Femurraren hausturak
Adineko pertsonetan sarrien ikusten diren hausturen artean dago izter-hezur edo femurrarena. Normalean osteoporosiarekin eta erorketekin lotuko hausturak izaten dira, eta, behin gertatzen direnean, arazo potoloa dira: pazienteen independentzia jokoan jartzen dute eta %33k baino ez dute errekuperazio osoa lortzen. Hori gutxi balitz, gastua handia da: mokorreko haustura bakoitzaren kostua 35.000 bat eurokoa da lehen urtean, eta beste 5.000 inguru aurrerantzean. Horregatik, osasun erakundeek ahalegin berezia egiten dute prebentzioan.
Paziente gazteetan ere gertatzen dira femurreko hausturak, bistan da; baina askoz ere gutxiago, eta eskuarki traumatismo handiren batekin lotuta, trafiko istripuak eta beste. Horrelako baten kasua da, hain zuzen ere, gaurko artikulu hau idaztera bultzatu nauena. Dei diezaiogun Aitor, eta esan dezagun itsasontziko mastatik karelera erori dela; femurra hautsita, uda osoa etxean igaro beharko du, eta, denbora sobran duenez, hemen hobeto osatzeko informazio pixka bat emango diogu.
Femurraren haustura guztiak, jakina, ez dira berdinak: pitxar bat lurrera erortzean bezala, zatiak era askotara egin daitezke, eta, ondorioz, hori estudiatzea izango da lehendabizikoa, horren arabera aukeratu behar baita arazoa konpontzeko teknika onena. Femurraren hausturak sailkatzeko erabil daitekeen eskaletako bat Gardenena da, non I graduak hezur zatien mugikortasun minimoa irudikatzen duen eta IV graduak zatien bereizketarik handiena. Batzuetan tratamendu kontserbadorea erabiltzen da, zatiak asko mugitu ez direnean, edo, zerbaitengatik (pazientea oso nagusia delako adibidez), operatzeak mesede baino kalte gehiago egingo duenean. Baina, gehienetan, femurraren hausturak kirurgikoki konpontzen dira, prozedura bizkorrena eta eraginkorrena baita. Tratamendu kirurgikoa lesio unetik bi egun igaro aurretik egitea gomendatzen da, eta lehentasuna femurraren buruaren odol-zirkulazioa bermatzea izaten da; ezinezkoa denean, protesi batekin ordezka daiteke.
Zenbait kasutan konplikazioak ager daitezke: infekzioak, seudoartrosia, soldatze okerra, nekrosia, albo-kalte neural eta baskularrak, pieza metalikoen soldatze okerra, azaleko ultzerak (pazientea luzaroan oheratua egon behar denean), tronbosia (%2)… Azken horren arriskua dela eta, femurraren haustura izandako paziente guztiekin odolaren koagulazioa kontrolatzeko botikak erabiltzen dira.
Bistan denez, dena delako tratamenduaren ostean errekuperazioa dator; gure lagun Aitorren kasura itzuliz, esan behar da luze joko duela (aktibitate maila normalera itzultzeko 3-6 hilabete artean), baina orokorrean emaitzak onak izaten direla. Hankaren gainean pisua kargatzeko aukera soldatze prozesuaren araberakoa izaten da, eta, bitartean, karga hori saihesten duten ariketak erabil daitezke, hala nola igeriketa edo bizikleta, mugikortasuna berreskuratzeko eta muskuluen aktibitatearekin hezurraren mineralizazioa bizkortzeko. Behin pisua kargatzeko argi berdea ematen digutenean, progresiboki egingo dugu, eta errekuperazioa azkartuko da: izan ere, hezurra mineralizatzeko estimulurik indartsuena karga bera da.
Baina gogoratu femurraren hausturaren tratamendu eraginkorrena prebentzioa dela. Horren erakusgarri da osteoporosia eta erorketak gutxitzeko planak egin dituzten herrialdeetan, aiton-amonen artean haustura mota honen intzidentzia asko jaitsi dela.
******
Gaur8rako, 2019ko garagarrillan 13a.
Deja un comentario.