Autoestimu ikasgaiak

Argazkixa: http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2014-08-16-07-00/hemeroteca_articles/autoestimu-ikasgaiak

Ziur nago gai honi buruzko mila liburu daudela, denak oso onak segur aski. Halere, askotan gure ingurukoei kuriositatez begiratzea baino ez dago, eguneroko bizimodutik ikasgai baliotsuak ateratzeko.

Bat: Valdemoroko “Madrid VI” hotelean kontatu zidatenez, ziega bat asko zikintzen zenean (toxikomano batek sortutako hondakinekin esate baterako), espetxeko arduradunek, garbitzailea ekarri beharrean, euskaldun bat aldatzen zuten bertara. Modu horretan, egun batzuen buruan, txaboloa txukun eta garbi zegoen berriz ere. Izan ere, presoen populazioan, preso politikoen ezaugarrietako bat horixe zen: txukuntasuna, garbitasuna eta norbere buruari errespetu minimoa gordetzea.


Bi: atetik sartzearekin batera, lurrin gozoa zabaldu da kontsulta osoan. Bistan da ile apaindegitik pasatu dela guregana etortzeko, eta dantzaldi baterako bezala pintatuta dator. Alaitasuna dario, emakume fina da. Arropak kentzean erakutsi digun lentzeria ere ez da edonolakoa. Zeinek esango luke 94 urte dituela? Bere etxetik hona hogei metro eskas daude gainera: bata eta etxeko zapatiletan ere etortzea zuen, baina… Andre horri, bere erara, munduari irribarre egitea gustatzen zaio.

Hiru: orain arte bikoteak betetzen zuen ohea handiegia zaio orain; hala ere, hutsune hori ez da ezer haurren gelan nabaritzen den desolazioaren aldean. Guraso banatu berriari mundua gainera erortzen zaio, bere iparrorratzaren norabide guztiak lekuz aldatuta daude. Puntu horretan, ohetik ez altxatzea edo bizitzen segitzea aukeratu beharra du. Halakoetan, ordutegiak, ohiturak mantentzea… nora ezean ez erortzeko helduleku ona izaten dira. Berriro bizitzen ikasteko heldulekua.

Lau: bahituen istorioetan ere asko errepikatzen den gauza da hori: zuloan sartuta, eguna eta gaua noiz den ezin bereizi, burua ez galtzeko zerbait asmatu behar. Erreferentziak hartu; ariketak; bahitzaileek ekartzen duten janari eta edariarekin errutinak; arnasak kontatu… Hori edo erotzea, besterik ez da gelditzen.

Bost: autonomoak etxean lan egiten du freelance gisa. Pijama eta zapatiletan ere egin zezakeen, baina… bada denbora bat konturatu zela beti ordu berdintsuan jaikitzeak, uretan freskatzeak, kalerako moduan prestatzeak mesede egiten diola. Ordenagailuan esertzerakoan beste jarrera bat du.

Sei: bere bizimodua ohetik besaulkira jaikitzea da, telebista ikustera. Batzuetan, laguntzaileek zaharren egoitzako karrajuari buelta emateko konbentzitzen dute. Edonola ere, egunero janzten eta orrazten laguntzen diote, lurrin toketxoa ahaztu barik. Sekulan ez baita jakiten bizitzak gaur zer ekarriko duen.

Esandako situazioetan dauden pertsonek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte: autoestimua eta diziplina, esate baterako. Azken hitz horrek ez du fama onik gaur egun, batez ere zigorrarekin eta errepresioarekin lotzen delako, baina bizitzari egokiro aurre egiteko jarrera hartzeko ere garrantzitsua da. Presoek eta bahituek ziegako gauzak tolestuta izaten badituzte, ez da hainbeste zaindarien gustua betetzeko izaten: norbere buruarendako higiene neurria da. 94 urteko paziente pinpirin horrek, berriz, ez nau ni maitemindu nahi: maitasun hori askoz ere leku garrantzitsuagora bideratzen du, bere burura alegia.

Gaur8 astekarirako, 2014ko agorrillan 16xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*