Lehen Hezkuntzako testu onartezina

Ez dut enpeinu berezirik nire haurrak aitaren ogibidera bultzatzeko (aukeran, nahiago nuke aberasteko moduko lanen baten hasiko balira…). Halere, nahi eta nahi ez, gurasoek haiengan eragina dugu. Horretara, seme biek nagusitan bizarra izan nahi dutela dioten bezala, normaltzat dut batak besteari mina kentzera-eta jolasean ibiltzea. Eta, nahiz eta etxean proselitismo korporatiboan edo intruso-ehizean ibiltzen ez naizen, haiek antena ipinita dabiltza. Begiratu bestela, zerekin etorri zaidan 7 urteko mutikoa eskolatik: aste honetan landu behar duten gaiari usain arraroa sumatu dio nonbait. Izan ere: aitaren lanbidearekin zerikusia duen gaia izan arren… aitaren lanbidea ez da inondik inora aipatzen!

151025-natura-zientziak-3

Ahozabalik geratu naiz, noski; ez nuen uste hain atzeratuta genbiltzanik. Hau non aurkituko, eta etorkizuneko helduak prestatzen ari den oinarrizko eskolan!! Nor izan da gai hau prestatu duen ignorantea? Hauen artean aurkitu beharko dugu.

151025-natura-zientziak-2

Imajina ezazue gure haurren testuliburuan horrelako zerbait irakurriko bagenu:

“Ba al dakizu zer den kirurgia? Antzinarotik datorren teknika bat da, gorputzeko mina arintzen duena. Petrikiloek pertsonen gorputza labainekin ebakitzen dute, forma eta elastikotasuna berreskuratu dezan. Horrez gain, kirurgia lagungarria da eguneroko bizitzarako. Horregatik guztiagatik, petrikiloak eta herritarrak elkarrekin oso pozik bizi dira aintzinarotik”.

Pentsatu ezinezkoa, ezta? Gaur egunean inork ez du zalantzan jartzen kirurgia mediku espezialistek egin beharreko teknika dela. Gainera, inork horrelakorik esan ezkero, Elkargo Medikoen erantzuna bizkorra eta gogorra izango litzateke seguraski.

Fisioterapeutak, berriz, ikusezinak garela dirudi. Egia esan, horrelako zatarkeriak etengabe jasatera eginak gaude: kolektibo txikia gara, eta profesioa bera “gaztea” da. Baina, ez nuen inondik inora espero horrelako ezjakintasunik gure haurrak hezteko ardura dutenengandik. “Kirola egin aurretik luzaketak egiteko” aholku horrek ere konfirmatzen digu hau idatzi duenak gorputz hezkuntza eta terapia fisikoari buruzko ideia handirik ez duela.

Zalantza dut, halere, testuliburu batean horrelako odolostea sartzearen motiboa zein izan den. Ignorantzia hutsa? Senide edo lagun masajistaren baten ogibidea zilegiztatzeko gogoa? Kasu batean zein bestean, Fisioterapeuten Elkargo Profesionalek gai honetan eskua sartu beharko dute, etorkizunean horrelakorik berriz gerta ez dadin.

Hauxe da liburuaren azala. Beste edizioak ere errebisatzea komeniko litzateke…

151025-natura-zientziak-1

Fisteus blogerako, 2015ko urrixan 26xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*