Ergeltasun gorena

Via Porru.

Gure ama zenari belaunean protesia ezarri zioten; bikain geratu zen, baina eskailerak jaisterakoan-eta, albokera jaisteko joera hartu zuen beste hanka aurretik botata. Ez zion minik ematen, baina «badaezpada«. Nire erronka, eta eguneroko matraka, operatutako belauna normal erabilaraztea zen. «Elbarri modura erabiliz gero, belaun elbarria lortuko duzu», esaten nion; lortu genuen zerbait.

Bikote bat ezagutzen dut, bere 10 urteko haurra 6 urte balitu bezala tratatu ohi duena: hitz egiterakoan, erantzukizuna eskatzerakoan, kapritxoen aurrean jokatzeanAtera kontuak: kasketak ere horrelakoak izaten dituzte. Besteoi oso deigarria zaigu, ume horrek gurasoak bistatik galtzen dituenean, beste laguntxoekin dagokion adineko portaera hartzen baitu. Baina etxean, gurasook 6 urte izateko «aukera» hori ematen diotenez, hark egoerari etekina ateratzen ikasi du. Nola ez!

Covid-19 pandemian, EAEn behintzat, agintariek herritarrak ergel bezala tratatu gaituzte. Babes neurriak kutsadura kontrolatzeko ezinbesteko bihurtu zirenean, jendearen osasun heziketa bultzatzea zailegia iruditu zitzaien nonbait: eta debekuen bidea lehenetsi zen. Jende askok ere «vivan las caenas» lelo espainiar tradizionalari heldu zion, debekuen bide hori txalotuz: «Bestela ez genuke-eta beteko!». Hau da hau, astoak berak uhala, makila eta azenarioa eskatzea! Jende honek bere burua ergeltzat badu, eta agintariek beren neurriekin uste hori berresten badute, normala da iragan astean bizi izan genuen bezalako egoera absurdoak gertatzea: maiatzaren 8tik 9ra arteko gauean, 22.00etan etxeratzeko aginduak eta 00.00etan alarma egoeraren amaierak bat egin zutenean, ergeltasunaren summum-a ezagutzeko aukera izan genuen.

Pandemia honetan gaizki egindako gauzen adibide asko eman daitezke (babes neurrien politika kaotikoa, zentzuzko arauak neurri ilogikoekin nahastean, arauen betetasunaren jarraipenik eza…) eta aurpegian emaniko «txaloak» alde guztietan bana daitezke. Baina aipatutako gauekoaren adibidea hain da esanguratsua, ezen nire ustez iruzkin monografikoa merezi duen. Gau horretan, jende askok (gazteak zein nagusiak) 22.00etarako etxean egoteko kontsigna otzan-otzan jarraitu zuen. Bertan egon zen 00.00ak arte, eta ordu horretan, ospakizun giroan (suziri eta guzti!) ordura arte derrigorrezkoak ziren babes neurriak apropos hautsi zituen: bildu zitekeen jende kopurua, kalean ibiltzeko ordua… Derrigorrezkoak zirelako hautsi zituzten.

Zergatik diodan jarrera honek ergeltasun gorena irudikatzen duela? Batetik «odolki» hauek koldar jokatu zutelako, beraien ustez egokia ez den araua hausteko adorerik gabe; ez ziren ausartu 22.00-00.00etan kalean ibiltzera. Bestetik, arau hori betetzeko arrazoi bakarra (isuna) desagertu zenean, ez zutelako osasun babes-neurri guztiak hausteko inolako erreparorik izan. Agerian eta kanpetxanoki. Babes neurriok, berez, ez zietelako piperrik ere ardura. Ezer ulertu ez duten ergelak, mila bider.

Dena ez da agintarien errua, beraz; ez horixe. Baina zati handi bat bai. Astakirten hauei gauzak nolakoak diren ulertarazteko inolako ahaleginik egin ez dutelako, debekuetatik eta isunen mehatxuetatik harantzago. Gizartea ergel bezala tratatzen badute, gizartea ergel jokatzera bultzatzen ari direlako.

Via Porru.

***********
Gaur8rako, 2021eko loraillan 16xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*