Hidroterapiaren erabilgarritasunak
Hona beste artikulo bat; Angel Bidaurrazagak eta bixok prestautakua be, 2003 aldian egindako Hidroterapia jardunaldi háren kontura. Hau teknikuagua da, osasun profesionalei zuzenduta. Hónek puntuak ikutzen diraz:
- Tenperatura
- Mekanika
- Kimika
- Distantziako eragina
- Bainu totalen berezitasuna
- Gaisotasun bakoitzaren erantzun baskularra
- Erantzun patologikoak
- Kardiozirkulatorioa
- Arnas sistema
- Muskuloak
- Nerbio sistema bejetatiboa
- Liseri bideak
- Sabeleko guruinak
- Depurazio sistemak
- Eragin endokrino eta inmunitarioa
- Bestelako efektuak
- Gorputzaren erantzuna aldatzen duten faktoreak
- Ikuzketa
- Oihalezko estaldurak
- Txaplatak
- Jarioak
- Presiodun txorroak
- Murgilketa hotzak
- Murgilketa beroak
- Murgilketa hipertermikoak
- Ureztatze rektala
- Lurrinak
- Sauna
I-Uraren faktore eraginkorrak
Tenperatura
Orokorrean, azal sanoak ur hotzaren aurrean basokonstrikzio bat egiten du. Gero, basodilatazio erreaktibo bat egoten da. Zehatzago begiratuz:
- Ur hotza (18ºtatik behera): lehenengo zurbiltasuna eta hotz sentsazioa, gero gorritasuna eta bero sentsazio atsegina (ur beroarekin baino bizkor eta iraunkorragoa).
- Ur beroa (36-38º): fase bakarrean gorritasuna, bero sentsazio atsegina.
- Ur oso beroa (39ºtatik gora): hasieran zurbiltasuna eta “presio” sentsazio desatsegina; gero gorritasuna eta bero handia.
Mekanika
Urak berak dituen propietate mekanikoak:
- Presio hidrostatikoak odol itzulerari laguntzen dio, are gehiago ura hotza ba da (kardiopatekin kontuz).
- Ur barruan korputzaren pisua arintzen da (ariketak egiteko erreztasuna).
- Urak mugimenduak galerazten ditu (ariketa erresistituak).
- Bestelan eragindako estimulu mekanikoak (igurtziak, hidromasaia…) erantzun baskularrari laguntzen diote.
Kimika
Urak berez edo guk gehituta izan ditzazken elementu medizinalak azaletik eta biriketatik absorbitzen dira zati txiki baten, gero odolaren bitartez gorputz osoan zabalduz.
Distantziako eragina
Azalaren zona baten hidroterapia egitean, korputzeko beste ataletan ere erantzunak izaten dira eragin nerbioso erreflexuz. Adibidez, eskumako besoa ur beroarekin tratatu ezkero, ezkerreko besoak ere neurri baten erreakzionatuko digu; oin hotzak ur beroaz tratatu ezkero, gorputz osoan sentitzen da beroa.
Bainu totalen berezitasuna
Bainu totaletan barruko zainek (aurikula eta bentrikuloak, birikak, gibela eta zain handien hutsunea) eta zain periferikoek (azalekoak, muskuluenak, koronarioak, giltzurrunetakoak, eta bestelako erraietakoak) erantzun desberdina dute:
- Bainu osoa beroa bada: zain periferikoak zabaldu egiten dira. Barruko zainak estutu egiten dira presio arteriala mantentzeko.
- Bainu hotzetan zain periferikoak estutu egiten dira, eta barruko zainen basodilatazioa dago.
Argazkiak.org | Karraspijon Urtarrillian © cc-by-sa: txikillana
II-Gaisotasunaren aurreko jarrera
Pertsona osasuntsu baten arazorik izango ez badugu ere, gaisotasuna dagoenean gauza bi kontuan hartu beharko ditugu:
1- Gaisotasun bakoitzaren erantzun baskularra
Aurretik esandako aldagarri fisiko eta fisiologiko guztiak kontu haundiz erabiliko ditugu gaisoak jotako pertsonetan, hauen erantzuna desberdina delako.
Odol hodien erantzuteko ahalmena murriztuta ba dago (arterioesclerosis, diabetes, Buerger-Allen’en gaisotasuna…), bero gradualeko bainuak edo distantziako erantzunak aukeratuko ditugu bainu hotz zuzenen ordez.
2- Erantzun patologikoak
Odol hodi desberdinak erantzun patologiko desberdina daukate:
- Arterien portaera patolojikoa: ur hotz edo oso beroa jartzean, zurbiltasuna eta hotza agertzen da baina ez bigarren fase erreaktiboa. Nahikoa oxigeno ez heltzean, mina agertzen da gainera.
- Zainena: estankamendu zeinuak (urdintasuna, hotz sentsazioa).
- Kapilarrena: azalean zona zurbilak eta zona urdindu iraunkorrak (normalak dira lehenengo fase baten, baina gero gorritasuna etorri behar da).
III- Hidroterapiaren oinarriak
Ura erabiltzen duten terapiak ugariak dira. Hala ere, denak lau kontzepto hauetan laburbildu daitezke:
- Erantzuteko gaitasuna: pazientearen sistema kardiobaskularrak estimuloen aurrean duen erantzuteko gaitasunak ematen du tratamenduaren neurria.
- Beroketa: aplikazio hotzak egin baino lehen gorputza beroa egon behar da. Egin eta gero, atzera berotu behar da.
- Amaiera hotza: edozein tratamendu beroren amaieran, aplikazio hotz motz bat egongo da, termoregulazioa berrorekatzeko eta hoztutze deskontrolaturik (“destenplerik”) ez gertatzeko.
- Hotzaren aurreko adaptazioa: tratamendu egoki batekin, sei asteren buruan gorputzak hotzaren aurreko erantzuna aldatzeko kapaza da. Hau gauza hauetan igarriko da:
- Stress edo ariketa fisikoan, pultsoa eta presio arterial egonkorragoa.
- Azalaren eta hatzamar-behatzen batazbesteko tenperaturaren igoera.
- Hotz gutxiagoko sentsazioa.
- Aplikazio hotzen aurrean, erantzun bizkorragoa.
- Infekzioen aurrean, erresistentzia geihago.
- Zirkulazioaren eta psikearen moldatze hobea stress egoeren aurrean.
- Kapazidade fisikoaren hobetzea.
Irudixa: publispain |
IV-Efektuak
Hidroterapiaren efektu orokor nagusiak aipatuko ditugu. Pazientearen egoera aztertu eta gero erabakiko dugu zeintzuk eta zelan erabili.
Kardiozirkulatorioa
- Orokorrean, sistema kardiobaskularra entrenatzeko modu ezin hobea da.
- Bestalde hotzarekin bradikardia eta beroarekin takikardia eragingo dugu; bainu totalekin edota aplikazio hotzekin odolaren itzulera lagunduko dugu; presio arteriala igo edo jaitsi dezakegu.
Arnas sistema
- Bainu totalak haizea botatzeari laguntzen dio (asma, bronkiektasia, biriiketako enfisema…).
- Ur hotzak arnas geldi eta sakona eragiten du.
- Ur beroak, arnas bizkor eta superfiziala.
Muskuloak
- Aplikazio hotz eta motzak: muskulo estriatuen tonoa jaso, eta nerbio motorren exzitabilitatea areagotu.
- Bainu totalak, bai beroak bai hotzak: muskulo estriatuen tonoa jaitsi eta exzitabilitatea gutxitu.
- Muskulo lisoak, orokorrean: beroarekin tonoa jaisten da, eta hotzarekin igo.
Nerbio sistema bejetatiboa
- Ur hotz edo oso beroa: sinpatikotonia. Beroak: parasinpatikotonia.
- Tratamendu luzeetan gaisotasunei aurre egiteko gaitasuna hobetzen da.
- Bainu epel eta luzeak: sedazio psikologikoa, tono jaitsiera eta logurea.
- Organismoaren funtzionamendu orekatuak egoera psikologikoa hobetzen du.
Liseri bideak
- Egoera normalean bero lokala bizgarria da; larregiko peristaltismoa edo espasmoak dagozenean, baretu egiten ditu.
- Hotz lokalak: liseri bidea baretu egiten du.
Sabeleko guruinak
- Azalean ur hotza eta igurtziak aplikatuz sabel zukuaren sekrezioari laguntzen zaio, baita sabelaren gainean txaplata oso beroak jarri ezkero ere.
- Txaplata hotzekin aldiz, sekrezioa jaitsi egiten da.
Depurazio sistemak
- Orokorrean, korputzeko atal desberdinetan gordetako toxinak mobilizatu eta jaurti egiten dira. Giltzurrunen gainean konpresa oso beroak jarriz haien odoleztatzea hobetzen da, txiza geihago sortuz. Bainu orokor beroekin ere efektu bera lorzen dugu.
- Puxikaren gaineko bero lokalarekin esfinter lisoaren errelaxazioa lortzen dugu.
- Bainu hotz eta motzak gernu sistemaren bizgarri diren arren, ez dira hain interesgarriak.
Eragin endokrino eta inmunitarioa
- “Adaptazio sindromea” erantzun neuroendokrino tipikoa ematen da: hasieran, ACTH eta glukokortikoideen sekrezioa gehitzen da; leukozito guztiak ugaltzen dira, eosinofiloak ezik (hauek urritu); 17-zetosteroideen jaurtiketa kopurua igo egiten da; tejidoak erantzun linfohistiozitarioa erakusten dute…
- Kortikoideen sekrezioarekin, efektu hormonal antiinflamatorio bat izango dugu (batzutan interesatuko zaigu, bestetan ez –adibidez, inflamazioa agente patogenoen aurka erabiltzea interesatzen zaigunean-).
- Hidroterapiarekin hormonen sekrezioa orekatu egiten da, metabolismoaren erregulazio kapazidadearen mesedetan.
- Korputzaren defentsarako gaitasuna eta kanpoko aldaketen aurrean erantzuna hobetu egiten da.
Bestelako efektuak
- Lokalki inflamazioetan, dekubitoko ultzeren prebentzioan, erreuma artikular kronikoetan.
- Luzaroan oheratutako pazienteetan, bizgarria.
Gorputzaren erantzuna aldatzen duten faktoreak
Goian aipatutako efektuak desberdinak izango dira faktore batzu dirala medio:
- Pazientearen gorpuzkera: piknikoak (erantzun bizkorra; tratamendu gogorrenak jasateko gaitasuna), astenikoak (erantzun nekezagoa; bainu hotzak ez dituzte ondo jasaten), atletikoak (itxuren kontra, askotan tenperatura extremoak ez dituzte ondo jasaten).
- Gaitzaren kronizidadea: fase agudoetan, tratamendu indartsuagoa (ur hotza), kronikoetan beroa edo alternantzia, konbalezentzian beroa. Sukarra etorri aurretiko fasean (hotzikarak) beroa, sukarrari etortzen laguntzeko.
- Egunen eta urtearen ritmoak: goizaldean (parasinpatikotonia) tratamendu estimulanteenak erabiliko doguz, arratsalderako (simpatikotonia) leunenak lagata. Udaberrian, korputzak erreakzio kapazidade haundiagoa dauka. Ikerketen arabera, pazienteen krisi reaktiboak tratamenduaren 4º, 7º, 14º eta 21ºgarren egunetan izan ohi dira.
- Estimuloaren indarra: elementu batzu erabiliz neurtuko duguna. Uraren tenperatura (zenbat eta puntu indiferentetik urrunago, estimulo gogorrago eta erreakzio indartsuagoa), aplikazioaren iraupena (zenbat eta luzeagoa, estimulo gogorragoa), aplikazioaren hedapena (zenbat eta azal eremu zabalagoa, gogorrago), agente mekanikoen laguntza (hauekin, estimuloa gogortzen da).
- Aplikazioen frekuentzia: saioen artean, korputzaren erantzuteko gaitasuna berreskuratzeko geldialdi bat egitea komeni da. Estimulo gogorrak, astean birritan edo hirutan baino geihago ez. Ertain edo leunak, 4 orduko atsedeneko tartearekin.
- Adina: zahartzarora, korputzak geihago eskatzen ditu aplikazio beroak hotzak baino. Zaharrak gazteak baino estimulo leunagoak eta luzeagoak behar dute (azalaren odoleztatze eskasagoa). Umeak ere, estimulo leunagoak eta motzagoak behar dute (sensibilidade haundiagoa).
Irudixa: Dolce far Niente |
V- Teknikak
Esaten denez, hidroterapia ona egiteko, nahikoa dira trapoa, kuboa, eta gomazko tutua. Oinarrizko teknikak ez dira asko: bainuetxeetako aplikazio ugari eta koloretsu gehienak funtsezko teknika hauen bariazioak baino ez dira.
Ikuzketa
Trapu latz bat ur hotzez (12-18º) edo epelez (20-25º) busti eta lauskituta, gorputza ikuzteko erabiliko dugu.
Atalka edo orokorrean, norbere buruari nahiz inork norberari eginda, hidroterapia leunki emateko bide oso egokia da.
Oihalezko estaldurak
Ehunezko hiru oihalez batuko dugu korputza: barrutik, kirruzko oihal lodi bat (busti, lehor, hotz edo beroa); Gainean beste meheago bat (kanpokoa ez busti edo zikintzeko); guztia batzen artile edo franelazko manta bat.
Behin ipini eta gero, ohean ondo tapatua sartuko da pazientea. Amaitzerakoan kendu eta ur hotzaz ikuziko diogu korputza, gero lehortuz.
Estaldura hotzak beroa kentzeko, beroa emateko eta izerdi egiteko erabili ditzakegu, bustidura eta tenperaturarekin jokatuz. Estaldura beroak berriz, beroa emateko bakarrik; hala ere ez dira asko erabiltzen, helburu hau duten beste bide hobeak daudenez.
Txaplatak
Azal gainean jartzen dira uraren efektu termiko hutsaz edo sustantzia desberdinen propietateez baliatuz. Era desberdinetan izendatu ditzazkegu:
- Konpresak: tolestutako kirruzko oihala (normalean urez edo sustantzia medizinalen batez bustita), gainetik beste kirruzko oihal siku bat duela, eta guztia batzen lanazko oihala. Estaldurena baino eragin leunagoa du.
- Lokatzak, buztinak: oihal baten gainean kapa bat, gainetik beste oihal batez estalita. Azaleko lipido eta korputzeko toxinengan efektu erakargarri handia.
- Ligatutako esnea (gatzatoa, gazta freskoa, rekesoia…): lokatzen antzerako erabilpena eta helburuak.
- Belartzimelezko sakua: ur lurrinez busti eta berotuta, korputzaren gainean jartzen da gainetik estaldura batekin. Eragin aipagarriena beroak dakar.
- Patata egosi eta zanpatuez egindako edo belar medizinalez betetako zakutxoa: helburu berdinekin, belar bakoitzak bere propiedadeak gehituko detzalarik.
Jarioak
Presio gutxiko ur jario uniformea. Distal aldetik proximalera, erantzun baskularra agertu arte isuriko dugu.
Isuriak hotzak edo alternanteak, atalka edo gorputz osokoak izan daitezke.
Presiodun txorroak
Instalakuntza berezietan, pazientea artez, 1-3 atmosferazko presiodun ur beroagaz. Geihenbat lepoko minetarako, eragin termiko eta mekanikoengaitik.
Murgilketa hotzak
Kanpoko tenperatura beroa behar du (20º), eta urarena 15-18º. Murgilketa geldia izango da. Atalka egin daitezke, eta “totalak” deritzaienak korputz erdikoak izaten dira.
Murgilketa beroak
Bainu beroak erabiltzeko 3 era daude:
- Murgilketa bero hutsak: hotzak jasanezinezkoak diren kasuetan.
- Txanda hotz eta berotako murgilketak: partzialak bakarrik; odoleztatze sistemaren gimnasia gogorrena suposatzen dute.
- Goruntz doan tenperaturako murgilketak: zainak funzionatu ezean aukeratuko ditugu.
Hirurak, azkenean aplikazio hotz batez bukatzen dira.
Murgilketa hipertermikoak
Sukar artifiziala sortzea dute helburu, inmunitate sistemaren eraginkortasuna hobetuz. Aipamen berezi bat egingo dugu, askotan oker jokatzen bait dugu gure ahaleginak sukarra jaistera bideratuz. Sukarra kontrolatzeko gai ba gara (jaitsi, igo, sortu), arma oso indartsu bat izango dugu.
Bainu hipertermikoak goruntz doan tenperaturako murgilketen erabilpen berezia dira. Ur aska hanndi baten, pazientea guztiz sartzen da uretan, aurpegia bakarrik kanpoan duela. Ura hasieran 35-36ºtan dago. Minutuko, 1ºC jasoko dogu, 40-42ºtaraino heldu arte. Hola, 20 minututik gora egon behar da, 3 faktore kontrolpean mantenduz: uraren eta korputzaren tenperatura eta pultsua.
Zirkulazio sistema ondo egon ezkero, 40ºtan 120-140 taupada/minututik ez da pasatu behar; hala gertatuko balitz (baita ahulezia, zianosi, urduritasuna agertu ezkero), ur hotza isuriz tenperatura jaitsiko genuke.
Bainua 37º ingurura jatsiz bukatzen da; lehortu eta gero ohera sartzen dugu pazientea, estaldura lehor batekin ondo tapatuta (hipertermia mantentzeko eta izerdi egiteko). Bukatzeko, ur hotzarekin gorputz guztia ikuziko dugu.
Indikazioak: orokorrean inmunodefizientzien aurrean erabiliko ditugu (bainuak leukozito, aglutinina eta opsonina kopurua jasotzen dute). Tenperaturaren arabera, 38,5ºtara erreuma artikular eta muskularrak (rakialgiak, Bechterew…) tratatuko ditugu, 41ºtara SNCko arazoak (poliomielitis, ELA, tabes dorsal, lues cerebroespinal…), 40-42ºtara minbiziak (zelula normalak 48ºtararteko tenperaturak jasan ditzazketen arren, zelula tumoralak 40-42º inguruan ordu betez mantendu ezkero hil egiten dira –esan behar da teoria batzuk ikuspegi honen aurka daudela, sortzen den hiperemiak metastasia errazten duelakoan-).
Kontraindikazioak: insufizientzia kardiozirkulatorioa, arterioesclerosis.
Ureztatze rektala
Penagarria da gaur egunean osasun munduan tratamendu hau zeharo ahaztuta egotea, lotsa inozoak direla medio. Arazo askori aurre egiteko kapaza da sistema sinple eta merke hau, eta etxe guztietako botikinetan egon beharko litzateke. Baina osasun profesionalak ere lotsatu egiten bagara paziente bat biluzik ikustean, eta euren kaka eta txiza ukitzeak ere higuina ematen badigu… zelan aginduko ditugu bada labatibak!
Labatiba altura baten eskegitako litro bat ur inguruko poltsa bat da, gomazko tutu batekin, kanula bat puntan duela. Enemak gomazko “madari” batekin egiten dira (kantitate txikiagoaz). Pazientea eskuineko dekubito lateralean jartzen da (kolon beherakaria goian, halan kolon zeharkaritik ura angulo hepatikoraino jaisteko), posizio fetalean. Norbere buruari egin nahi izan ezkero, kuklilletan da posturarik onena.
Uraren sarketa geldiro izango da, eta ura barruan ordu laurden inguru mantendu eta gero, komunean eseri eta jaurtiko dugu.
Gehigarriak ipini ditzakegu uretan: gatza (ura fisiologikoagoa egiteko), kamamila (antiespasmodikoa), jaboia (peristaltismoa bizteko), olioa (sarritan egindako aplikazioak mukosa ez larregi sikatzeko), olio hutsezko labatiba (kaka oso gogorrak biguntzeko, fisura anala ba dago batez ere).
Indikazioak: idorreria (heste atoniarengaitik ba da, ur hotzez; arazo espasmodikoetan, ur beroa), apendizitisa edo bestelako liseri aparatukoinflamazioak (hestea kakez hustutzean, inflamazioa jaitsi egiten da, batzutan operazioaren premia ere pasatuz; saiatzeak merezi du), prozesu infekzioso orokorrak (sukarraren hasieran ur beroz termorregulazio arazoak –hotzikarak- gainditzeko), min menstrualak, besikula, uretel eta puxiga espasmoak, odoluzkiak, buruko kongestioak (heste lodiaren husketa bizkorragaz, odola hesteetara doa, sintomak hobetuz), insomnioa.
Kontraindikazioak: oso beroak edota gehigarri irritantedunak efektu abortiboa euki dezakete haurdunaldiaren lehenengo hiletan.
Lurrinak
Korputzeko partea ur beroz betetako lapiko tapatu baten gainean jartzen da. Toalla batez estaltzen dugu, eta haren gainean artilezko manta batekin berrestaltzen da. Lapikoa kontuz destapatu (ez erretzeko) eta 10-15 minutuz egongo da. Amaitutakoan, ohean sartu eta izerdi egiten jarraitu. Azkenik, igurtzi hotzekin amaitu.
Buruan (arnas arazoak, sinusitis, otitis, laringitis), oinetan (katarroak, buruko kongestioak, tokian tokiko erreumatismoak, oinetako hiperhidrosia), pelvisean (ezin denean beste era baten egin).
Bainu turko edo errusiarrak lurrinez saturatutako gela bat dira, 45 bat gradutara.
Sauna
Ondo egindako sauna bat hauxe da: haize berozko bainu bat, lantzean behingo lurrin “kolpe” motzekin, eta ur hotzeko aplikazioekin alternatuz.
Sartu aurretik, dutxa bero bat hartu (ez sartu hotzak ba gaude, tentsioa igotzeko arriskua dago eta). Ondo lehortu eta gero, sartu; komeni zaigun alturan etzan (korputz guztia tenperatura berdinean egon dedin); 10-15 minuto egon; irten, eta aplikazio hotza hartu. Azalaren erantzun gaitasunaren arabera erabakiko dugu aplikazio hotz honen indarra (aire librean biluzik ibili, presio gutxidun.ur jario hotza, dutxa hotz bat; murgilketa hotza). Lehortu, jantzi eta atseden hartu 15-30 minutuz.
Prozedura hau pare bat bider geihago errepikatu dezakegun arren, efektu depuratibo geihena lehenengo ekitaldian jasoko dugu.
Saunaren onurak ez datoz bakarrik izerdiaren bitarteko garbiketarengaitik; teknika prebentibo oso gomendagarria da gainera ia kontraindikaziorik ez edukitzeagaitik eta komunikazioaren pizgarri izateagaitik. Bere eraginaren oinarriak hauek dira:
- Hipertermia leuna (azaleko tenperatura 41ºtara heltzen ba da ere, korputz barrukoa 38,5ºtik ez da pasatzen).
- Sistema kardiozirkulatorioaren ariketa, atzetik dakartzan onura guztiekin.
- Bronkodilatazioa, mukosa bronkialaren odoleztatze hobea.
- Izerdiaren birtarteko iraizketa: gatzak, nitrogeno deribatuak, bestelako toxikoak (metal pisudunak, partikula radioaktiboak…).
- Muskulatura liso eta estriatuaren erlaxapena.
- SN Vegetativoa: saunaren barruan simpatikotonia; hartu eta gero vagotonia.
Kontraindikazio erlatiboak:
- Diabetean.
- Begietako arazoetan.
- Hipertentsioan, hipotentsioan, barizetan, flebitisetan.
- Giltzurrunetako hondarra dagoenean
- Umeetan.
Erabateko kontraindikazioak:
- Erraietako arazo infekzioso edo inflamatorio grabeak.
- Epilepsia aldiak.
- Gainditu gabeko hipertiroidismoa.
- Kanzerra: hipertermia batez ere azalean geratzean, zelula tumoral sakonetara ez gara helduko (hobe bainuak).
- Bihotz insufizientzia desorekatua, kardiopatia inflamatorioa, miokardio infarto batetik 5 hile pasatu ez ba dira.
- Arterioesklerosi larria, edemak, anemiak.
- Biriketako tuberkulosis batetik 3 hile igaro ez ba dira.
- Giltzurrun insufizientzietan.
VI-Bibliografia
- F. Viñas. Hidroterapia, la curación por el agua. Ed. Integral, Barcelona.
- S. Kneipp. Metodo de hidroterapia, Ed. Maxtor, Valladolid.
Deja un comentario.