Eskala Bisual Analogikoa (EBA)
Gure eguneroko lanaren emaitzak neurtzea ez da erraza; hortan zalantzarik ez dago. Nola itzuliko genuke eboluzio fitxan joan den astetik hona pazientearen minak izan duen eboluzioa? Batzutan pazienteak esandakoa argigarria izan daiteke (“hobeto nago”, “txartoago”), baina, halere, nola ulertu behar dugu hori? Norainoko hobekuntza? Kasu askotan, ez da batere erraza eboluzio hori neurtzea. Baserritarrekin lan egiten dugunok ongi dakigu: “Nola zaude gaur?” galdera sinplearen aurrean erantzun sorta zabal eta joria jaso baitezakegu: “txarto ez”, “dena behar”, “hainbestean”, “tamainan”, “apaizak hobeto”… Harrapazank! 😉 Horrelakoetan, zer arraio idatzi fitxan?
Mina egitate konplexua izanik, berau objektibatzeko erabil ditzakegun neurriak inperfektuak dira, definizioz. Halere, hobe da neurri inperfektoa, neurririk eza baino. Filosofia horrekin garatu ziren mina neurtzeko eskalak, FSR-eko Ruben Tovarrek artikulu honetan ederki azaldutako legez (erantzunak artikulua bera bezain interesgarriak dira). Honi erreparatuz, fisioterapia arloan erabiltzeko moduko eskala bisual analogikoa (EBA) egin daiteke. Nik hauxe prestatu dut, gure kontsultan egunero erabiltzeko, eta hementxe jarriko dut, nahi duenak deskargatu eta inprimatu dezan eta zuen kritikekin hobetzeko esperantzan.
Prestatu dudan orri hau hirutan tolesteko pentsatua dago; horretara, pazienteak ikusiko duen aldea guztiz sinplea da, inolako erreferentziarik gabeko marra; terapeutaren aldera gelditzen den marra paraleloa, berriz, graduatua dago. Erregela hau plastiko gardenezko eraztun batez bilduko dugu, artikulo buruko argazkian agertzen den moduan; eraztunari marra bat egingo diogu, aurretik eta atzetik puntu bera markatu dezan.
EBA mina neurtzeko oinarrizko baliabidetzat hartzen da, hainbat ikerketek berretsia. Goian esandako legez, ez da perfektua eta bere mugak baditu: paziente beraren egoera neurtzeko bakarrik balio du (ezin da beste pertsona baten minarekin alderatu), hainbat faktorek emaitza alda ditzakete (aldartea, egoera psikosoziala, azken orduetan eginiko aktibitatea…). Halere, tratamenduan zehar pazienteak igartzen duen minaren intentsitatearen gorabeherak modu fidagarrian objektibatzeko oso baliagarria izango zaigu.
Jendeak dozenaka urte pasa ditzake pazientearen eboluzioa objektiboki neurtu gabe (nik neuk, zehazki, 22 urte pasatu ditut; karreran erakutsitako neurtzeko baliabide bakarrak –goniometroak, alegia- ez bait ninduen komentzitzen), eta ez da ezer larririk gertatzen. Lana ongi xamar egin daiteke “ojimetro” hutsarekin. Halere, argi dago neurtzeak abantailak dituela: pazienteari berari hobetu dela frogatzeko, adibidez (ai nire baserritar eszeptikoak!) edo, aseguruekin lan egitean, eboluzio informeak, peritajeak etabar egiteko. Batetik hori, eta bestetik bere erraztasunak, EBA ez erabiltzeko aitzaki gutxi uzten dizkigute.
On dagizuela!
Fisteuserako, 2015ko agorrillan 20xa.
Deja un comentario.