzapena postura-higiene kontua da batez ere: adukzio posturak ekiditea (mindutako aldeko hanka bakarraren gainean egotea, hankak guruzatuta edo izterrak itxita mantentzea, gauean dekubito laterala, adukzioan eginiko luzaketak. Villanuevak eginiko infografiak ongi laburtzen du atal hau.

Infografia: Iker Villanueva

Infografia: Iker Villanueva

Zama tensilen egokitzapenerako, berriz, eguneroko aktibitateen eta kirolaren mugimenduak zaindu behar dira, mina areagotzen duten ariketak kontrolatuz, baita ariketaren bolumena ere. Eskaileretan edo aldapetan eginiko saioak eta ariketa pliometrikoa aipatzen dira bereziki, kontuz erabili beharreko bezela.

Hontaz gain, autoreendako ezinbestekoa da ariketa programatua, gluteoen tendoien ahalmena pixkaka berreskuratzeko. Horretarako, indar ariketak eta mugimendu funtzionalaren berheziketa uztartu beharko dira: ariketa isometriko analgesikoa (intentsitate ertaina, ahalmen osoaren %25an), isotonikoak (behin mina kontrolatuta, hipertrofia interesatzen zaigunean, astean gehienez 3 bider) eta berheziketa biomekaniko aktiboa (pelbisaren kontrola kirol keinuetan edota eguneroko bizitzan).

Beti ikasten. Bizirik gauden seinale!

Fisteus blogerako, 2016ko aprillan 3a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*