Zein da normala hemen?

112408_an_thumb_chairs.jpg
Irudixa: apartment therapy
Orain dela gutxi irakurle batek bere kezka azaldu dit: espetxe erregimena dela eta ordu askoan egon behar izaten da eserita, eta aulkian jartzeko postura zuzena ezin asmatuta ei dabil… Horrek abiapuntu bikaina ematen dit paziente asko arduratzen dituen «zuzentasunaz» aritzeko. Modu lasaigarrian aritu ere, nire ustez.

«Bizkarra zuzen al dut?». Galdera hori behin eta berriro entzuten dugu kontsultan, eta, bizkarrezurra ez denean, belaunak, oinak, aurpegia, burua edo sudurra izango dira pazientearen buruhaustea. Hasteko, esan dezagun «zuzentasuna» kontzeptu erlatiboa dela. Azken urteei begiratzea baino ez dago: orain dela 50 urte mainguak, herrenak, konkordunak eta betokerrak nonahi ikus zitezkeen eta gaur egunean kontsultan artatzen ditugun arazoetatik asko ez ziren arazotzat ere hartuko. Horrekin gaia testuinguru egokian kokatu nahi dut: gure bizitza kalitatea asko igo da, eta, beraz, lehen tratatzen ez ziren arazo txikiak konpontzeko aukera dugu, baina ez dezagun ahaztu gure aiton-amonen bizimodua eta ez gaitezen hainbeste kezkatu sorbalda bat bestea baino altutxoagoa badugu.

Pixka bat kezkatzea ondo dago, baina pertsona batzuk erakusten duten ardura larregikoa da. Beharbada inork ez die azaldu medikuntzan erabiltzen ditugun irudi anatomikoak neurri estandarren ereduak baino ez direla, gorputz oso desberdinen parametroen bataz bestekoak. Eta jakina, bere burua gorputz perfektu horiekin alderatzen duenak beti aurkituko ditu desberdintasunak; hori, baina, ez da anomalia bat. Paziente kezkatuak hori ulertu beharra du lehenik eta behin.

Hala ere, hori baino kezka handiagoa eragiten duen zerbait bada: eserita egoteko postura egokia zein den jakitea. Kezka hori erreala dela ikusteko, kontura gaitezen zenbat jende dagoen dirutza gastatzeko prest, ustezko postura egoki hori lortzen lagunduko ei dion burusia, koltxoia, aulkia edo bestelako gailua erosten. Baina sekretu pare bat esango dizut, irakurle.

Lehenengo sekretua: ez dago postura egokirik hiru ordu jarraian eserita, geldi eta min barik egoteko. Zuzentzat hartu ohi diren posturek (bizkarra zuzen, oin biak lurrean, lepoa tente…) 30 bat minutuko tarte baterako baino ez dute balio. Hortik aurrera, ez badugu atseden hartzen (jaiki, pixka bat mugitu…) bizkarra kargatu egingo zaigu.

Bigarren sekretua: txartzat hartzen diren posturak (bizkarra oker-oker eginda esertzea, eta abar) ez dira bereziki txarrak epe berean aldatzen badira.

Laburbilduta, postura guztiak (baita «egokienak» ere) txarrak bihurtzen dira luzaroan mantenduz gero. Eserita ordu askoan egon behar den pertsona ez da postura zuzen edo okerrekin kezkatu behar; horren ordez, nahikoa izango du tarteka atsedenak hartzea eta batez ere mugitzea, luzaketa batzuk eginda esate baterako. Hori errespetatzen badu, berdin du postura bihurrienetan badago ere: ez du bizkarreko minik ezagutuko. Albiste txarra da altzari ergonomikoen ekoizleendako; sentitzen dut, lagunak!

Azken urteetan nagusitzen ari den joera terapeutikoan ere zuzentasun kontzeptuak gero eta leku gutxiago du. Adibidez, bizkarrezur okerra duten pazienteetan bizkarra malgu mantentzea lehenesten da, kirola egitearekin eta posturaren gaineko kontzientzia izatearekin batera; lehen erabiltzen ziren bizkarra zuzentzeko teknikak kasu larrietarako bakarrik gorde dira. Berdin oin-gangaren kasuan ere: oin zapala edo hutsa izan, tratamendu gogorrak osasun arazo larrietan baino ez dira erabiltzen eta gainontzekoetan fisioterapia, kirola, postura eta podologia teknika leunak nahikoa izaten dira gorputza martxan eta minik gabe mantentzeko.

Gaur8rako, 2011ko Urriaren 07a

1 Comentario en Zein da normala hemen?

  1. Ni bizkarreko arazuekin ibili naiz, eta azkenian arrebiak ekarritako silla batekin nabil orain eta fenomeno. Egixa esan, ez naban oso klaru ikusten zergatikan ondo funtzionatzen zestan silla honek, baina orain zure artikuluakin argi ikusi dot. Silla kulunkaria da, eta beraz, etengabe nago posturaz aldatzen, aurrera, atzera, hankak luzatu, bildu, ipurdia aurreratu, atzeratu, bizkarra zuzendu, okertu… Ofizina jarri eta 3-4 ordu altxatu gabe egoteko ohitura txarra daukat, baina silla kulunkari honekin geldi-geldi ez dago egoterik, eta seguramente horri esker azken urtebetean nere bizkarra ez da kejatu.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Oreka heriotza da | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*