Gehiegi garbitzearen paradoxa

Irudixa: Izaro Mariezkurrena

Ainhoa Mariezkurrena Etxabek (AKA Xorgin Pirulin) ARGIA aldizkariko 2.612 zenbakixan argitaratutako artikulua. Itxuraz gure hau interesgarrixa begittandu jakon, eta horri buruzko elkarrizketatxo bat izan genduan.

*************************

Higienea
Gehiegi garbitzearen paradoxa

Gorputza garbitzea ez da beti osasun kontua, ezta osasungarria ere. Egunean behin edo sarriago egitea da gaur egun normalena. Ohitura kultural hau, baina, batzuetan kaltegarria gerta liteke azalarentzat.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2018ko irailaren 16a

Fisioterapeuta ofizioz, oro har osasunarekin lotutako gai guztiekiko agertzen du jakin-mina Oier Gorosabel Larrañagak. Higieneaz hitz egiteko bildu gara oraingoan berarekin. Garbitasunaren testuinguru kultural eta historikoa azaltzeko, atzera egin du denboran, greziar eta erromatarren garaiko bainu-etxeetatik hasi eta gaur egungo “hipergarbitasunaz” mintzatzera heltzeko: “Egungo garbitasun eredua XIX. mendetik dator, Europan osasun arloan eman zen iraultzatik, hain zuzen. Izurriteei aurre egiteko higiene publikoa bultzatu zen eta osasun maila izugarri igo zen”. Iraultza horrek gaur normalak diren ur korrontea, komunak, antiseptikoak eta zabor-bilketa lortu zituen, besteak beste. Hala ere, azken urteetan gero eta gehiago garbitzen gara eta horrek osasunari kalte egin diezaioke, hainbat adituren hitzetan. Hortxe paradoxa.

Garbia eta zikina kontzeptuak erlatiboak dira, beraz: “Erromatarren garaian ez zen xaboirik erabiltzen. Azala olio eta hondarrez eginiko nahastearekin igurtzen zuten eta ondoren strigilis izeneko igitai antzeko batekin kendu. Egun, zikintzat hartuko genuke hori”, dio Gorosabelek. 1850. urte inguruan, gaixotzean edo ezkondu aurretik soilik bainatzea zen ohitura. 1900 aldera urtean behin egiten zuten europarrek, “baita aberatsek ere”. Eta urrutira joan gabe, 1980ko hamarkadan normalena astean behin dutxatzea zen. Gaur, ordea, egunero behin edo gehiagotan egitea da ohikoena.

Xaboia da kaltegarriena

Xaboiak gure amonaren bizimodua irauli zuen. Euskal Herrian 1900. urte inguruan azaldu zen eta lixibaren ordezkoa izan zen. Diru pixka bat zuenak xaboia erosten zuen eta garbitoki modernoetara joaten zen arropa garbitzera”. Azalpen horri tiraka, Gorosabelek esan digu xaboia ez dugula neurrian erabiltzen. Egunero dutxatzeak ez, egunero xaboia erabiltzeak ekar ditzake arazo nagusienak; azala babesik gabe utzi eta zenbait gaixotasuni ateak zabaltzea, esaterako.

Bereziki bi arazo sor ditzake horrek. Batetik, immunitateari eragin diezioke; epidermisaren kanpoko geruza eta izerdia gehiegitan kentzeak bakterien ugalketa ekarriko du, eta errazago sartuko dira gorputz barrura. Tenperatura aldaketen aurrean gorputza egokitzea zailagoa izan daiteke, gainera.

Bestetik, estetikarekin lotutakoak ditugu; azalari babesa kentzearekin batera hark ura galdu eta lehortu egingo da. Eta horrek alergiak edo narritadurak sor ditzake, uzkian adibidez, kroniko bihurtzeraino. Egunero garbitzearen inguruan mintzo, Gorosabelek esan digu azalari ez badiogu uzten “eraso” horien kalteez erabat osatzen, “zauria zauriaren gainean” egingo dugula.

Gakoa nork bere beharrak aztertu eta neurriak hartzea litzateke; maiztasuna eta erabiliko diren produktuak kontuan hartzea, alegia. Lanagatik edo dena delakoagatik egunero dutxa hartu behar duenak xaboi leunagoak balia ditzake, eta sarri dutxatzen ez den pertsonak xaboi puruak. Gorputzeko atal guztiak ez direla berdinak gogorarazi digu Gorosabelek. Besapeek, hankarteak edota oinek usain sendoagoa dute eta garbitzeko premia handiagoa da aurpegiaren edo besoen kasuan baino. Dena den, ez garela itsutu behar dio: “Gorputzaren usaina ez dago modan eta ezabatzen saiatzen gara. Inoiz garbitzen ez den pertsona bat zikina iruditu dakiguke baina ez da horregatik gaixotuko”.

*************************

Erreferentzia:

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*