Belauneko meniskoak
Belaunak baino esfortzu gehiago jasan beharra duten giltzadura gutxi daude gorputzean, eta, horregatik, lotailu eta tendoi sendoz babestutako artikulazioa da, mugimendu txar batek ez dezan giltzadura kontrako lekura eraman. Hala ere, belaunak mugitzeko ahalmen handia gordetzen du, gutxi gorabehera 160 gradu flexioaren eta hedakuntzaren artean eta 40 bat gradu biratzerakoan (azken hori belauna flexioan dagoenean bakarrik). Deskribatutako mugimendu ahalmena izateko belaunak oso diseinu konplikatua du: mugimendu-ardatz aldakorra, egitura trinko eta malguen konbinazioa, femur eta tibia hezurren arteko inkongruentzia…
Inkongruentzia? Bai. Hain zuzen ere, horixe da belaunaren mugikortasun handiaren gakoetako bat: giltzadurako hezur biak bat ez etortzea. Femurreko kondiloak ganbilak diren bitartean, tibia zapalagoa da, ez modu uniformean gainera. Hori dela eta, femur borobila eta tibia zapala egokitzeko, meniskoak daude. Meniskoak ilargi-erdi formako kartilago txiki bi dira, femurraren kondilo bakoitzaren bueltan daudenak. Kamioien gurpilen azpian ipintzen diren egurrezko zirien funtzio bera dute: berez ezegonkorra den egitura egonkortzea, alegia.
Baina, lehen esan dugun moduan, belauna ez da geldirik egoten; mugitu egiten da, eta asko gainera. Flexioaren lehenengo graduetan, tente gaudela pixka bat makurtzean kasu, femurrak tibiaren gainean irristatu beharra du, mugimendu-ardatz finkoarekin, torlojuek harian egiten duten bezala. Flexioaren bigarren fasean, berriz (kukutzen garenean), femurrak gurpilarena egiten du: bere buruaren gainean biratzeaz gain, errodatze mugimendua egiten du biratze-ardatza atzeratuz. Zelan egokitzen dira meniskoak femur-dantza ero horretara?
Meniskoa osatzen duen ilargi formadun kartilagoaren azalera gehiena solte dago; adarren puntak bakarrik daude hezurrari lotuta. Horregatik, meniskoek femurraren kondiloen irristatze eta errodatze mugimenduei jarrai diezaiekete, ziri funtzioa edozein posturatan ahalbidetuz. Baina uler daitekeenez, belauneko mugimendu batzuk egonkortzeko oso gaitzak izaten dira –foballekoak, esate baterako–; horregatik, batzuetan meniskoak ezin izaten du irrist egin eta femurraren eta tibiaren artean harrapatuta gera daiteke. Horixe da meniskoko lesioen arrazoi nagusia.
Lesio arinenak meniskoen ertzak gastatzetik datoz: atximurka eta atximurka, zirpildu bezala egiten dira, eta, zaindu ezean, gero eta arazo gehiago emango dute zirpilok. Kasu larrienak, berriz, hezur biak bete-betean harrapatu eta kraskatzean gertatzen dira (pentsa zelan gera daitekeen egurrezko ziria kamioiak azpian harrapatu eta gero!). Horien artean lesio gradu eta forma asko daude, noski, eta tratamendua erabakitzeko ezinbestekoa izango da diagnostiko on bat izatea.
Izan ere, meniskoa hautsita dagoenean, gehienetan kirurgia beharrezkoa izango da; aldiz, lesioa hain larria ez denean, kasurik gehienetan egoerak fisioterapiarekin egin dezake onera, bide batez etorkizunean arazoak izateko aukerak gutxituz.
Gaur8rako, 2012ko Apirilaren 28xa.
Deja un comentario.