Digestio etena

Piztu zaigu uretan beratzeko gogoa. Baina azala eguzkitan zurratuta, freskatzeko gogoz jaikitzen garenean, beti adituko dugu esaldi zapuztailea: «Ordu bi igaro al dira jan duzunetik?». Antzinako osasun ohiturak berreskuratu zalea naizen arren, haien artean dena ez da balekoa. Baserritarrek haize korronteei dioten panikoa… amandreek umea ez hozteko duten grina… edo jan eta gero bainatzeari diogun larregiko prebentzioa, esate baterako, honen adibide garbiak dira. Digestio etena ezagutuko dugu gaur, baita halako arazorik ez izateko zentzuzko neurriak ere.

Egoera normalean, digestio prozesuak gure erraietako zirkulazioa asko handitzen du: odol kopuru handia sabel, gibel eta hesteetara desbideratzen da, elikagaiak ondo kaptatu ahal izateko. Zenbat eta gehiago jan, orduan eta handiagoa da odolaren deribazioa; hainbeste eze, garunera doan odol kopurua pixka bat jaits daitekeen. Horixe izaten da asko jan ostean izaten dugun loguraren arrazoia.

Digestio prozesu hau eteten zaigunean, sabeleko mina igarriko dugu, berez grabea ez dena. Baina urduri jartzen bagara eta igerian bizkorrago hasi, gure muskuluek odol gehiago kontsumituko dute eta ondoeza handitzea baino ez dugu lortuko. Kasu txarrenean, konortea gal dezakegu; hala ere, erraz xamar bueltatuko gara gure onera. Hori da dena: ikusten duzuen bezala, gauza larririk ez. Izan ere, arazoa ez da zer gertatuko zaigun, non gertatuko zaigun baino. Ez baita berdina itsasertzean edo ur handietan ondoezik sentitzea.

Arazo hau, bistan denez, digestio prozesuak irauten duen ordu bietan bakarrik gerta daiteke; hortik horrenbeste itxarotearen prebentzio araua. Orain: pertsona batzuek ehun eta hogeigarren minutuak jo arte ez dute behatz punta ere bustiko; beste batzuk, berriz, kasu pitorik egin ez eta han joango dira uretara, sekula arazorik izan barik.

Non dago neurria? Osasun kontu guztietan legez, hemen ere ez dago denendako balio duen araurik. Baina digestioa eteteko arrisku-faktoreak ezagutzen baditugu, bakoitzak errazago hartu ahal izango du bere buruaren neurria.

Hasteko, jatekoaren kopurua eta kalitatea hartuko ditugu kontuan. Digeritzeko astunak diren jatekoak hartu baditugu (okela, arraina, gantzak, laboreak…), digestioa eteteko arrisku gorena izango dugu. Gorputzak gehiago eskatuko digu lo-jarua, uretara salto egitea baino. Jaramon egin beharko diogu eta, kasu horretan bai, ordu bi horiek zehatz errespetatu. Otordu arina egin badugu, berriz, ordubetetxoarekin nahikoa izango da. Eta kopau txikia baino ez bada izan, ez dago zertan itxaron; digestioa erraz etetekoak ez bagara, behintzat.

Bigarren faktorea giroa eta uraren tenperatura dira: digestio etenaren eragile zuzena sabel mailako hozbero aldaketa handia denez, gorputzean bero handia dugunean, ez da txarto etorriko ur hotzetan poliki sartzea (batez ere katuak bagara). Hirugarrena, uraren sakonera: bistan denez, ur handietan itotzea errazagoa da eta, beldur bagara, hobe izango dugu ur txikietan geratzea. Laugarren faktorea ariketa maila da: jan eta segituan zoroaren pare igeri hasten bagara (umeek egiten duten legez), digestioa errazago etengo da. Azkenik, aurretiko digestio arazoak dituzten pertsonek (sabeleko minak, digestio gaitzak, edo dena delakoak) kontu handiagoz ibili beharko dute, noski; baita desoreka nerbiosoengatik urduriak diren pertsonek ere.

Hau jakinda, unean uneko egoera baloratzeko moduan egongo zarete. Arrisku faktorerik ez baduzue ikusten… dzanga uretara beldurrik gabe, koño!

Gaur8rako, 2010ko Uztailaren 09a

******

EGUNERAKETA 2018-ix-14: Kontu bera, baiña bideo batian esanda.

1 Comentario en Digestio etena

  1. Joño; beraz, igeri ez dakigunak ez dugu batere arriskurik, ezta? Sabeleko miña hasiz gero ez dugu itsas-zabaletik itsasertzera «korrika» hasi beharrik! Ez baika mantzanilla eskatuko dugun tabernatik oso urruti ibilliko. Jope, zenbat urte eman ttuten nik: bazkaldu ondorenin aztalak bustitzeko beldurraz!

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Dijestio etenaren eta bainuaren sineskera | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*