Neguko ero hoiek

Karraspixon urtarrillian, lotsa barik.
Kostaldean bizi zaretenok… baietz ezagutu negu osoan bainua hartzen ibiltzen den “eroren” bat? Bai makina batek farre galantak bota ere, agure edo atso xelebre eta bakarti horren kontura, kafe ederra tabernako giro epelean hartzen zaudeten bitartean. Baina… erreparatu al diozue bere aurpegi lasaiari? Zergaitik dabil kamiseta hutsean, negu gorrian? Gainera ez da sekula gaisotzen, eta adin bera daukazuen arren, zuek baino zatia gazteago dirudi. Beharbada ero hori ez da hain eroa. Neguko bainuzale hori, instintuz ala ikasita, naturak ematen digun baliabide indartsu eta sakonenetako bat darabil. Hain da ezen, botikarik gabe –ez naturalik ez sintetikorik- negu osoan osasuntsu mantentzeko gai da.
Hidroterapiaren oinarria, gorputzak hotzari aurre egiteko duen ahalmena piztea da. Elurra darabilgunean adibidez, eskuak hotzitu egiten zaizkigu hasieran; handik gutxira baina, gorputzak odol uholde bat bidaltzen du eskuetara hotz horri aurre egiteko. Horren ondorioz, hurrengo orduetan eskuak bero-bero izango ditugu. Horixe bera gorputz osoan lortzen ikasten badugu, gaisotasunei aurre egiteko erreminta indartsu baten jabe izango gara.
Bainu bero eta hotzen arteko jokoa da, beraz, balneoterapiaren ardatza. Liburu guztiak, jakitun guztiak (Hipocrates, Priessnitz, Kneipp…) bat datoz honetan, eta terapia hidrotermal guzti-guztiak hotz/bero kontraste honen aldaerak dira berez. Bainuetxe gehienak, ordea, bere bezero dirudunak “beldurtzeko” beldurrez, bainu bero hutsak darabilte eta beraz efektu terapeutikoaren %90 galdu egiten dute. Baina ez estutu: gaur hemen azalduko ditugun arauok errespetatzen dituenak, bainuetxe garestietakoa baino hidroterapia hobeaz gozatuko du… dohainik eta etxetik irten gabe.
Lehenik eta behin, jakin ezazue ezin dugula hotzak dagoen pertsona bat bainu hotzean sartu; aldez aurretik gorputza berotu beharra dago. Adibide ona saunan dugu: gela bero horretatik irtetzean, ez zaigu batere zaila egiten dutxa hotz azpian sartzean. Kontrara: dutxa hotza atsegina da saunatik irtetzean. Hondartzan bainu hotza hartzera bagoaz ere, gorputza ahal denik eta gehien berotzea lagungarri izango zaigu: jantzi lodiekin ibilaldi bizkor bat eginda, kirola egin eta segituan… gorputza zenbat eta beroago, hainbat errazago (eta atseginago) izango zaigu ur hotzeko aplikazioa. Ikusten duzun bezala, “tratamendu” honek udako hondartza bainuekin ez du alde haundirik. Baina arruntak izanagatik, ez pentsatu gero eragingarriak ez direnik; udan bainu zehe bat hartzen dugun bakoitzean (tsasoan, askan, errekan) gure gorputzean gauza asko hobetzen ditugu:
  • Bihotza, zainak eta odolaren zirkulazioa.
  • Arnas arazoak (asma, bronkitis etabar).
  • Gihar tentsiodunak (espasmoak, nekea) edo bigunegiak (atrofiak, ahulezia).
  • Nerbio sistema (antsiedadea, depresioa).
  • Liseri aparatua (idorreria, kolikoak, bihotzerrea).
  • Endokrino sistema (menopausia, hileroko minak, inflamazioak).
  • Gezurra dirudi, ezta, autobusa hartu eta hondartzara zoazen bakoitzean halako mesede guztiak jasotzea? Zergaitik uste duzu egoten direla hutsik udan osasun zerbitzuak, bada? Zati handi baten, honengaitik da: bero eta hotzaren arteko kontraste xumearen bitartez, negu osoan izan ditugun gorputzeko min eta ajeak arindu eta askotan osatu egiten dira.
 Horregaitik, ez dugu gutxietsi behar ur hotzak duen ahalmen miragarria. Horren ordez, urte osora zabaltzea proposatzen dizuet. Udazkena heltzen denean, jarraitu dezagun bainuak hartzen, ahal bezain sarri. Urritik aurrera urak pizkaka hotzitzen hasiko dira baina guk jarraitu egingo dugu bainuekin; horrela, gorputza progresiboki ohitzen joango da. Azarotik aurrera, ura gero eta hotzagoa egongo da eta laguntza bat beharko dugu, beroketa intentsuagoa lortzeko: uretan sartu aurretik, kirola egin eta arropa lodiekin ibiliko gara. Arau hau errespetatzen badugu, negu gorrian ere hartu ahal izango dugu bainua (dena den, gaisotasun larriren bat izan ezkero medikuarenean kontsultatzea komeni da). Eta hara non, zuen burua “neguko ero hoietako” bat bihurtuta ikusiko duzuen. Eta ikustekoa izango da, zuen lasaitasun aurpegia. Eta taberna epeletik kafea hartzen dauden zure lagunen komentarioak irrigarriak izango diren arren, beraien begien hondoan zure gaztetasun eta sasoia mirestuko dute.
Oharra: itxasora joateko aukera ez duen pertsona batek ere lortu ditzake hidroterapiaren onura guztiak. Adibidez Iñakik, egunean 21 ordu ziegatik irten barik pasatu behar izaten dituenak, erabaki dezake: “Egunero arratsaldeko zortziretan, dutxa hotza”. Horretara, egunero zazpi t’erdietarako kirol erropak jantzi eta hortxe hasiko da: abdominalak, flexioak… Horrela, zortziretarako bero-bero eginda egon arte. Orduan erropa guztiak erantsi, eta 5 minutu pasatuko ditu dutxa hotzaren azpian. Segituan irten, lehortu eta ohean sartuko da lasaitasun sentsazio ederraz gozatzera. Eta horrela, Gradignaneko espetxearen harresi grisetatik irten gabe, primerako balneoterapiaz gozatuko du funtzionarioen begirada harrituen pean.
 Gara egunkarirako, 2007ko Garagarrilla.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*