“Begiratzea baino ez”
Aspaldi luzean ez zitzaidan gertatu, baina joan den astean “fisiogaztaroko” garaia berpizteko aukera izan dut: pertsona bat, hondartzarako trepetxuekin, kontsultan sartu zitzaidan hankan zuen min bat ea “begiratu” niezaiokeen. Ni lanpetua nengoen, eta beste momentu baterako txanda hartzea proposatu nion: baina ez, ez zuen txandarik nahi; begiratzea baino ez. Lehen ez zen arraroa izaten hau: gu, libre bageunden, kontsultara pasatzera gonbidatzen genituen, baina… ez! Ez zuten kontsultara pasatu nahi ere. Fitxa egin, datuak hartu, eta rollo gogaikarri horiek ez zituzten nahi; momentutxo baten “begiratzea baino ez”. Bada, joan den asteko pertsona horri ere garai bateko erantzuna eman nion: ezetz. Une hura ez zen azalpen luzeetarako egokia, baina gaurko idazki hau nire jarrera azaltzeko baliatu nahiko nuke, eta bide batez jendeari jakinarazteko zergatik ezin den horrela joan fisioterapia kontsulta batera.
Alderdi legalak kenduta (datuen babeserako legeak, eta beste), gure lana modu egokian garatzeko ezinbestekoa da historia kliniko bat egitea, lehenik, eta gero esplorazio fisiko ahal denik eta osoena. Txori bat ehizatzeko eskopetarekin ongi apuntatzea ezinbestekoa den bezala, osasun arazo bat konpontzeko ez da nahikoa izaten mina dagoen lekuan “eskua sartzea”, pertsona hauek eskatu ohi dutena alegia. Egin daiteke, noski; mesedegarria ere izan daiteke, bistan da; baina horretarako ez duzu fisioterapeuta bat behar: nahikoa duzu senide, lagun edo masajista bati mina duzun lekuan igurtzi batzuk emateko eskatzea.
Baina, esan bezala, gazte eta berde nintzela, horrelako eskariei behin baino gehiagotan baietza eman izan nion. Laster ikusi nuen (eta horregatik utzi nion baietza emateari), “begiratzea baino ez” nahi zuten paziente horiek, praktikan, arazoak ekarri ohi zituztela. Batzuetan, berarekin denbora dexente eman eta gero (diagnostiko bat ziurtasun minimoz emateko behar izaten duguna) ez zutela kontsulta bezala ordaindu nahi izaten. Noski: hondartzako sorosle postuan, anbulatorioan eta abar dohaineko asistentzia publiko eta unibertsala jasotzera ohituta, pertsona batzuek uste dute osagile guztioi Jaurlaritzaren batek ordaintzen digula. Dena den, hau gutxitan gertatzen zen: gehienetan, begiratu eta gero, “yakeen” txanda etortzen baitzen (ya ke hemen nagoen… tratatuko didazu, ezta?). Azkenean, unetxo bat baino ez zen gauzak agendan malabarismoak eginez nola hala sartzera behartzen ninduen, niri eta beste pazienteei lanegunaren antolakuntza hankaz gora jarrita.
Esperientziak erakutsi dit agenda beteta izan arren “lekutxo bat kosta ahala kosta egiteko” eskatzen dizuten paziente urgente horietatik, ehuneko laurogeita hemeretzia ez direla benetako urgentziak izaten (eta badirenean, horretarako daude urgentzia zerbitzu publikoak). Baita txandarik hartu gabe “begiratu baino ez” nahi duten pertsonek ere ez dutela espezialista bat behar. Gauza hauekin konturatu nintzenean, horrelako eskariei ezetza ematen hasi nintzen; eta ez dakit horregatik, edo jendearen ohiturak aldatu direlako, pixkanaka praktika hauek desagertuz joan ziren (baziren hamar urte baino gehiago ez zitzaidala horrelakorik gertatzen). Bada, joan den astekoak mojek eta fraideek bezala botoak berritzeko aukera eman dit: norbere lanbideari eta ondo egindako lanari gutxieneko errespetua zor diogulako… hartu txanda, eta itxaron tokatzen zaizun arte mesedez!
***********
Gaur8rako, 2021eko agorrillan 7xa
Deja un comentario.