Enpatia ipurdiko zuloan

Argazkia: Gara

Laster beteko da urtebete Ekai Lersundi Martinez LGTBI+ aktibista gazteak bere buruaz beste egin zuela, haur transexualen egoera modu latzean gizarteratuz. 2001eko urriaren 13an jaioa, Lersundi neska bezala bizi izan zen hamabost urtez, harik eta gurasoei mutila zela esateko adorea bildu zuen arte. Familiaren, lagunen eta irakasleen babesa izan zuen eta, bere borrokaren transzendentziaz jabetuz, aktibista bihurtu zen: ikastetxean formakuntza saioak bultzatu zituen eta, bere izaera lotsatia gaindituz, hainbat komunikabidetan agertzeko baietza eman zuen. Horraino, dena ezin hobeto. Zer arraio gertatu zen, orduan?

Hori ulertzeko trans gazteen testuingurua ezagutu behar dugu. Kasu bakoitza desberdina da: batzuek tratamendu hormonala baino ez dute behar; beste batzuek ez (duten gorputzarekin ondo baitaude); beste kasu batzuetan kirurgia ere erabili beharra dago. Halere, Administrazioak orain arte denak zaku berean ezarri ditu; adibidez, nortasun agiriko izena aldatzeko tramiteak errazagoak dira, baina sexuaren aipamena aldatzeko hormona-tratamenduan gutxienez bi urtez egon izana eskatzen da. Horretara, trantsizioa ukatzen zaie edo bestela (osagile ulerkorra aurkituz gero) tranpak egitera bideratzen dituzte, adibidez, hormona tratamenduarekiko alergia faltsuak diagnostikatuz. Beste adibide bat: EAEn, trans gazteak gaixotzat hartzen dira (oraindik!), eta endokrino kontsultara ailegatzeko psikologia eta psikiatria kontsulta asko igaro behar dituzte. Administrazioan eta Osasun Sisteman aurkitutako trabotan dago Ekairen erabakiaren muina; zehatzago esanda, sexualitate eta genero aniztasunarekiko duten ikuspegi zaharkituan.

Trans gazteekin hitz egitea baino ez da behar, jasan behar izaten dutenaz jabetzeko. «Ez zara sekula benetako emakumea izango». «Mutila zarela? Bada, hori neska sinadura da». Edo Ekaik berak entzun behar izan zuena, ailegatzen ez zen tratamendu hormonalaren zain zegoela,  hilerokoa jaitsi eta bularrak hazten hasi zitzaizkionean. Hondartzara joan ezin zelako kexu zen, eta osagileak zer esango eta honakoa: «Ez zaitez horretan zentratu, bila itzazu bestelako alternatibak!». Bada, horixe egin zuen Ekaik: beste alternatiba bat bilatu. Non dute enpatia profesionalok?

Osakidetzako panorama etsigarri horren aurrean, Lersundik bazuen aukera Gurutzetako Ospitaleko Genero Unitatea uzteko, Nafarroako edo Kataluniako osasun publikora jotzeko. EAEn baino traba gutxiago jartzen baitituzte endokrinologia zerbitzura ailegatzeko (Bartzelonako “Trànsit” unitatea eta Rosa Almirall espezialista erreferenteak dira). Halere, Ekai Bizkaian geratu zen, tratamendu hormonala etxean egitea aldarrikatzen zuelako.

Bertako araudi zaharkituek tratamendu hormonala 16 urtetik aurrera baimentzen dute, baina arazo burokratikoek epeak luza ditzakete. Hori gertatu zitzaion Lersundiri: psikologo-psikiatra-psikologo bisitak, «hilabete barru etorri» behin eta berriz… Baina nerabezaroko gorputz aldaketen sasoian hilabete bat asko da. Ekaik erabaki ausarta hartu zuen, baina, senide eta lagunen babesa izan arren, burokrazia bihozgabeak bere jasateko ahalmena gainditu zuen. 2018ko otsailaren 15ean, amak etxean hilik aurkitu zuen.

Ekai Lersundiren historia, biografia laburra, hortxe amaitzen da. Baina senideei, lagunei, Ondarroako herriari esker bere kasua aldarri bihurtu da, LGTBI+ kolektiboaren barruan zein kanpoan: besteak beste, espainiar Estatu mailako Trans Lege bakarra eskatuz (lurraldez lurralde aldatzen diren araudien ordez), eta pertsona bakoitzaren kasura egokitutako jokabidea.

***

Gaur8rako, 2019ko ilbeltzan 19xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*