Euskal militantearen sindromea: bi kasu

070818-ko Gaur8-rako idatzittakua. Aspaldiko beste idazki honen bermoldaketia da hau, kontsultan ikusittako kaso erreal bikin osatuta (pazientien izenak aldatuta, jakiña).

Euskal militantearen sindromea

Euskal Herrian abertzale jendea ugaria da. Askok egunkari hau berau irakurtzen dutela aprobetxatuta, gaur espresuki haiengana zuzenduko naiz. Abertzaleen artean oso zabalduta dagoen “sindrome” hau askotan ikusten dugu kontsultan, eta ziur nago makinatxo batek bere burua erretratatuta ikusiko duela hurrengo lerroetan.

Lantokian, gorputzeko minak kentzen ibiltzen gara gu. Bertan, egunero ikusten dugu gorputza eta gogoa ezin direla bereizi, eta minak ezin izaten direla guztiz kendu, arlo emozionala –gogoa– landu ezean. Hau esatea Mediterraneo itsasoa deskubritzea bezalakoa izango da osagile gehienen ustez, noski. Baina hau oso agerikoa izan arren, oso terapeuta gutxik (ofizial nahiz alternatibo) hartzen dute kontuan pazienteak tratatzerako orduan.

Gehiago zehaztu dezagun. Hurbil gaitezen, bada, euskal militante pare baten kasuetara.

Amaia ondoezaz eta min orokorrez kexuka etorri zen kontsultara. Terapia fisikoen bitartez, bere gorputzeko minak erraz baretu genituen, baina egun gutxiren buruan, berriro etortzen zitzaizkion. Amaia euskalgintzan aritzen da lanean. Bere denbora kudeatzeko arazoak zituen, lanetik irtendakoan beharrean jarraitzen baitzuen: txosna montatu, kartelak pegatu, euskaltegian lagundu, ekitaldiak antolatu… beti zerbait, lanegun nahiz asteburu. Mingainetik tiraka, jakin genuen ez zituela gorputzeko minak bakarrik: antsietadea, lo egin ezina, nekea, ahulezia… Egotez, depresio zuloaren ertzean zegoen Amaia. Soluzioaren lehenengo pausoa benetako arazoa identifikatzea eta onartzea izan zen. Atzetik etorri ziren eguna hobeto antolatzea, ordutegiak errespetatzea, ezetz esaten ikastea… Azkenik –orduan bai–, gorputzeko minak hobetzen hasi ziren. Ez ezazue pentsa hau guztia egun batetik bestera gertatu zenik: denbora dezente behar izan du Amaiak bere burua hobeto gobernatzen ikasteko. Baina gaur egun, bizi-poza zer den berriro ezagutu du. Eta, berarentzat garrantzizkoagoa dena, euskalgintzan bere etekina hobetu egin da, eta egun militante eraginkorragoa da.

Pentsatzen hasiz gero, laster etorriko zaizkizue burura Amaiaren ataka berean dauden pertsonak: bileraz bilera saltoka, lotarako, atsedenerako, ondo pasatzeko astirik ez dute hartzen. Garai bateko gure lagun alai eta ilusiodunek begietako dirdira galduta dute eta drogak behar dituzte (kafea, tabakoa…) aurrera halamoduz egiteko. Pertsona guztiok behar dugu geure burua zaintzeko eta maitatzeko denbora. Baita zuek ere, oi ene lagun abertzaleok! Ez baitzarete superheroiak.

Osasun txarreko beharginak ez du beharra ondo betetzen; eraikuntza nazionalean badihardu, minez eta larritasunez jarritako masa eta ladrilloekin zer eraikin klase egin dezake? Nahiko kaskarra seguru. Beste modu batera esanda, guretzako denbora gorde behar dugu lehenik; eta soberan geratzen denetik, hortik hartu militantziarako denbora.

Entzuten ditut honezkero zuen kexak: «Nola sobrako denbora militantziarako? Dana emon biar yako matte dan askatasunari, barren!…», «guk ez badugu egiten, ez du inork egingo», «Hay hombres que luchan un dia y son buenos… bla bla bla». Lasai, lagun abertzaleok. Nork egin du lan gehiago: hiru urtean %100ean ibili eta gero erre denak, ala 20 urtean egunero ordu gutxi sartuta inurri lanean aritu denak?

Asier baserritarraren prototipoa da; alegia, lanari emanda bizi da. Politikan ere, halatsu: buru belarri eta ardura handiekin dihardu. Hainbeste, ezen bere afizioak, barne bizitza eta gorputzaren zainketa utzita dituen aspaldi, eginbeharren mesedetan. Orain dela urte batzuk, arrazoi barik, erreuma mota berezi bat hasi zitzaion gorputz osoan, eta horregaitik hasi zen gurera etortzen. Laster konturatu ginen erreuma horren garapenak eta txartze faseak estresaren gorabeherekin lotura zuzena zutela. Bera ere ohartu zen bizimodua aldatu beharko zuela, hobetuko bazen. Baina aberriak behar omen zuen, eta berdin jarraitzea aukeratu zuen. Guk ezin izan ditugu bere erreumak osatu, noski, eta osasunaren hondatze prozesuak aurrera egin du, poliki-poliki. Bere gorputza, kotxeko olioaren argi gorritxoa bezala, abisuak ematen aritu zaio urteetan, baina jaramonik ez. Eta azkenean, olio gabeko kotxearena gertatu zaio: 45 urte dituela, minbizia aurkitu diote. Aurki hilko da, baina berak oraindik ezin du sinetsi. Ez du onartu nahi bere mila proiektuak amaitu gabe geldituko direla.

Aberri baten alde hiltzeak merezi duen edo ez… hori bakoitzak erabaki behar, noski, baina hiltzekotan, heriotza hori mesederako izan dedila, behintzat. Ideal batengatik osasuna galtzea eta alferrik izan dela deskubritzea baino gauza tristeagorik… Aukeran, hobe bizirik egotea eta lan jasangarriago bat egiten.

Natura ederra da, baina gupidagabea ere bai. Ez da batere ulerkorra gure eginbehar zintzo eta idea jasoekin. Gorputzaren eta gogoaren premiei entzungor egiten badiegu, lehenago edo geroago faktura etorriko zaigu. Ostera, haren arauak errespetatzen ikasten badugu, bizitza luze eta oparoa gozatu ahalko dugu. Jarraitu Amaiaren eredua.

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. Euskal militantiaren sindromia | Aixebe & Abante Fisioterapia
  2. Burrukatu, baiña ez osasuna galdu! | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*