Eskuarekin eta mekanikoki eginiko trakzio zerbikalen alderaketa (Bukhari 2016)

Faisalabadeko kanpantorria. Horko ospittalian egin da ikerketihau.

Nik asko erabiltzen dudan teknika da trakzio zerbikala. Badakit aspaldi modaz pasatua dagoela, baina inoiz aipatu dudanez nik ez diot horri erreparatzen, baizik eta emaitzei; eta zerbikoartrosis kasuetan, gutxienez, nik emaitza onak lortzen ditut trakzioarekin. Horregatik, interesez hartu dut Jose A. Polo Traverso lankidearen bidez ezagututako artikulutxo hau, gutxietsitako teknika honi buruzko ebidentzia ematen digunez.

Artikuluaren erreferentzia:

  • BUKHARI, Syed Rehan Iftikhar. SHAKIL-UR-REHAMN, Syed. AHMAD, Shakeel. NAEEM, Aamer. 2016. Comparison between effectiveness of mechanical and manual traction combined with mobilization and exercise therapy in patients with Cervical Radiculopathy. Pakistan Journal of Medical Sciences 32(1). Hemen deskarga daiteke.

Dena esan beharra dago, halere, eta ebidentzia horrek ez dirudi oso sendoa. Agian ikerketa zehatz eta mehatz aztertu ezkero, erabilitako prozeduren berri gehiago izango genuke: baina artikulu honek horren laburpen hutsa dirudi, eta lau pajina eskasetan hainbat datu botatzen dira faltan: paziente eta terapeutak itsutu ote ziren; eskuekin egindako trakzioaren ezaugarriak… Neurketen berri zehatzagoa ematen da (tratamendu aurretiko eta osteko ebaluazioaren alderaketa, alegia) baita analisi estadistikoari buruzko datuak ere. Prozeduraren gainetik, ikerketak arazo handiak ditu planteamendu beretik hasita: ikertutako tratamenduak ez dira plazeboaren aurka neurtzen; horren ordez, A tratamendua (trakzio mekanikoa) eta B tratamendua (trakzio manuala) alderatzen dira, eta gauzak gehiago korapilatzeko, biak ez dira isolatuki ematen, baizik eta beste tratamenduekin batera (esku terapia eta ariketak, kasu bietan berdin); ikertutako terapiaren parametroak kontrolatzea gaitza bada, atera kontuak ekuazioan faktore gehiago sartzen baditugu…

Detaile bat aipatu beharra dago: artikuluan trakzio mekanikoaren parametroak zehaztean, gorputzaren pisuaren %25ko indarra aplikatu zela irakurriko duzue. Errorea da: gehiegi iritzita, Polo lankideak autoreei galdetu die, eta portzentai zuzena %10-15 izan zela erantzun diote.

Emaitzei begira, trakzio mekanikoa erabili zuen taldeak hobekuntza handiagoa lortu zuen esku-trakzioa erabili zuenak baino (autoreek trakzioaren indarraren uniformitateari egozten diote; nik tratamenduaren denbora ere azpimarratuko nuke, trakzio mekaniko saioena nabarmen luzeagoa izan baitzen); halere, esangura estatistikoa berdina izan zen talde bietan (estatistikaren misterioak).

Tira! Bada zerbait. Hurrengoan lankideren batekin diskutitzea suertatzen zaidanean heltzeko moduko datua, barrena!

Fisteus blogerako, 2016ko zezeillan 2xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*