Ehorzlearen filosofia

Argazki honek Elaxar ondo definitzen dabelakuan nago.

Ondarroan inor pertsonaia mediatikoa bada, Elaxar Lersundi ehorzlea dugu. Azkenaldian sarri xamarrean ikusten gabiltza komunikabideetan; izan ere, kazetarien usaimena zorrotza da eta Ondarroako kanposantuan, paisaia ikusgarriaz gain, balio handiko gauza bat aurkitu dute: heriotzarekin kontaktu zuzena izanda, bizipoza mantentzen duen udal langile bat, eta, hori gutxi balitz, bizipoz hori ingurukoei kutsatzen dakiena. Lan gaitza inondik ere, baina oso estimagarria ere bai: gehien behar den lekuan alaitasun izpia jartzea ez da-eta ahuntzaren gauerdiko eztula.

Elaxarri berba hartuta, azpimarratuko dugu heriotza bizitzaren parte garrantzitsua dela. Pertsona nagusiekin lan egiten dugunok ere ongi dakigu hori, eta horregatik naturaltasunez eta etsipenik gabe aurre egiten diogu bizitzaren azken zatiari; lanbide honetan irauteko behar-beharrezkoa da horretaz jabetzea. Era berean, gure iparrorratza egokitzeko ezinbestekoa da: zaharrekin lan egitean oso erraza baita indarrak norabide desegokian xahutzea.

Adibidez, utzikerian eror daiteke («berdin da amona nola artatzen dugun, gelditzen zaion denborarako…»). Beno, esandako moduan amona hori bizitzaren atal garrantzitsuenetako batean dago: amaieran, hain zuzen ere. Hori dela eta, duintasunez bizitzea merezi du, maitatua sentitu behar da, eta dituen premiak entzungo dituen norbait behar du alboan. Horren aurrean beste aldera begiratzen badugu ez diogu inolako mesederik egingo, ez berari –bistan da– ezta gure buruari ere –gero damutuko baikara–.

Beste akats bat naturaren kontra joaten saiatzea da («kosta ahala kosta, aitonaren osasuna hobetu behar dugu»). Lagunak: pertsona nagusiez ari gara; gainbeheran egotea ez da gaixotasun bat, adin batetik aurrera egoerarik naturalena baino. Ez gaitezen “amorru terapeutikoan” erori, batzuetan utzikeria bezain kaltegarria izan daiteke-eta. Esan barik doa, ahal bada, haien osasuna hobetu behar dugula, baina beti ez da posible izango. Horrelako egoerak onartuta, gure guraso zaharraren gainbeheran bidelagun izan gaitezke halere. Ulertuko baituzue ez dela gauza bera aldapan behera ziztu bizian eta galga barik abiatzea, edo norbere senide maitekor baten eskuz lagunduta. Alde ederra dago!

Beraz, Lersundi ehorzle/filosofoa parafraseatuz, bizitzaren azken urteak bizitzaren atal oso garrantzitsua dira. Behinola, Ondarroako Artibai Egoitzan ari ginela, estatistika bat eskatu ziguten: “arrakastaz amaitutako tratamenduak”. Umore beltzezko irribarrea atera zitzaigun, testuinguru horretan tratamendua amaitzea ez baita izaten pazientea sendatu delako preseski. Eta estatistika, beraz, zaharren egoitza baten errealitatera egokitu genuen: senda daitezkeenak sendatzen ditugu; ezin daitezkeenak, mantentzen ditugu; mantendu ezin daitezkeenei, gainbehera leuntzen laguntzen diegu. Helburuak prisma horrekin ikusita, gauzak asko aldatzen dira: osasungintza konbentzionalaren ikuspegian etengabeko frakasoa behar lukeena, geriatriako ezaugarri berezietara egokituz arrakasta bihurtzen da. Horrela, beste jarrera batekin hel diezaiokegu eguneroko lanari, modu harrigarrian bada ere, bizitzaren amaieran bizipozari eutsiz . Lurrik beltzenean ere landare ederrak lora daitezkeelako.

Gaur8rako, 2016ko aprillan 23a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*