Espeleosorosleen kexua
Argazkiak.org | Materixala © cc-by-sa: ades |
Bolo-bolo dabilen gai batekin nator gaur, osasunari buruzkoa bada ere, ofizioarekin baino nire afizioarekin zerikusi gehiago duena. EAEn aplikatu nahi den isun berriari buruz ari naiz, kirol arriskutsuetan gertatutako istripuen erreskateetan hain zuzen ere. Euskal Espeleologoen Elkargoko erreskate unitate bereziko soroslea naiz, eta asmo honek nire kideen artean egonezin handia sortu du; oraintxe azalduko dizuet zergatik, eta erraz ulertuko duzue tasa berriarekin injustizia handia egingo litzatekeela, bai behintzat gurekin.
Gainera, espeleologoak ez gara zoroaren pare ibiltzen kobetan zehar. Geu gara kontziente, inor baino gehiago, kanpoan lesio txikia izan daitekeena (orkatila trokatzea, esateko) arazo gaindiezina bihurtzen dela haitzulo batean. Horretxegatik hain zuzen ere, esplorazioan serio aritzen garen espeleologo guztiak federatuta eta aseguratuta egoten gara, eta teknika eta segurtasun arauak zorroztasun bereziz zaintzen ditugu. Horixe da hain istripu gutxi izatearen arrazoia: EAEn, joan den 25 urteotan, lau baino ez dira gertatu (leizeetan jausitako pertsonak eta kobetan galdutako bisitariak ez dira espeleologoak izaten).
Hala ere, egia da «benetako» istripu espeleologikoa gertatzen denean, zauritua ateratzeko behar den logistika eta organizazioa ikaragarria izaten dela. Salbamendu sinple batek, 20 ordu ingurukoa esate baterako, 100 pertsona baino gehiagoren parte-hartzea eska dezake. Halakoetan, erreskate talde profesionalen ahalmena (polizia, suhiltzaileak) gaindituta geratzen da; hor sartzen gara jokoan Euskal Espeleo Laguntzakoak (EEL).
EEL orain dela 30 urte baino gehiago sortu zen Euskal Espeleologoen Elkargoaren barruan, erreskate unitate berezi legez. Orduan frogatu baitzen (Felix Ruiz de Arkaute famatuaren heriotzaren ostean) lurpean istripua izan duen pertsona bat salbatzeko aukera handiena bere lagun espeleologoek dutela. Gaur egunean ere, esplorazioan serio aritzen den edozein espeleologo ondorio horretara ailegatzen da, eta ia denok EELko partaide izaten amaitzen dugu. Euskal Espeleo Laguntza taldea Euskal Herritik bertatik kanpora ere sonatua da teknikoki zein osasun arloan duen espezializazio maila altua dela-eta; urte osoan aritzen gara ikastaro, ariketa eta simulazioak egiten larrialdi egoeren aurrean beti prest agertu ahal izateko. Eta den-dena ogerlekorik kobratu barik.
Espeleologoak diskretuak gara, eta inor gutxik daki lurpean zertan aritzen garen. Baina zentzugabekeria honen aurrean, leize eta kobetatik kanpora irten beharko dugu gizartean eta zientzian betetzen dugun papera aldarrikatzeko. Eta gure jarduna arautu gura dutenean, gutxien-gutxienez aurretik gurekin berba egin dezatela eskatzeko.
Deja un comentario.