Txirri-txirri, gaueko hagin hotsa

Irudixa: harrymedia
Harria jaurtitzen badizut, baietz asmatu zure lehenengo keinua? Begiak itxi, masaila estutu eta lepo-sorbaldak kizkurtzea. Ezingo duzu ekidin, hori baita eraso baten aurreko erantzun automatikoa; gainera, animali guztiok ematen dugu erantzun bera. Izan ere, gizakiaren garuna beste piztiena baino garatuago badago ere, haren oinarria horiekin konpartitzen jarraitzen dugu: arrisku sentsazioaren aurrean lehenik eta behin babestu egiten gara (begiak itxi), gero kontraerasoa prestatzen dugu (masaila estutu) eta, azkenik, badaezpada, ihes egiteko prestatzen gara (gorputzeko muskulu guztiak kizkurtu, bereziki lepokoak). Erantzun bateratu eta anitz hori egitura bakarraren inguruan antolatzen da: tenporal-masail (TM) giltzadura.

Cro-magnongo gizakiak orain dela 40.000 urte bizi ziren, eta ordutik hona gauzak asko aldatu badira ere (ez dugu ehizan ibili beharrik egunero jateko…), gure arbasoek ez zituzten alferrik pasa 37.000 urte bizimodu horrekin. Gaur egun bizi dugun estresa sortzen duten arrazoiak desberdinak dira, baina haren aurreko erantzuna antzinako txantiloiaren arabera ematen dugu oraindik ere. Horretaz konturatzea garrantzitsua da erantzun hori moldatu ahal izateko.

TM konplexuko arazoak dituzten pertsonek bi arrazoi nagusi izaten dituzte guregana etortzeko: lepoko mina edo gauez haginak estutzea (bruxismoa). Lehenengo kasuko sintomak bizkarreko arazo arruntetan izaten direnen antzerakoak dira, eta gerora agertzen dira masailera bideratzen gaituzten zantzuak. Bigarrengo kasuan, ostera, ez dira pazienteak izaten arazoaz jabetzen direnak, haien bikotekideak baino. Izan ere, ez da batere atsegina ohelagunaren haginen txirrikadak entzutea. Masaileko nekea eta ahoa zabaltzeko arazoak ere ager daitezke, baita, gaitza tratatu barik luzaroan mantentzen bada, arazo odontologikoak ere (hortz edo haginen higadura, eskuarki).

Hala ere, TM giltzaduraren inguruko desorekek sintoma gehiago ere izan ditzakete, aipatutako bi arazoez aparte. Esate baterako, ahotseko edo tiroide guruinaren arazoak, eztarriko edo belarriko minak, Eustakioren tutuaren inguruan dauden egiturek eragindako listu-guruinekin erlazionatutako arazoak (aho lehorra, gustu txarra).

Buruko, begietako edo belarriko minek ere TM giltzadurarekin zerikusia izan dezakete, tenporal hezurraren bitartez garunaren, begiaren eta entzumenaren organoen zirkulazioa oztopatzen denean; soinu patologikoak eta zorabioak ere sor daitezke arrazoi bera dela-eta. Nerbio trigeminoaren hiru adarrak ere TM giltzaduraren ondo-ondotik pasatzen dira, eta haren desorekak aurpegiko min edo kontrakturak sor ditzake… Kasu horietan ere terapia fisikoak mesedegarriak suertatzen dira, eta arazoaren lehenengo faseetan masaila, TM giltzadura, kranioa eta lepoa orekatzean mina desager daiteke. Gutxi dira baina fase horretan medikuarengana jotzen dutenak; izan ere, jendeak ez die garrantzi handirik ematen horrelako minei eta urteak ematen ditu horrela.

Normalean fase aurreratuagoetan jotzen du jendeak profesionalongana; eta jakina, desoreka errotuagoa egoten da dagoeneko. Orduan, kasu askotan terapia bakarra ez da nahikoa izaten eta, fisioterapiarekin giltzaduren eta muskuluen oreka berreskura ditzakegun arren, beste osagile batzuen kolaborazioa beharrezkoa izaten da, hala nola dentistena (hortz eta haginen konponketa, ortodontzia…) edo ahotsaren terapeutena (mihia edo laringea egokiro erabiltzen irakasteko).

Azpimarra dezagun kolaborazioa ezinbestekoa dela TM-lepoa-kranioa konplexuaren oreka globala lortzeko: ortodontzia garestia izaten da, eta ez da gozoa izaten hura kendu eta gero haginak berriro posizio okerrera itzultzea, hioide/pterigoide inguruko tentsioa tratatu ez dugulako.

Gaur8rako, 2009ko Garagarrilla

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*