Jaioberrien tratamendu osteopatikoa


Argazkiak.org | Jaixobarrixari gerrixa manipulatzen © cc-by-sa: txikillana

Orain dela ehun urteko Euskal Herrian haurrak dozenaka jaiotzen ziren, eta bat hiltzen bazen ere bazegoen bere lekua hartuko zuenik. Lanerako gai izanez gero, berdin zen ume hori begiokerra, maingua edo buruhandia jaiotzea: bizi zen, eta aurrera! Ez zegoen beste erremediorik. Gaur egun, ostera, gauzak asko aldatu dira: lehengo aldean aberatsak gara, gure bizitzako gutxieneko premiak aseak ditugu, eta ez dugu nahikoa bizitze hutsarekin: horrez gain, ondo bizi nahi dugu. Testuinguru honetan ulertzen da ume gutxiago izatea eta haiek gehiago zaintzea.
 
Deskriba dezagun azaletik erditze prozesu arrunt bat. Haurdunaldiak bere epea betetzen duenean, sabeletik kanpora irteteko bidea hasiko da. Lehenengo umeak pelbiseko hezur-eraztunaren aurrean egokiro kokatu behar du gorputza, buruz behera eta ahuspez. Umetokiko giharren kizkurdurak lagunduta, burua zuloan sartuko da gero; hau konplikatua da berez, amaren pelbisaren diametroa burua baino txikiagoa izaten delako. Naturak badaki hori, eta umearen buruko hezurrak horretarako prestatu ditu: bigunak izateaz gain, bata bestearen azpian irristatzeko ahalmena dute abaniko baten xaflen modura. Horretara, buruak tamaina txikiagoa hartuko du amaren pelbis hezurren artetik errazago pasatzeko.
 
Hor dugu beraz, gure kumea tunelaren barruan estu-estu eginda; hemen dator hurrengo oztopoa. Izan ere, tunel hau ez da zuzena eta bihurguneak ditu. Hori dela eta, haurrak burua makurtu beharko du lehenengo, bekoki-aurpegia amaren sakroaren kontra zapalduta. Horrela kokatuta, alde bateko biraketa egin beharko du pasabidearen diametro zabalenaren bila. Behin hori lortuta, amaren pelbisaren tunel horretan behera irristatzen hasiko da zentimetroz zentimetro. Hurrengo oztopoa pubisa izango da: lepoa zuzen jarri beharko du lehenengo, eta buruaren atzeko partea hezurraren azpitik pasatuko da 20 kilotako presioa jasanda –okzipital hezurra plastilinazkoa balitz bezala moldatuko da–. Azkenik, burua atzerantz botata umeak kanpoko argia ikusiko du. Baina oraindik sorbaldak eta gorputz osoa atera beharko dira buruak jarraitu duen bide bihurri beretik: bihurritze eta tentsio gogorra jasango dute hauek ere… Espeleologorik trebe eta ausartenak ere praketan kaka egingo luke halako haitzuloan trabatuta geratuz gero. Eta ez da gaitza: askotan geratzen dira umeak irten ezinda, eta sendagileen laguntza ezinbestekoa bihurtzen da.
 
Trabatuta geratu gabe ere, erditze normalaren prozesuan jasaten diren tentsioak umearen gorpuzkeran eragiten dute beti. Horren ondorioz, oso ugariak dira jaioberrien artean plagiozefalia edo buruko forma “arraroak”, garezurreko kirioetako arazoak, mokorreko errotazio desorekatu edo luxazioak, aurpegiko hezurren simetria falta, lepo ornoen blokeoak, digestio hodien bihurketak… Disfuntzio hauek ez dira larriak eta ezin ditugu lesiotzat hartu; kasu gehienak, gainera, bere kabuz zuzentzen dira jaio ondorengo lehen asteetan. Baina hala gertatzen ez bada, kontuz: umearen hazkundean hain sarri gertatzen diren arazo askoren jatorri izan daitezke-eta. Estrabismoa, kolikoak, urduritasuna, gonbitoak, sudur-mamien edo malkoen kanaleko oztopoak, mihia denbora guztian kanpoan izatea, otitisa, tortikolia… askotan jatorri ezezaguna dutela uste bada ere, gehienetan zuzendu gabeko buruko hezurren desorekarekin lotura estua dute, eta bizitza osorako ondorioak uzten dituzte. Ohikoa izaten da , paziente nagusiekin lan egiten dugunean, kasua aztertzen hasi eta duten mina jaiotze traumatiko batean egindako lesio txikiengatik dela ohartzea; baina orduan beranduegi izaten da konpontzeko.

Izan ere, kontuan hartu behar dugu hezurrek malgutasun handia dutela umetan eta, beraz, horien disfuntzio edo desorekak konpontzeko une aproposena hori dela. Adibidez, buruko hezurren forma txarrak jaio eta berehala tratatzea gomendatzen da, lehenengo hilabetean ahal bada. Gero ere tratatu daitezkeen arren –gaztaroan edo helduaroan–, emaitzak ez dira hain onak izaten: jaio berri direnean, ostera, tratamendua askoz errazagoa da, eta aukera gehiago daude arazoa zeharo konpontzeko. Fisioterapia arloan, osteopatia teknikak erabiltzen dira gehienbat. Tratamendua leuna eta minik gabekoa denez, gehienetan umea lotan geratzen zaigu besoetan; hala ere, hori gertatu aurretik haurra negar batean hasten da (ez minagatik, tentsioak askatzeko baizik) eta hobe da gurasoak jakinaren gainean egotea.
 
Hemen dugu beraz, gure gurasoek ezagutu ez zuten beste baliabide bat. Europako beste herrialdeetan bezala, Euskal Herrian ere ohiko bihurtzen ari da umea jaio eta osteopataren kontsultara eramatea azterketa bat egitera. Paranoian jausi gabe –arazorik ez baita ikusi behar ez dagoen lekuan–, orokorrean ohitura ona dela esan dezakegu: haur horren hazkunde egokia bultzatzeko eta gurasoak lasai gera daitezen.

2008-X-18xan, Garako Gaur8 suplementurako idatzittako artikulua.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*