Dopatze librearen alde

Rollerball pelikulian fotogramia, 1975.
Aste batzuk dira kirola eta dopinaren eztabaida periodikoa agertu dela; baita laster batean ahaztuta geratu ere, ohiko legez. Ipar Ameriketako esaera ezagunak dioenez, «espektakuluak jarraitu behar baitu». Jendea zirku sarrera garestiak erosteko irrikan dagoenean, nori ardura dio gladiadoreen osasunak? Gizakiaren muga naturalak aspaldi gainditu dira, eta banako supergizakiak kenduta, beste kirolari profesional guztiak pertsona normalak ditugu. Markak hobetzea ia ezinezkoa denez, kirolarien errendimendua hobetzea giza-ingeniaritza kontua bihurtu da, osasuna bigarren mailara pasatuta.

Puntu honetan, osasun profesional guztiok argi dugun bereizketa gogoratu behar dugu: kirola osasunerako ona dela diogunean, ez baikara kirol profesionalaz ari. Argi eta garbi esan behar da: maila altuko kirolean gorputzarekin egiten diren gehiegikeriak (legalak ere bai) osasunaren kalterako dira.

Kirolariaren errendimendua hobetzeko hainbat teknika erabiltzen dira eta, duda barik, farmakoek paper garrantzitsua betetzen dute. Izan elikadura gehigarri modura, izan metabolismoa artifizialki hobetzen duten gaiak, maila altuko kirolariek produktu asko erabiltzen dituzte, eta legala zer den eta zer ez denaren arteko muga lausoa eta aldakorra da. Izan ere, dopinaren definizioa bera da arbitrarioa: Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren arabera «errendimendu fisikoa hobetzeko gorputzarentzat arrotz diren substantziak hartzea, edo arrotz ez direnak ezohiko metodoz hartzea». Ikusten duzuen legez, hemen edozer sartu daiteke. Arazoa gehiago korapilatze aldera, kirol elkarte bakoitzak substantzia debekatuen zerrenda desberdinak manejatzen ditu eta beraz diziplina batean dopin kontsideratzen dena, beste batean ez.

Baina datu tekniko farmakologikoekin ez ginateke galdu behar; arazoa dopina zer den eta zer ez den baino sakontxoagoa baita. Auzia filosofikoa da, batez ere. Maila altuko konpetizioan aspaldi ahaztu dira kirolaren balio klasikoak (talde lana, joko sanoa, ongizatea…) eta espektakulua eta negozioa lehenetsi dira. Horregatik, ezinezkoa da kirol mota biendako balekoak diren arauak egitea; idia eta ahuntza uztartzen saiatzea bezain zentzugabea.

Horren ordez, afizionatuen kirola (osasuna) eta profesionala (espektakulua) banatzea proposatuko nuke. Lehenengoa kirol eredu klasikoaren gordelekua bihurtuko litzateke, eta munduko errekorren presiorik egongo ez litzatekeenez (esandako legez, gizakiak gaina jo baitu) dopatzeak berez galduko luke zentzua.

Profesionalen kasua, ostera, orain darabilgun bidearen jarraipen naturala izango litzateke: espektakulua izango luke helburu, markak hobetzea, alegia. Osasunaren kaltetan izango litzateke, jakina (orain bezalaxe), baina kirolari asko daude diru truke hori eta gehiago egiteko prest. Giza-ingeniaritza eta gehigarri kimikoen erabilpen librearen eremua izango litzateke, eta ziur egon ikusle ugariko ikuskizuna izango litzatekeela, eta beraz dirutza mugituko lukeela. Tarteka kirolariren bat hiltzen dela, bihotzekoak, minbiziak edo intoxikazioak jota? Espektakuluak ez luke asko galduko horrekin (kontrara, zuzenean gertatuz gero).

Inmorala iruditzen al zaizue esaten ari naizen hau? Gaur egunean arruntak diren prozedura asko ere ez dira hobeak. Esate baterako: min hartuta dagoen kirolari bat anestesiatzea, partida amaitu ahal izateko; edo lesio baten osatze prozesu naturala errespetatu gabe, kirolaria komeni dena baino lehenago bidaltzea jokozelaira.

Nor gara gu, bada, gibela foie gras bihurtu nahi duenari ezetz esateko?

Gaur8rako, 2011ko Urtarrilaren 20a.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Nire kirol idoloak | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*