Tenislari ukalondoa

Irudixa: superpadel
Ez despistatu, gaurko artikulua ez baitoa zuriz jantzitako erraketadunei bakarrik zuzendua. Izan ere, edozein esku-beharginek daki zertaz ari garen izenburu honekin: berak sufritu ez badu, seguru ondoan ukalondoko min izorrante honek jotako lagunen bat izan duela. Ezagut dezagun min honi buruz gehiago, hori baita osatzeko lehenengo pausua (eta, ahal bada, arazoari agertarazteko aukera bera ere kentzeko).

Esku-beharretan, batez ere industrian, asko dira lan estereotipatuak: berez esfortzu askorik eskatzen ez duten mugimendu txikiak, beti berdinak, egunaren buruan ehunka edo milaka bider egin ditzakegunak… Demagun gure beharra piezak hartu eta paketatzea dela. Piezak etorri ahala hartu, kaxan sartu, zinta itsaskorrez zigilatu eta kaxa osoa beste leku batean ipini. Minutuko sei pieza paketatzen ditugu, orduro 360… Azkenerako, egunaren buruan, 2.500 bat bider errepikatuko ditugu mugimenduok. Pieza oratu, buelta eman, ukondoa kizkurtu, zigilagailuaren katua sakatu; hori guztia behin eta berriro. Gehien erabiliko ditugun muskuluak honakoak dira: flexor eta extensor digitorum, supinator brevis eta biceps cubiti. Azken hori muskulu indartsua da, denbora luzean esfortzu handiak egiteko prest dagoena; beste biak, aldiz, mehe eta ahulak dira bere aldean. Mota honetako muskulu asko daude gorputzean: mugimendu globaletan parte hartzen dute beren paper txikia beteaz, baina ariketa selektibo eta errepikatuak haien gainkarga ekartzen dute, lesioei ateak zabalduz.

Mugimendu globalak diogu, bai: izan ere, gorputza berariaz dago prestatua denetik egiteko. Sutegi, baso edo harrobiko lana oso gogorra izan daiteke, baina, karga muskulu eta giltzadura guztien artean banatzen denez, beharginok nekez izaten dute tendinitis arazorik. Beharbada lantzean behin hezurren bat hausten zaie, edo giltzaduraren bat trokatzen zaie, baina, aldiz, tenislari ukalondoa bezalako lesioak oso gutxitan izaten dituzte; horiek lanpostuan geldi-geldi izan eta mugimendu txiki errepikatuak egiten dituztenen aje ia esklusiboa dira.

Ikus dezagun gainkarga jasaten duen muskuluari gertatzen zaiona. Muskulua milioika mikrozuntzek osatzen dute, kizkurtzeko ahalmena duten zelula bereziek. Mikrozuntz horiek multzoka antolatuta daude, eta multzoak ere taldekatuta daude aponeurosi izeneko mintzez bilduta, soka lodien egituren pareko. Ahal duena baino esfortzu handiagoa eragiten zaionean, bai muskuluan bai sokan, zuntzen haustura gertatzen da. Kopurua ez da handia izaten, ehun edo berrehun baino ez beharbada; baina zer da hori milioika zuntz ditugunean? Gainera, gorputzak, neurri baten, haustura txiki horiek gertatu ahala konpontzeko ahalmena du, igarri ere egin barik. Arazoa esfortzu bera behin eta berriro egin eta mikrohaustura kopurua gorputzak sendatu ahal duena baino handiagoa denean hasten da: egunak joan eta egunak etorri, muskulu edo soka horretan milaka eta milaka zuntz faltako zaizkigun unea helduko da, baita bere funtzioa oztopatzeraino ere. Kanpotik begiratuta, askotan ez da ezer arrarorik ikusiko, baina, aldiz, muskuluak ezingo du bere funtzioa ondo bete, eta sintomak hasiko dira: berotasuna, mina, hantura… Tendinitisa gurekin dugu dagoeneko, eta, batez ere, arazoa eragin duen mugimendu errepikatua egitean igarriko dugu.

Arazoa konpontzerako orduan, garrantzitsua izango da ukalondoari atseden ematea. Horrez gain, terapia fisikoen helburua hantura jaistea, mina baretzea eta ukalondoaren inguruan izaten diren tentsioak orekatzea izango da. Mina denbora gutxi dela agertu bada, hori nahikoa izango dugu arazoa gainditzeko; mina aspaldiko kontua bada, ordea, ezingo ditugu botikak edota kirurgia baztertu. Eta behin mina kentzea lortzen dugunean, ez dugu ahaztu behar gure bizitzan kirol pixka bat sartzeak duen garrantzia, lanpostuan pilatzen dugun tentsioa tarteka askatzeko balioko baitigu.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*