Kirolarien gainbehera
Iker Villanueva lankideak kasu interesgarria kontatu berri digu. Hiperdiagnostikoaren kalteak ezin hobeto azaltzen ditu, alegia, arazoa ez dagoen lekuan bilatzea, edo arazo txiki bat neurrigabe anplifikatzea. Halako kasuak ugariak dira tamalez, eta plazaratu duen artikulu sinple bezain magistralean ederto azaldu du arazoaren muina (“Lasterkari ohia” du izena eta FISTEUS blogean argitaratu du).
Artikuluan bere paziente baten kasua azaltzen digu Ikerrek: mutil gaztea, kirolzalea, eskiatzen belaunean kolpe handia hartu zuena eta harrezkero minez dabilena. Lehenago ere lotailu gurutzatuen lesioa izan zuen, kirurgiarekin konpondua, eta berriro hautsi ote dituen susmoa dela-eta erresonantzia bat agindu diote. Emaitzetan, zorionez, lotailuak ondo agertu dira, baina, belaunean artrosia ikusten denez, mina horri egotzi eta kirola uzteko gomendatu dio medikuak. Mutila lur jota geratu da.
Aholku desegokia, inondik ere. Arinkeriaz emana. Minaren jatorria seguru aski ez baita artrosia (kolpearen aurretik ere bazuena). Osagileok askotan izaten dugun tentaldia da honakoa: ez dakigu mina zerk eragiten duen, eta, beraz, edozein zeinu aurkitu orduko (erradiografiak edo beste), arazoaren jatorritzat hura hartzen dugu. Eta, dena esan behar bada, pazienteek ere ez dute maite zalantzan dagoen osagilea; askok nahiago dituzte diagnostiko zurrun eta argiak…
Ikerrena bezala, nire hainbat pazienteren kasuak ere etortzen zaizkit gogora: gorputzean lesioak dituzte, batzuetan larriak (artrosi handia, disko herniak, anputazioak…), baina kirola haien ilusioa bihurtu da. Entrenamendurako ordua ailegatzeko deseatzen bizi dira. Jardunean hasita, mina eta penak ahaztu egiten zaizkie. Hori urrea da, lagunok: urrea. Ez da zilegi osagileok arinkeriaz egindako hiperdiagnostiko batekin zapuztea.
Kirolariak, hala ere, inteligentziaz jokatzen ikasi behar du. Gorputzaren ahalmenak ezagutzeaz gain, dituen mugen kontziente izan behar du. Badut beste paziente bat, eskubaloiko profesionala, gainbeheran datorrena: lesioak lesioen gainean pilatzen hasi da, eta gero eta gaitzagoa zaigu jokatzeko moduan ipintzea. Sasoia amaitu zaiola ulertu behar du, beste barik: kirola beste modu batera planteatzeko premia du. Hala ez badu egiten, etengabeko frustrazioan biziko da. Gaztetako mailari eustearren, azkenean gorputza hondatu eta kirola zeharo utzi beharko du, txikitero tripa-handien kuadrillara bilduta.
Inteligentziaz jokatuz gero, ostera, kirolariak bere gainbehera balia dezake, surflariak olatua erabiltzen duen bezala: unean uneko egoera fisikora egokitu, eta gorputzari eman dezakeena eskatu. 80, 90 edo 100 urteko kirolariak ikusten ditugunean (bai, badaude adin horretako kirolariak) gorputzaren arauak ulertu dituzten pertsonak direla jakin behar dugu.
Disko herniarengatik ez zaigula korrikaren inpaktua komeni? Bada, pilates edo igeri egin dezagun. Artrosiak giltzaduren gogortasuna ekarri digula? Apunta gaitezen tai txi klasera. Elbarritasunarekin ezin dugula kirola modu normalean egin? Egokitu dezagun kirola bera gure gorputzari. Ez dezagun errazena egin: dena utzi eta kito. Aurkitu dezagun gure ilusioa egunero elikatzeko balioko digun ariketa, kirola edo bestelako jarduera.
Gaur8rako, 2014ko urtarrillan 25a.
Deja un comentario.