Eliteko kirolaren kontra
Argazkia: Pablofausto CC-BY-SA
Guraso askok du beren seme-alabak kirolari profesionalak bilakatuko diren ilusioa. Beraiei pitxerkada bete ur hotz bota nahiko nieke burutik behera. Batetik, ez delako komeni gurasoen ilusioak umeen ilusioekin nahastea; eta bestetik, kirolari profesionalen mundu dirdiratsuak baduelako atzealde ilun bat, jendaurrean inola ere erakusten ez dena.
Gaur egun jendartean, kirolak eginkizun garrantzitsua du. Gero eta lanbide estatikoagoak ditugu: bulegoan, ikasten, lanean ordu askotan geldi… eta honek eragin zuzena du osasunean. Gizakiaren gorputza korrika eta saltoka aritzeko eginda dago, ez geldirik egoteko: gure giltzadura eta giharrek mugimendua eta ariketa behar dute. Era berean, gure egunerokotasunean tentsioak pilatzen zaizkigu; astean bi-hirutan kiroldegira joanda, haiek askatu egingo ditugu, eta bide batez, lesioak ekidin, tendinitis eta gainkargak kasu. Gainera, kirolaren onurak ez dira hor amaitzen: geure buruarekin hobeto sentitzea, gaixotasunei aurreko defentsak hobetzea, estresa desagerraraztea, lagun berriak topatzea, lo hobeto egitea… Kirola osasunerako ona dela esaten dugunean, honako kirolari buruz ari gara: eguneroko arazoetatik deskonektatzeko eta ongi pasatzeko balio digun hori.
Errepara diezaiogun orain ogibidez kirolaria denari. Marka bikainak egiten ditu: bera ikustearren, jendea sarrera garestiak ordaintzeko prest dago; telebistak borrokan aritzen dira haren ikuskizuna emateagatik; enpresa askok nahi du bere elastikoan publizitatea jarri.. Hogeitaka urte baino ez ditu oraindik, baina honezkero jende asko bizi da bere lepotik: managerrak, teknikariak, sendagileak, zuzendariak, administrariak, artekariak… Berak ere dirutza du poltsikoan, eta ametsetako mundu baten sartu da: festak, autoak, sexua, gutizia garestiak… keinu bakarra eginda nahi duena eskura dezake, diruaren usainera arrimatutako lagun berrien eskutik. Ate guztiak zabaltzen zaizkio dirua sortzeko makina bihurtu den izar dirdiratsuari. Gauzak hala, kirolari profesional berria euforian sar daiteke –zenbat eta hezkuntza maila apalagoa, orduan eta lilura handiagoa–, eta itsututa geratu. Denok ezagutzen ditugu ospearen esne-mamitan lokartu, gorputzaren zaintza utzi eta living la vida loca ibili eta gero, gailurretik zulora bat-batean amildu diren izarrak.
Ikusi izango zenuten inoiz idi-probaren bat. Konturatuko zineten, lehiaren gorrian, nolako tratua jasotzen duen patariak. Diru asko dagoenean jokoan, idiaren beraren osasuna da garrantzi gutxien duena; harri pisutsua bizkorrago mugitzearren, gupidarik gabe sartzen diote eztena haragian; eta bihotza ahotik irten arte drogatu dezakete (droga legalez, noski) iltze bat gehiago lortzea jokoan baldin badago. Elite kirolaren munduak uste baino parekotasun gehiago ditu idi-probekin.
Gazte eta sendo dagoen artean, kirolari profesionalak ez du arazorik izango. Beroketak, luzaketak, dieta egokia eta atsedenaldiak zehatz errespetatzen baditu behintzat, bere lanabesaren (gorputzaren) sasoiari nola edo hala eutsiko dio. Baina asko zainduta ere, urteek aurrera egiten dute beti, eta behin 25 bat urte bete eta gero, entrenamendu erritmo altuaren higaduraren ordaina jasoko du.
Orduan hasiko dira lesioak, bata bestearen atzetik. Ordu arteko lagunen abegikortasuna epeltzen hasiko da; gure idiaren -barkatu, kirolariaren- errendimendua ez da hain ona izango eta bere produktibitatea jaitsi egingo da. Lesio bat izatekotan, sendagileak ere presionatuta egongo dira, eta eremu arriskutsuan sartuko: kirolaria ahalik eta ondoen sendatu baino, tratamenduaren lehentasuna joko zelaira lehenbailehen bidaltzea izango baita. Jokalariak partida irabaziko du, bai; bere “lagun” guztiek dirua irabaziko dute, bai; baina gorputzaren kaltea kirolariak jasango du. Berak bakarrik.
Etika profesionalaren ikuspegitik, deitoragarria da oso gazte horiek nola erabiltzen diren. Bere babesleen interesak zaindu, eta kirolarien osasunarentzat argi eta garbi kaltegarriak diren neurriak hartzea sendagintzaren ustelkeria da. Sarri ikus ditzakegu berrogei urteko eliteko kirolari ohiak artrosiak jota, edo gibela kaltetuta (legezko edo legez kanpoko drogen eraginez). Onenak emanda, lagunak desagertu eta ahaztuta geratzen dira bazterrean; babesleek beti izaten baitituzte gazte berriak aurrekoen lekua hartzeko prest…
Jende zeheak idoloak eredutzat hartzen ditu, eta hau naturala ere bada. Kirolari profesionalen marka onak lortu ezinda, jende asko haien alderdirik txarrenak imitatzearekin kontsolatzen da: harropuzkeria, taldekeria, hurkoaren ukazioa, matxismoa, analfabetismo kulturala mirestea, lehiakortasun basatia… Seme-alabak joko zelaian daudenean gurasoek hartutako jarreretan ikusten da askotan: nolako egurra, halako ezpala. Honela barregarri geratu beharrean, hobe genuke gure umeak herriko kiroldegian sartu, herriko lagunekin aritzeko. Ikasketa edo lanarekin bateragarria den kirol parte-hartzaile batekin bakarrik lortuko dugu gorputza eta gogoa zaintzea; eta bizitza osoan gainera (ez gaztaroan bakarrik).
Deja un comentario.