Tratamendu zehatzak eskatzen dituzten pazienteak

Irudixa: Gaur8

Ez dakit beste osagileei zer neurritan gertatzen zaien, baina esango nuke fisioterapia kontsultetan gehiagotan tokatzen zaigula jendea tratamendu edo zerbitzu konkretu batzuen bila etortzea. Eta, oi ene paziente maiteak! Zuen interesei begira, ez dizuet horrelakorik aholkatzen. Ez da zuen osasunerako onena. Oraintxe azalduko dizuet zergatik.

Deituko al zeniokete telefonoz mediku bati, bizkarrezurrean artrodesi bat egiteko eskatuz? Edo nutrizionista bati, dieta hiperproteiko baten enkargua egiteko? Edo psikologo bati, Googlen terapia kognitibo analitikoaren onurei buruz irakurri ostean, berarekin egin nahi duzulako? Agian bai, zu zeu gai hauetan espezialista bazara, eta argi baduzu zure arazoa, eta behar duzun soluzioa. Baina kasu gehienetan ez da horrela izaten; eta orduan, ez da egokia izango osagileari horrela hurbiltzea. Ostera, hobe izango da hari zure arazoa zein den planteatzea; horrekin, berak lagun zaitzakeen ebatzi ahal izango du; eta horrela bada, arazoa konpontzeko egokiena den tratamendu bat planteatuko dizu. Gero –orduan bai–, zure esku geratuko da egingo duzun edo ez erabakitzea.

Zergatik diodan hau? Fisioterapia kontsultan oraindik oso arrunta delako jendeak telefonoz deitzea: «Kaixo, elektrolisi perkutaneoa egiten al duzue?» (teknika horren lekuan beste edozer jar dezakezue: mikrouhinak, irrati frekuentzia, ekografia…). Eta guk: «Ez, bada». Eta berak: «A, ondo, agur». Horrelako solasaldiekin, bati tonto aurpegia geratzen zaio telefonoan, eta nolabaiteko desasosegua, ezin izan diogulako paziente horri galdetu ere egin zer duen; ezta bere arazoa konpontzeko ditugun baliabideak azaldu ere. Normalean, arazo bakoitzarentzat tratamendu bat baino gehiago izaten baita, kasuaren ezaugarriaren arabera bata edo bestea erabili ahal izateko. Baina teknika konkretu bati buruz horrela galdetzean, elkarrizketa antzua izaten da eta pazienteak ez du horren guztiaren berri izaten.

Esango nuke gertatzen zaigun hau iraganeko zama bat dela: dakizuenez, fisioterapia lanbide «gaztea» da, duela urte gutxi erizaintza eta medikuntzaren eremutik bereizia. Gizartearen historiaren zati handienean, terapia fisikoak herri sendagile edo petrikiloen esku izan dira («masajistak», orain nagusi den hitza baliatuz) eta nahiz eta duela 40 bat urte arautu, herri memoria aldatzeko hori baino gehiago behar da. Egia da gauzak aldatzen doazela: 1993an lanean hasi nintzenean, paziente gehienek ezin izaten zuten «fisioterapeuta» hitza bera ahoskatu ere egin! Baina oraindik, guregana datozen makinatxo bat pazienteri, lagunarekin telefonoz ari direnean, «maxajixtarenera» etorri direla aditzen diegu. Diferentzia argi dute; baina azalpen luzeetan sartzeko astirik ez dutenean… horrela azaltzen dute, di-da. Total, berdintsua da eta! Agian horren eraginez, pertsona batzuek uste dute gu piñoi fijoan aritzen garela «zerbitzu karta» bat emanez: masaje erlaxagarria, kirol masajea, Cyriax masajea… (pertsona hauendako, egiten dugun guztia da masajea). Eta bere esku geratzen dela bata edo bestea hautatzea, tabernara doanean menua aukeratzen duen bezala.

Esan bezala, ikuspegi murritz honek terapia fisikoen baitan dagoen aberastasuna eta fisio bakoitzak duen trebezia baliatzea eragozten du. Zorionez, gero eta gutxiago dira teknika zehatz bat eskatuz hurbiltzen zaizkigunak. Horren ordez, gure ahotsa eta iritzi profesionala bilatzen dute, gero geuk eskainitako soluzio posibleen artean hautatzeko; emaitzarik onenak osagileari konfiantza hori emanez lortzen direla konturatu direlako.

***********
Gaur8rako, 2021ko jorraillan 17xa.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Arazoak konpontzen | Aixebe & Abante

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*