Ume jaioberrien kolikoak

Koliko edo tripako minak jaioberrien arazo arrunta dira. Berez gauza larria ez den arren, txiki batzuk –eta batez ere haien gurasoek– estualdi politak pasatzen dituzte negarraldien kontura. Kolikoak beti ordu bertsuetan gertatzen dira (janaria hestearen parte konfliktibora ailegatzen denean, eskuarki) eta umea bat-batean esnatzen da negarrez. Ez postura aldaketak, ez jatekoak, ez besoetan hartzeak: ezerk ez du baretzen. Orduak joan orduak etorri, gurasoak asko kezkatzen dira umeak negarrez jarraitzen duela ikusita, tomatea baino gorriago eta tripa gogor-gogor eginda.


Halako baten, etorri bezain bizkor doa negarraldia –askotan puzker handi baten ostean –eta umea isildu eta lo seko geratzen da. Hau tarteka gertatzea normala dela esan behar dugu, eta kontrakoa dirudien arren, umeak ez duela inolako arriskurik izaten; hala ere, egunero errepikatzen denean, bizitza familiarra da korapilatu daitekeena (iratzargailuak beti ordu berean jotzen baitu). Halakoetan, fisioterapia erabiltzeko momentu ona izan daiteke. Paziente txiki hauekin erraietako osteopatia teknikak erabili ohi ditugu, hamarretik zortzitan oso emaitza onak ematen baitituzte. Azaldu dezagun tratamendua zertan datzan; horretarako, lehenengo arazoa bera hobeto ezagutu beharko dugu.

Funtsean, ume txikien kolikoek digestio hodiaren kalibrearekin zerikusia dute. Pertsona guztien modura, haurrek gasa sortzen dute digestio prozesuan: baina haien hestetxoak estuak direnez, batzuetan leku arazoak dituzte eta gorotzek gasaren bidea oztopa dezakete. Halakoetan, hestea puztu egingo da, eta honek mina eta egonezina sor ditzake bere elastikotasunaren mugara heltzen denean; minak kolikoak buxadura libratu arte iraungo du. Esandako moduan, hau tarteka gertatzea normaltzat hartu behar dugu eta umea koskortu ahala desagertu ohi da, digestio hodien kalibrea handituz doan neurrian.

Gerta daiteke, hala ere, kolikoak sarriegi agertzea (astean hiruzpalau bider, esate baterako) edo umea hazi arren arazoarekin segitzea. Gehienetan arrazoiak erraien desoreka txikiak izaten dira: sabelaren errotazioa, esfinterren inbaginazioa (piloroan, heste mehe eta lodiaren arteko atakan…), ureterren desorekak, batzuk aipatzearren. Kranio aldetik datozen nerbioek ere parte har dezakete arazoan, digestio hodiaren fisiologian rol garrantzitsua betetzen dutenez. Arrazoiaren araberakoak izango dira sintomak: kolikoaz gain sabelaldeko gogortasuna, gorakoa, beherakoa, idorreria, korroskadak eta puzkerrak ager daitezke, beste batzuen artean.

Esplorazioa, beraz, garrantzitsua izango da tratamenduaren norabidea argitze aldera. Fisioterapiaren barruan osteopatia teknikak erabiltzen ditugu batez ere; umearen kranioa osatze prozesuan dagoenez, momentu oso egokia izaten baita haren desorekak normaltzeko. Izan ere, kranioko hezurren artetik irteten diren hogeita lau nerbioek hainbat funtzio garrantzitsutan zerikusia dute (digestio sisteman noski, baina baita ikusmenean, orekan, ahotsean, bihotzean eta beste askotan ere); erditzean gertatutako kranio desorekek funtzio hauek nahas ditzakete bizitza osorako. Hau da, beraz, tratamenduan kontuan hartu beharko dugun lehenengo atala. Baina, ez da arraroa izaten digestio hodian ere desorekak aurkitzea: halakoetan, erraietara joko dugu zuzenean. Osteopatiak barruko organoak ere tratatzeko aukera handia ematen digu, tartean sabela eta hestea; eta digestio sisteman duen eragina oso positiboa izaten den arren, fisioterapia mota hau oso ezezaguna da bestelako osagileendako; zer esanik ez pazienteendako

Gaur8rako, 2012ko Urriaren 12a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*