Aitzindariei aitortza

Gimnastikako Errege Institutu Zentrala, 1892-1893 ikasturtean. Domeinu publikoko irudia.

Berrikuntza bat aurkezten denean (teoriak, teknikak, aurkikuntzak) tentagarria da meritua oso-osorik norberak hartzea. Gainera, albistean askoz ere hobeto ematen du pertsona bat, aurpegi bat, datu bat aurkezteak, aurrekari korapilatsuen berri ematen ibiltzeak baino. Azkenaldian eginiko ikerketa historiko batzuetan, fisioterapia arloan hiru suplantazio kasu deigarri aurkitu ditut. Bere garaian, hezkuntza mailan, mundu korporatiboan zein pazienteen artean ospe handia erdietsi zuten eta, gaur egunean oraindik, fisioterapiaren “errelato historikoan” letra handiekin agertzen dira aitzindari edo asmatzaile gisa. Errebisio bibliografiko xume batek, ordea, erakusten digu beraien ekarpena garrantzitsua izanik, aitortu izan ez diren iturriak izan zituztela.

Pehr Henrik Ling suediarrak 1813an sortutako Gimnastikako Errege Institutu Zentrala munduan gorputz hezkuntzaren eta fisioterapiaren sortzaile bezala aipatzen da leku askotan. Baina Lingen aurretik gimnastika bultzatu zuten espezialistak izan ziren (Fuller 1705, Tissot 1780, Guthsmuths 1793); eta badakigu kung-fu tradizio txinatarrak ere Lingengan eragin nabarmena izan zuela. Gaur egunean hedatuen dagoen bertsioaren arabera, ordea, badirudi Galenoren eta Hipokratesen garaitik inork ez zuela terapia fisikorik erabili Ling agertu arte. Bertsio hori, jakina, Lingen jarraitzaileek bultzatu zuten euren eskola indartzeko. Helburua lortu zuten: garai hartan, eskola honetatik ateratako profesionalek (sjukgymnast edo “gaixoen gimnasta”, fisioterapia eta gimnastika arloak biltzen zituzten) Suedian diziplina bi hauen jarduna monopolizatu zuten eta are, gobernuaren babesarekin, atzerrian osasun etxe asko sortu zituzten euren diziplina hedatuz: Thure Brandtek, esate baterako, terapia fisikoa ginekologia arlora eraman zuen, baita emaitza onak lortu ere eta lan eremu berria ireki; eta Henrik Kellgren Ingalaterran ezin ospetsuago bihurtu zen, eta hainbat enpresa eta klinika sortu zituen. Halere, Lingen eskolakoei terapia fisikoaren “pastelaren” zatia nahi zuten lehiakide indartsuak atera zitzaizkien.

Lehenak Ipar Ameriketako bonesetter edo “hezur konpontzaileen” artetik etorri ziren: Andrew T. Still-ek, «argitasun momentu batean» (sic), bizkarreko manipulazioetan oinarritutako tratamendu bat “asmatu” zuen, gaur egun osteopatia bezala ezagutzen dugun sistemaren abiapuntua. Bere karismari esker, terapia hau asko hedatu zen, lehenik AEBetan eta gero Europan. Garai hartako osteopatia tekniken azterketak, baina, argi erakusten du zati handi batean Kellgrenen teknikak kopiatu zituztela; Stillek eta bere jarraitzaileek, ordea, ez zuten hori sekula aitortu. Gainera, Lingen eskolarekiko jabetze hau birritan gertatu zen! XX. mendeko 80ko hamarkadan, Frantziako osteopatia eskolek Brandten teknika ginekologikoak berreskuratu zituzten, errai guztietara hedatuz eta “osteopatia biszeral” kontzeptua garatuz. Esaera zaharra aplikatuko al dugu: «Enganazalea enganatu duenari, eman bekio ez pena, baina sari»?

Hirugarren kasua Lingen eskolatik bertatik ateratako leinu batean gertatu zen: 1929an, James Cyriax mediku ingelesak «medikuntza ortopediko» izeneko espezialitate berria aurkeztu zuen, bere baitan terapia fisikoa hartzen zuena. Gainera, Cyriaxen arabera, Erresuma Batuan terapia fisikoa medikuek fisioterapeutei erakutsitako diziplina omen zen. Hau bereziki deigarria da, kontuan hartuta… Cyriax Henrik Kellgrenen biloba zela; eta fisioterapeuta artean hazia (aita, ama, osabak eta aitona). Historiari emandako 180 graduko bira honen arrazoia Europako lehia korporatiboak izan ziren: terapia fisikoa bereganatuko zuen espezialitate indartsua sortuz, Cyriaxek fisioterapeuten kolektiboa menderatzea bilatzen zuen, artean indar handiegia baitzuen; eta, aldi berean, Ameriketatik zetorren osteopata “uholdea” eragotzi nahi zuen. Zati handi batean lortu zuen: Cyriaxen bertsio hau izan zen nik fisioterapia ikasketetan ikasi nuena 1990eko hamarkadan.

Ondorio bezala: berrikuntza bat aurkezten duen espezialista batek ez luke bere aitzindarien lana aitortzeko lotsarik izan beharko, horrek ez baitu bere ospea gutxitzen. Kontrara: ez badu egiten, etorkizunean lotsagarri geratu daiteke.

***********
Gaur8rako, 2021eko gabonillan 24a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*