Terapeutikaren marra gorria

Irudixa: Gaur8

Telebistarik ez zegoen garaian txerpolariak ibiltzen ziren herririk herri. Gai merkeak salduz ibiltzen ziren (janaria, tresnak, botikak…) , eta hitz jarioa erabiltzen zuten jendea liluratzeko. Ezin dugu esan iruzurgile hutsak zirenik: jendeak bazekien haiek saldutakoa ez zela beharrezkoa, baina kontua ez zen salgaia bakarrik, benetako espektakulua haien etorri harrigarria izaten zen. Esaerak zioen bezala, burusoilari orrazia saltzeko gai ziren; hori ikustearren jendeak gustura ordaintzen zuen. Autoengainua ez da, baina, antzinako kontua bakarrik: gaur egunean ere, hortxe ditugu telebistako pressing-catch espektakuluak, erretiratuei ematen zaizkien “erakustaldi komertzialak” edota ordu txikietako teledendak.

Fenomeno hau oso interesgarria zaidan arren, ezin dut osasun arloan onartu; eta bazterrotan makinatxo bat txerpolari dabil. Profesionalki kontua argi dago: ekintza terapeutikoa unibertsitatean graduatutako osagileon eremua da; legalki ez dago zalantzarik. Baina kalean gauzak bestelakoak dira: haien zerbitzuak eskaintzen dituzten terapeuta irregularrak nonahi ikusiko dituzu. Publizitatea barra-barra jartzen dute, askotan osasun zerbitzu kolegiatuona baino nabarmenago. Zergatik? Besteak beste, guk arauak bete behar izaten ditugulako: osagile batek ezin du argitaratu “X gaixotasuna sendatzen duenik”; ezin baitu ziurtatu. Izan ere, sendatze-tasa altua duten tratamendu onenetan ere, beti da hobetzen ez den paziente kopuru txiki bat; hartara, gaixotasun hori sendatzen dugula baieztatzea iruzurra litzateke.

Administrazioan, osasun publizitatea kontrolatzen duen komisio bat dago, elkargo profesionalen parte hartzearekin, eta ezin dugu edozer eta edonon argitaratu. Arautu gabeko terapeuten maremagnumean, ostera, dena libre dela dirudi: X gaixotasuna bakarrik ez; Y eta Z ere sendatzen dutela aginduko dizute, eta paziente asko tranpan eroriko dira. Baita ikasleak ere: akademia irregularrek dutena eta ez dutena iragartzen baitute, ikasleei etorkizun oparoa eskainiz. Baina ez diete dena azaltzen: kontsulta jartzen dutenean legez kanpo aritu beharko dira.

Terapeuta irregularren kurtso baten iragarkiaren parodia. Irudia: Castilla eta Leoneko Fisioterapeuten Elkargoa.

Zorionez, pertsonongana joaten diren pazienteek ez dute lesio larririk (dagoeneko jende gehienak badaki nora joan beharra duen arazoa larria denean). Benetako arriskua alferrikako tratamenduetan luzatzetik dator (benetakoetara beranduegi ailegatuz); horregatik bakarrik bada ere, mundu honek kontrol serio bat beharko luke Administraziotik, eta kontsumitzaile elkarteetatik. Hau ez da autoa lerro bikoitzean aparkatzearen parekoa (legez kanpokoa baina batzuetan onar daitekeena); osasuna garrantzitsuegia da txerpolarien esku uzteko.

Ez naiz sorgin ehizaren zale, eta horregatik ez naiz arituko salaketak ezker-eskuin jartzen. Gainera, batzuetan lekuotan egiten diren ekintzak gustatzen zaizkit: ariketa fisikoa, arte martzialak, dantza, erlaxazioa, ikastaroak… Herritarren osasuna sustatzen dute, eta nire paziente batzuei ere gomendatu izan dizkiet. Baina bada zeharkatu ezin den marra gorri bat: arlo terapeutikoa. Hor sartzen badira, elkargo profesionalok horri aurre egiteko ditugun tresnak erabiliko ditugu. Ulertu behar duenak ulertuko al du!

Gaur8rako, 2017ko urrixan 28xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*