Artikulazio protesiak
Gizakiaren aspaldiko ametsa da gorputzaren ordezko artifizialak sortzea; nahiz eta oraindik ez garen Frankenstein edo Cyborg bezalakoetara iritsi, badira urtetxo batzuk protesiak asmatu zirenetik. Antzina oso sinpleak ziren, marinelen egurrezko hanka famatuak bezalakoak; XVI. mendean sortu ziren lehen protesi artikulatuak, baina artean aberatsen esku baino ez zeuden. Gaur egun, berriz, ia denetik ordezka daiteke gorputzean: hortzak, bihotz-balbulak, atzamarrak, zakilak… Gaurkoan, halere, fisioterapian gehien ikusten dugun protesi motan zentratuko gara: artikulazioenak.
Protesi mota hauek 1960ko hamarkadan garatzen hasi ziren, batez ere John Charnley zirujau britainiarraren eraginez. Charnleyek aldakako artikulazioa ordezkatzeko metalezko eta polietilenozko piezak erabili zituen; operazioz operazio, teknika hobetuz joan zen. Hamarkada horren amaieran Frank Gunston kanadarrak belaunean aplikatu zuen, artikulazio honek duen geometria eta zinematika konplexuari aurre eginez. Protesi-interbentzioetan oraindik erabiltzen diren hainbat oinarri Charnleyek ezarritakoak dira, hala nola artikulazio-piezak hezurrari modu zurrunean finkatzea, giltzaduraren bi aldeak ordezkatzea edo higadura gutxiko materialak erabiltzea. Aldakako interbentzioak asko eboluzionatu du (batez ere protesiaren eta hezurraren arteko zimendatzea hobetuz), baina oro har egitura ez da aldatu; belauneko protesi-interbentzioek, berriz, aldaketa handiagoak izan dituzte, betiere artikulazio honen elementuen konplexutasuna berdindu nahian (konpartimentuak, kondiloak, lotailu gurutzatuak, plataforma…). Horretaz gain, artikulazio-protesietan oro har organismoaren onarpen hobea lortu da (alegia, gorputzak ez errefusatzea protesiaren elementu arrotzak), baita materialen higadura kimiko eta mekaniko gutxiago ere. Teknikoki, edozein artikulazio ordezka daiteke protesi batekin, baina praktikan, interbentzioen zatirik handiena karga gehien jasaten duten artikulazioetan izaten da (aldaka eta belauna), hauek izaten baitituzte higadura arazo handienak.
Behin protesia jarrita, bistan da, pazienteak bere artikulazioa berriro erabiltzen ikasi behar du. Kasuaren arabera, honek lan gehiago edo gutxiago eman dezake: pertsona batzuek osagile ezberdinen laguntza beharko dute (protesigilea, psikiatra, okupazio terapeuta, fisioterapeuta…), eta beste batzuk, berriz, eguneroko bizimodua jarraitzeko moduan geratzen dira. Geure lanari dagokionez, helburu nagusia artikulazioaren mugikortasuna bermatzea izaten da: edozein kirurgia interbentzioren ostean bezala, artikulazioei mugimendu murriztua geratzen zaie; hau normala izan daiteke inflamazio faseak dirauen artean, baina kasu batzuetan, inflamazioaren ostean ere artikulazioak mugikortasun normala berreskuratzeko laguntza behar izaten du; edo are, hobetzeko, operatu aurretik murritza bazen. Honekin batera, protesiaren inguruan dauden muskuluek atrofia edo indar falta erakuts dezakete, ariketa terapeutikoaren bidez hobetu daitekeena.
Oro har, lanean daramatzadan urteetan aldaka zein belauneko protesien aurrerapen handia igarri da, eta gaur egun paziente gehienekin emaitza oso onak lortzen dira, bizitza kalitatearen hobekuntza nabarmenarekin.
***********
Gaur8rako, 2023ko urrillan 28xa.
Deja un comentario.