Tratamendurik ezaren tratamendua
Orain dela gutxi, aspalditik tratatzen dugun paziente bat etorri zait, lur jota. Purik (izen asmatua) 55 urte ditu eta saregilea da. Bizitzan zehar izandako lan gogorraren ondorioak ditu gorputzean: bizkarra, eskuineko mokorra, ezkerreko sorbalda… izaten dira bere kezken iturri nagusiak. Urte batzuk dira estrainekotz etorri zela; kostatu zitzaigun bere egoera hobetzea, baina orekatu zenean hile bitik behin-edo guregana etortzen jarraitzea erabaki zuen, konturatu baitzen errazagoa dela osasun egoera onari eustea, txarto zegoenean hobetzea baino.
Puri ez zen medikuarenera joan guregana etorri aurretik. Jendea ikasten ari da fisioterapeutak lehen mailako arretako profesionalak ere bagarela, eta gero eta gehiago dira zuzenean guregana jotzen dutenak. Horrek diagnostiko eta historia klinikoan bereziki zorrotz jokatzea eskatzen digu, gure gain geratzen baita erabakitzea ea pazienteak duena guk tratatzeko modukoa den, edo beste osagile batengana bidali behar dugun. Honekin esan gura dudana zera da: orain arte Purik ez zuela ez erradiologia frogarik, ez diagnostikorik, ez ezer. Geuk kontrolatzen genuen eta, esandako moduan, hainbestean zegoen.
Baina… urteak urteak dira. Eta automobila kurioso-kurioso zaindu arren higatzen den bezala, gorputza ere pixkaka hondatuz doa. Halako batean, Puriri sintoma berri bat agertu zitzaion: belauneko min akutua, orain arte sekula igarri gabekoa. Betiko moduan, aztertzeari ekin genion, eta puntu batetik aurrera, froga erradiologikoen beharra ikusi genuen. Medikuarenera deribatu genuen, eta Osakidetzan ederto hartu zuten. Ez belauneko mina bakarrik: bere historia klinikoa eta adina kontuan hartuz, froga gehiago ere agindu zizkioten, bere arazoari irtenbide biribilagoa emate aldera. Puri familia medikuarekin, traumatologoarekin, erradiologoarekin eta erreumatologoarekin egon zen, baina… aurpegi luze-luzearekin bueltatu zen gurera, kilo erdiko paper-fardela eskutan: «Oso txarto omen nago». Txosten, erradiografia eta abarrak aztertu eta gero, berriz, ez zen hainbesterako. Hala ere, lanak izan nituen Puriren hodei beltzak uxatzeko. Izan ere, medikuen txosten gehienek lehendik tratatzen ari ginen patologiak konfirmatzen zituzten (artrosia bizkarrean, kapsulitisa ezkerreko sorbaldan, higadura eskuineko mokorrean) eta gauza berri bakarra belauneko meniskoaren inflamazio txiki bat zen, garrantzi txikikoa, inondik ere.
Puriri sustoa kentze aldera, informeen hizkuntza tekniko beldurgarri hori azaldu nion: kontrakoa iruditu arren han ez zegoela ezer larririk, lehendik tratatzen ari ginen patologiei izen-abizenak jarri besterik ez zutela egin. Gainera, haiek hobetzeko botikak agindu zizkioten. «Baina ni ongi nengoen botikarik hartu barik», ziostan. «Orduan, horrela azaldu behar diozu medikuari, hark ez baitzaitu gogoz kontra inolako tratamendurik egitera behartuko». Izan ere, batzuetan, aukerako tratamendua ezertxo ere ez egitea da; pazientea etxera bidaltzea eta zain egotea, alegia. Baina paziente askok txarrera hartzen dute, «fisioterapeutak ez dit ezer egin» edo «medikuak ez dit inolako botikarik eman» esanez. Hortik datoz batzuetan agintzen diren tratamendu «betegarriak».
Puriren protesta etorri zen, segidan: «Hori ulertzen dut. Baina zergatik ez didate hori hasiera-hasieratik esan? Ez nintzen hainbeste kezkatuko». Erantzuna konplikatua da. Batetik, osagileok, askotan, ez dugu nahi adina informazio izaten pazientearen arazoa ziurtasun osoz tratatzeko. Bestetik, azken urteetan giroa gaiztotu denez, inork ez du pazientea etxera tratamendurik gabe bidaltzeagatik asistentzia ukatzearen salaketarik jaso nahi. Eta azkenik, osagileok batzuetan pazienteari gauzak hitz lauz azaltzeko behar den besteko ahaleginik egiten ez dugunez, alferrikako kezka iturri bihurtzen dira.
Hauek izan daitezke Puri bezalako paziente batzuk, inoren asmo txarrik gabe, hipermedikalizazioaren bidetik abiatzeko gakoetako batzuk.
Gaur8rako, 2013ko bagillan 29xa.
Deja un comentario.