Diru beltza
Irudixa: Javier Caso Iglesias |
Bizi garen Sistema hau ez zait iruditzen ona. Baina hobetzen ez dugun artean, oinarrizkoa iruditzen zait irabazitakoaren zati bat zergatan ematea. Inperfektuak izanda ere, erakunde publikoak gastu komunak kudeatzeko daudelako eta ezin dugu alde batetik kultura, osasuna, zientzia, kale garbiketa egokiak eskatu, eta bestetik Ogasun Publikoari txakarrik eman nahi ez izan. Horretara, zerga kontuak nahikoa zorrotz eramatera ohitu naiz; baita denborarekin konturatu ere hori ez dela ohikoa.
Maila honetako negozioetan behintzat (ostalaritzan, osasungintzan, gremioetan, zerbitzuetan…) normalena kontu legalaren ondoan «B kontabilitatea» eramatea izaten baita, diru beltzarena alegia. Zenbat bider ikusi ditudan gure aholkulariak harrituta, fakturatutakoa eta enpresan benetan irabazten duguna bat datozela ikustean! Ogasunari sosak ezkutatzea zeharo errotuta baitago gure gizartean: inor gutxi harritzen da jatetxean «BEZarekin ala BEZ gabe» galdetzen badiote; edo igeltseroak «zati bat fakturarekin, eta zati bat beltzean» egiten badigu… Gehiago esango nuke: badirudi errotuta egoteaz gain, ondo ikusita ere badagoela, eta herritarrak inbidiaz ikusten dutela nolako erraz ezkutatu dezakegun dirua enpresa txikiok.
Iruzur fiskalarekin dagoen permisibitate hau ulergaitza egiten zait: buruaren gainean kaka egiten digunari txalo egitea bezala baita. Izan ere, diru beltza iruzurgilearen poltsikora oso-osorik doa eta Ogasun Publikoan lagatzen duen hutsunea guztion artean bete behar izaten dugu gero. Horregatik, Europa iparraldeko hainbat herrialdetan oso gaizki ikusia dago irabaziak ez aitortzea. Baina gu espezialak izango gara, kontu egizu…
Askotan, dirua ezkutatu nahi izateko asmoaren atzean enpresaren kudeaketa txarra egoten da. Odontologo batek, esate baterako: gauzak ongi doazenean diru larregi gastatzeko joera badu, lan gutxiko hileetan lamaiko barik geratzeko arriskua du. Edo auto mekanikari batek, bere soldata eta enpresaren irabazia nahasten baditu, inbertsio desegokiak egin ditzake. Horiek adibide hutsak dira noski; fisioterapeutak, arotzak, harakinak eta abar ere kasu berean egon daitezke-eta. Baina herritarrok ez dugu zertan ordaindu inoren aurreikuspen falta. Profesional hauek enpresa-kudeaketa ikastaro bat egin beharko lukete; edo bestela pertsiana jaitsi eta soldatapeko lana bilatu. Gure arloari begira, zergak saihesteko beste modu bat, esate baterako, lizentzia barik pazienteak etxean hartzea izan daiteke. Edo fisioterapia titulua izan gabe masajeak, osteopatia eta bestelako terapia fisikoak eskaintzea…
Egoera hau modu grafikoan azaltzeko, bost lagun bazkaltzera joatea bezalakoa dela esango nuke: baina kontua hiruren artean bakarrik ordainduta. Zer egin? Egia esan, iruzurgileak detektatzea oso erraza da, ageri-agerian aritzen direlako («1.000 euro baino gehiagoko ordainketa denez, nahiago dut bankutik ez egitea»). Eta haiek bide onera ekartzeko ere ez dugu salaketa edo prozesu luzeetan hasi beharrik: nahikoa da beti faktura eskatzea («ez, notatxoak ez dit balio»). Zertarako? Bakoitzak bere zergak ordain ditzan, ez beste inorenak.
Gaur8rako, 2010ko Ekainaren 11a
Deja un comentario.