Heriotzaren begiak

Irudixa: Misceláneas de Miss Antropía
Heriotza gai madarikatua da guztiz, bai behintzat beti gazte izan nahi duen gizarte itsu honetan. Zimurtzea ez baita fashion, eta batzuk ezikusia egitearekin konpontzen dute arazoa. «Arduratuko naiz bihar», diote koitaduek. Horiek dira kolpe gogorrena hartuko dutenak, gehienetan gurasoren bat hiltzerako orduan; hori zortea badute noski, izaten da-eta galera traumatikoagorik.

Gure lanbidean, zorionez, heriotzarekin harreman naturala dugu; eta ez bilatu esaldi horretan umore beltzaren arrastorik. Zaharrekin lan egiten dugu guk, eta badakigu gaur irribarrez laga dugun agure jator hori bihar hilda aurki dezakegula bere gelan; eta bihar ez bada etzi, eta etzi ez bada etzidamu. Frakasatuak sentitzen ote gara horregatik? Ez. Beste paziente mota batekin lan egitean darabilgun txantiloia aldatu behar izaten dugu, hori bai: besteekin helburua gero eta hobeto egotea bada ere, zaharrekin ez da horrela izaten. Pertsona nagusiaren berezko bilakaera da gero eta ahulago egotea. Aldatz behera hori ahal denik eta leunena eta luzeena bihurtzea izango da gure lana, baina maldaren amaieran beti egongo da heriotza.

Osasunaren profesional gazte guztiak hartzen dute disgustu handia paziente bat hiltzen zaien lehen aldian; beharbada baita bigarrenean eta hirugarrenean ere. Baina lan honetan jarraitu nahi duenak ezin du behea jo hau gertatzen zaion bakoitzean; oraindik gehiago geriatriaren munduan. Horregatik, ibilbide profesionalaren hasieran beti argitu behar izaten den auzia da hau. Pazientearen lagun bihurtzea joera naturala da askotan: bere hobekuntzekin poztu, txarraldiekin tristatu… eta heriotzarekin dolutu. Modu horretan lan egiten duenak ez du asko iraungo osasungintzan. Profesionalaren beste aukera bat, harresi gogorra eraikitzea izan daiteke: pazienteari gertatzen zaionak ez alaitasunik ez kezkarik ez sortzea alegia. Baina hori ez da gure laguntza inori emateko jarrerarik egokiena, ez al duzue uste? Zer egin orduan? Gauza guztietan legez, erantzuna erdibidean aurkituko dugu: gizakiekin tratuan aritzen garenoi esperientziak erakusten digu hurbiltasun eta distantziaren nahasketa egokia egiten, aurrean dugun gizakiaren arabera moldatu behar izaten dena.

Heriotzatik hurbil dauden pazienteen kasuan, gaia aurretiaz landuta izatea bereziki garrantzitsua da. Nire aldetik, hurrengoa esango dizuet: halako pertsonei laguntzeak bizitzaren balioa eta edertasuna inoiz baino gehiago estimatzen irakatsi dit.

Bestalde, heriotzaren aurrean jarrera natural eta dramatismorik bakoa mantentzeak lana hobeto egitea ahalbidetu dit; pazienteari lasaitasuna ematen zaio horrela, eta hori oso lagungarria gertatzen da bizitzaren momentu larri honetako beldurrei aurre egiteko. Osasunaren profesionalak garen aldetik, gainera, laguntzeko dugun ahalmena biderkatu egingo da: azken momentu hauek errespetuz, maitasunez, eta, zergatik ez, alaitasunez, bizitzen baditugu, gure konpainiaren berotasunak heriotzaren bakardade handia arinduko du. Ez da gutxi.

Gaixoaren azken uneetan, senide eta lagun batzuk ihes egin nahi izaten diote bere ondoan egoteari; «oso txarto pasatzen dut» edo «ez dakit zer egin» bezalako esaldiak entzutera ohituta gaude.

Hori bai barregarria: ahaztu egiten zaigu nor ari den benetan txarto pasatzen, eta ez dagoela ezer egin beharrik, eskutik heldu eta isilik egoteaz aparte. Egoera horretan ez ginateke gure beldurrez hainbeste arduratu beharko, horiek ez baitira garrantzitsuena; garrantzitsuena hiltzera doanari gure berotasuna transmititzea da, lo egin nahi duen umeari transmititzen diogun modura. Izango duzue aukerarik; frogatu hurrengoan.

Gaur8n 2009ko Jorraillian argitaratutako artikulua.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Esperientzia txarretatik ikasten | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*