Biorritmoak (hipotesia)

http://notido.blogspot.com.es/2009/01/creencia-del-biorritmo.html
Badira hamahiru urte Markina-Xemeinen kontsulta ipini nuenetik, eta ordutik hona urtaro asko igaro dira. Eten barik, lankideak joan-etorrika ibili dira, ezagupen zaharrak ikastaroekin eguneratzeko aukera izan dugu, lan egiteko era desberdinak ezagutu eta integratu ditugu. Bilakaera horren erdian egotea egokitu zait, lekuko eta partaide moduan; eta urte guzti hauetan, pertsonen eta osasun fenomenoen zelatari diskretua izateko aukera izan dut, baita hainbat ondoriotara ailegatzeko ere. Horietako bati buruz arituko naiz gaur: gure pazienteen gaixotasun-erritmoari buruz.
Aspaldi konturatu ginen: lantokian gorabehera handiak egoten dira denboraldi batetik bestera, baina ezin genuen asmatu zergatik ote zen. Eguraldia, ilargia, urtaroak eta bestelako hipotesiak genituen, baina alferrik: faktore horiek lan gorabeheretan eragina badute ere, ez genuen erlazio erabakigarririk aurkitzen. Hasieran lan gutxiko sasoietan kezkatuta egoten ginen, baina denborarekin zikloa beti errepikatzen zela konturatu ginen: halako batean, ustekabean, paziente berri bat agertzen zen; biharamunean, beste bi; hurrengo egunean hiru, bost, zazpi, hamar… Horrela, aste gutxitan pazienterik ez izatetik kontsultako ordu guztiak betetzera pasatzen ginen, urtero, eta ez genekien horren arrazoia.
Patologien erritmoari jarraipena eginda lortu genuen zikloa zein den jakitea. Urtero, udan izaten dugu lan gutxien (%30ean egoten garela esan dezakegu); gero, udazkenean lana pixka bat igotzen bada ere, erritmo lasaia izaten dugu (%60); neguan, ostera, lan erritmoa berriz jaisten da pixka bat (%50); eta, udaberrian, azkenik, eztanda etortzen da: paziente guztiak batera hasten zaizkigu deika, eta %100ean izaten gara, txandak eman ezinda.
Honezkero, gero eta konbentzituago nago biorritmo patologikoa lan/atseden zikloekin lotuta dagoela. Horren arabera, urteko opor luzeenak lekarkete pazienteen osasunaren hobekuntza handiena; gehienek oporrak udan hartzen dituztenez, hori izango litzateke abuztuan kontsulta hustearen arrazoia. Atseden psikiko eta fisikoak dakarren onura iraunkorra izaten da; horretara, lanera bueltatuta ere, pertsona hori osasunez ondo mantentzen da luzaroan, eta horrek udagoienean izaten dugun paziente kopuru apala azalduko luke. Hala ere, martxa normalean arituta tentsioak pilatu egiten dira, eta momentu batetik aurrera –batez ere kirolik egiten ez duten pertsonetan–, gorputzak atseden faltaren ondorioak igartzen ditu: urri aldera deitzen diguten pazienteekin lan gehixeago izaten dugu guk. Gabonak datoz baina: abendu inguruan jende askok hartzen ditu opor egunak. Atseden txiki horrek beharginaren osasunari bultzakada ematen dio; negu gorrian gaude eta kontsultara jende gutxixeago etortzen da urte-sasoi honetan. Lanera bueltan, ostera, tentsio pilaketa prozesuak ez du barkatzen: denborarekin, Gabonetako oporren gozagarri txikia atzean geratzen da eta minak agertzen dira berriro. Otsail aldean gaude, eta pixkaka paziente kopurua gehitzen zaigun arren, jende askok mina isilpean jasaten du. Martxoan, gero eta lan gehiago dugu kontsultan, eta mina jasaten ari direnek ere, gero eta nekezago egiten dute. Apirilean ezin dute gehiago, eta kontsulta kolapsatu egiten digute denak batera deika hasten direnean.
Gure lantokiaren erradiografia honetatik pazienteak ikasgai bikoitza ateratzea nahiko nuke: batetik, urte osoan zaintzen den pertsonak ez duela guregana etorri behar izaten, eta, bestetik, mina agertzean lehenbailehen joan behar dela fisioterapeutarengana, aguantatzen ibili barik.
Gaur8rako, 2009ko Agorrillan

2 Comments en Biorritmoak (hipotesia)

  1. Interesgarria hipotesia.

    Baina nola integratzen duzu hor astesantuko oporraldia (jende askok izaten duena)?

  2. Azkenean Iñurrategitarrek arrazoi (nik haiei entzun nien): «Lana txarra da, bestela ez lukete ordainduko».

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*