Zerbikaletako zartakoa
Sintomarik arruntena mugitzeko ezintasuna izaten da: kasu arinenetan molestiaren bat baino ez da, baina larriagoetan muskuluen gogortasunak lepoko mugimenduak zeharo ezaba ditzake, pazientea momia egiptoarren moduan lagata. Horrez gain, sintoma begetatiboak (zorabioak, buruko minak, botagura, oreka galtzea…) ere ohikoak izaten dira orno zerbikalen aurrean kokatuta dauden nerbio gongoil begetatiboen eraginez.
Zerbikaletako zartako bat, funtsean, kokoteko ligamendu txikien bihurritu masiboa da, non ornoen egonkortasuna kolokan geratzen den. Egoera arriskutsu horretaz jabetu bezain laster garunak alarma isiotzen du, lepoko muskulu guztiei gogortzeko agindua bidaliz eta bizkarrezurra inmobilizatuz. Hori zergatik gertatzen den ulertzeko, kontuan har dezagun bizkarraren erditik organo garrantzitsua igarotzen dela: ornomuina. Nerbio sistemaren egitura delikatu hori garunaren eta gorputz atal gehienen arteko lotura nagusia da, eta, ornoek, kili-kolo daudenean, ornomuina zizaila baten antzera ebaki dezakete; ondorioa tetraplegia izaten da. Hori jakinik hobeto uler dezakegu kokoteko gogortasun madarikatu hori, azken finean, ez dela hain txarra ere. Hori jakinik, era berean, aipatutako fasean dauden pazienteek hobeto eraman ahal izango dute estualdia; bide batez, naturari berari ere eskerrak emateko moduan izango dira hain jakintsua izateagatik.
Deskribatutako lehen fase honetan dauden pazienteen artean desesperazioa izaten da nagusi, fisioterapia saioen ostean hobeto sentitzen badira ere, biharamunean atzera Tutankamon balira legez iratzartzen baitira. Eta, egunak joan egunak etorri, beraien egoera ez da ia aldatu ere egiten! Lanera bueltatu nahi dute, eguneroko bizimoduaren haria hartu, baina… gorputzak ez ditu arrazoiok ulertzen, eta kokotea harria legeztxe mantentzen da gupidagabe. Zenbat eta presa gehiago izan, gainera, orduan eta txartoago aurkitu ohi dira. Beraz, horrelako egoera batean egonez gero, lasaitzea baino beste irtenbiderik ez zaigu geratzen.
Lehenengo fasean terapia fisikoaren helburua ez da izango lepoa mugiaraztea; izan ere, esandako moduan, gorputzak ez digu lagako. Hortaz, helburua ligamenduen sendatze prozesuak irauten duen artean gainontzeko molestiak arintzea izango da. Beste modu batera esanda: lepoa gogortuta izango dugu ezinbestean, hori ezingo dugu aldatu, baina, gutxienez, mina, zorabioak, oreka falta…kontrolpean mantendu ahal izango ditugu, lepoak sendatzeko behar duen atseden denbora horretan ahal den gutxien sufritzeko.
Fase akutuaren iraupena oso aldakorra da, jasotako lesioaren graduaren arabera: kasu arinenetan asteak iraun ditzake, eta, larrienetan, hileak. Atsedenez -eta, batez ere, pazientziaz- lagunduta, ligamenduen orbaintze prozesuak aurrera egingo duen unea helduko da, eta orduan -ez lehenago- emango du gorputzak muskuluen corset naturala askatzeko agindua. Fisioterapia baliatuta gorputza berraztertzeko ordua izango da, muskuluak erlaxatzean panorama berria aurkituko baitugu. Gainera, zerbikaletako zartakoek lehenengo fasean bilakaera nahiko estandarra izaten badute ere, hortik aurrera izaten diren arazoak asko aldatzen dira pertsonatik pertsonara. Hori dela eta, terapia fisikoa paziente bakoitzaren neurrira egin beharko dugu ahal denik eta ondorio gutxien gera daitezen.
Gaur8rako, 2010ko Urriaren 29a
(gai bera, sei minututako bideo baten azalduta)
Deja un comentario.