Ganorazko sauna bat
Txosten honen bertsiño laburtu bat hamen idatzi neban, Gaur8rako.
Oso zabalduta dagoala diñogu, bai. Baiña esan biharko da be, oso pertsona gitxirek hartzen dabela benetako sauna bat. Izan be, ni neu behintzat, ba dira 4 bat urte lantzian behin saunara juaten naizena Lekeittioko Kiroldegixan. Denpora guzti horretan esan neike ez dotela pertsona bakar bat be ikusi saunia bihar-dan-moduan hartzen. Bat bez, gero. ¡Ba da markia! Ba hala da, bai: sauna instalakuntzak oso zabalduta dagozen arren, jentiak txarto erabiltzen dittu. Hau pena bat da, eta horregaittik pentsatu dogu honen gaiñian aritzia. Osasunan autogestiñorako oso baliabide atsegin eta eraginkorra dogulako, saunia.
Jente gehixenandako, saunia izardi eragitteko modu bat baiño ez da; esan bihar dogu, jente honek saunian mesedietatik zatitxo bat ezagutzen dabela bakarrik.
“Sauna” berbia suomi eta sami hizkuntzen aintziñako berbia da (gaur egungo Finlandia eta Laponiakua), eta gaur egungo esannahi bera zeukan lehen be: egurrezko areto bat, erdixan estufa bat eta haren gaiñian harrixak. Ipar europako biztanliendako, saunia betidanik izan da familixiakin, lagunekin edo norbere kautan egoteko leku bat. Edurretako jentian elikadurian berezittasunangaittik (koipe eta okela asko, toxina larregi…) odola garbittu biharrak be asko lagundu detza saunian hedapenari.
Esandako moduan, aretuan hormak egurrezkuak dira; hau garrantzitsua da, eurak kontrolatuko dabe-eta aretoko hezetasun maillia; larregi badago xurgatu, eta gitxiegi badago askatuta, denpora guztian 15 bat gradutako hezetasuna mantenduko dabe hórrek egurrezko hormok. Hezetasun hau oso txikixa da, eta beroni esker jasango dau korputzak areto barruko tenperatura altua (80-100 gradu artian).
Tradizionalki, herrittarrak saunara juan izan dira nekatutako edo bihar gogorrakin mallatutako korputzari sendotasuna itzultzeko. Oin dala 200 urte arte, urki adarrak erretzen ziran harrixak berotzeko, eta behin sua emetatutakuan sartzen zan jentia saunia hartzera, ke eta guzti. XVII mendetik aurrera estufak hobetu eta keia kanpora botatzeko sistemak asmatu ziran. Modu barrixetan, estufia sutan zeguala saunia hartzia ahalbidetu zan eta gaur egunian ezagutzen dogunan antz gehixago hartu zeban.
Geruago azalduko dogun modura, garrantzitsua da saunan ur hotzan papela. Hau modu desbardiñetan konpondu izan da; gaur egunian dutxak daukaguz, baiña sasoi baten tiña haundixak egongo ziran urez beteta, edo errekia sauna onduan. Sauna bat hartzia ez da-eta gela bero batera sartu, eta kitto. Pauso batzu dagoz, baitta filosofixa bat be. Modu sinplian esanda, hiru pauso egongo litzakez:
- Korputza berotu.
- Korputza hotzittu.
- Deskantsatu.
Tenperatura hain altuko leku baten sartzian, korputzak bere errekurtso guztiak erabiltzen dittu gure barruko tenperaturia igo ez daiñ. Errekurtso printzipala azala da: izardi ugari botatzian, korputzeko tenperaturian igoeria ekiditzen da. Horretara, nahiz eta giruan 90º gradu egon azala ez da 41º baiño gehixagotik igotzen; era berian, korputz barruko tenperaturiak ez dittu pasatzen 38,5ºak.
Horixe da ba, saunan sartzian gertatzen dan erantzuna. Korputzak eraso modura hartzen dau bero haundi hori, eta defenditzen hasten da. Baiña defentsa horretan ekitzia entrenamendu eta sendotze parebakua da korputzandako, mesede askon itturri:
- Toxinak kanpora jaurti: gultzurrunekin batera, izardixa da korputzak garbitzeko erabiltzen daben bide nagusixa. Ba dira toxina batzu, baiña, izardittik hobeto jaurtitzen dirazenak txixatik baiño: metal pisudunak eta partikula erradioaktibuak adibidez.
- Sistema Nerviosuan eragiña: errelajaziñua eta sendotasuna (estabilidadia).
- Gimnasia vascularra: bihotzekua nahiz periferikua. Sauna barruan, bihotzan taupada normalak (70-80 minutuko) asko igotzen dira eta errez heltzen da 110-140 taupadararte. Hau arriskutsua izan leike bihotzeko arazua dauken pertsonendako. Esaten da 5 km. nekatu barik ibiltzeko kapaza dan pertsoniak arazo barik ahal dabela saunia hartu.
- Inmunidade sistemak biztu.
- Arnas arazuak: saunan 7 bidar odol gehixago doia birikixetara, espasmuak arindu eta mokuak disolbiduta.
- Erreuma kasuetan minak gozatu.
- Azalan garbittasuna: hildako azala kendu egitten dogu eta barrixa tonifikatu. Finlandiako atsotitz batek diño “emakume ederrena, saunatik urten eta ordubeterakua”.
Baiña esandako modura, ez da bakarrik onura fisikua lortuko doguna. Iparraldeko Europako kultura zaharretan (baitta bestelako kulturetako bainuetan be), sauna bat egittia norbere buruakin egoteko denpora bat hartzia da. Bizitza lanpetu baten alto egin eta pentsatzeko tarte bat hartzia. Lagunekin, maitte dogun pertsonekin plazer bat konpartitzia. Kanpoko munduko prisak alde batera laga eta puspillo lasai baten deskantsatzeko aukeria…
Esan biharko dogu ba, zergaittik erabiltzen daben jentiak txarto saunia. Ez dira akats larrixak, hau da, iñor ez da hilko sauna bat txarto hartziarren, baiña bai gertatuko dira gauza bi. Batetik, jaso leikian mesede asko ez dittu jasoko; eta bestetik, osasun arazoren bat euki ezkeriok susto larri bat hartzeko aukera asko daukaz.
Oso kuriosua da, gainera: saunia txarto hartzen daben jente honek protokolo bat jarraitzen dabelako. Sauna bat sekulan hartu ez dabenak be, ez dau problemarik izango zer egin bihar dan jakitzeko. Saunista beteranuak segiduan azalduko detze “zelan egin bihar dan”, belaunaldiz belaunaldi transmitidutako sasi-protokolua. Normalian hau egitten dabe:
- Heldu aretora, erropia kendu eta dutxan busti, ur epelakin. Jaboi barik.
- Busti-busti eginda, saunara sartu.
- Sauna barruan, aukera bi: zein gorago jarri edo zeinek denpora gehixena aguantatu. Momentu txarra pasatzeko, izperringia irakorri, berba egin edo burruntzariakin harrixetara ura isurtzeko aukeria dago. Ba dago zigarruakin sartzen danik be.
- Ezin danian gehixago “aguantatu”, kanpora. Izardixa “kentzeko” dutxa berua hartu, legortu barik banketan jarri, eta egon (beharko! bestela tentsiño bajadiak jota lurrera).
- Aplatanamendutik erdi-errekuperatuta, barriro sauna barrura. Ziklua errepikatzen da, nahi dan beste bidar. Batzuk, ordu eta erdi egon leikez halan…
- Azkenian, saunatik urtendakuan dutxa berua hartzen dabe, oinguan jaboiakin (izardi nazkagarri hori kentzeko). Jakiña, sikatu eta hamar segundotara barriro dagoz izardittan. Halan ezin diralako jantzi, denpora pillua pasatu bihar izaten dabe banketan jarritta, denpora pasan.
- Azkenian, izardi-jarixua apur bat baretutakuan jantzi eta etxera doiaz, destenplatuta askotan.
Komentarixuengaittik, susmatuko zenduen metodo honekin ez nagola oso konforme. Hala da. Izan be, sasi-sauna honekin, onenian, mesede gitxi egitten detzagu korputzari (txarrenian, kalte bebai).
Guazen errepasatzera aurretik deskribatutako “sasi-protokoluan” akatsak, banaka:
- Hasierako dutxan jaboirik ez erabiltzia (1º akatsa). Jaboia saunara sartu aurretik erabilli bihar da. Modu horretan, azalan hildako zelulak eta poruetako tapoiak kendu egingo doguz, eta izardixak bidia libriago izango dau kanpora urtetzeko. Gaiñera halan ez da izardi usaiñik egongo; gauza jakiñekua da izardixak berak ez daukala usaiñik; usaiña azalian dagozen bakterixak eragindako deskonposiziñuak etaratzen dau, eta horretarako ordu asko bihar dira.
- Saunara azal bustixakin sartzia (2º akatsa). Lehen esandako modura, sauna barruan 80-100 gradu dagoz. Azal bustixakin sartzen ba gara, azaleko urak irakin eta erre egingo gaittu. Saunako berua txarto aguantatzen dabenak, ondiok txartuago aguantatuko dau. Saunara sartu aurretik azala legortu egin bihar da; bai lehelengoz sartzian, bai hurrengo sartualdi guztietan be.
- Giro lasaixa haustia (3º akatsa). Saunara doianak kanpoko mundutik deskonektatzia nahi dau. Berba egittiak edo irakortziak ez dezkue hortan laguntzen.
- Konpetiziñuan ibiltzia (4º akatsa). Sauniak plazerra ekarri bihar dau, eta ez dauka zentzurik ahal danik eta tenperatura edo denpora gehixen aguantatzeko leihan ibiltzia. Ez beste iñokin, ez norbere buruakin. Gustora ez dagoan pertsoniak kanpora urten bihar dau; ez dau onura gehigarririk jasoko bertan aguantatuta. Gustora egon ahal izateko, jakiña, ezinbestekua izango da saunian pausuak zihetz errespetatzia.
- Urtetzian, dutxa berua edo epela hartzia (5º akatsa). Hau hala egittian, saunian potentzial sendagarrixan %80ª alperrik galtzen gabiz, ixa-ixa inutilla bihurtu arte. Lehen aittatu doguzen 3 pauso nagusixetatik (1-Korputza berotu; 2-Korputza hotzittu; 3-Deskantsatu) printzipalena erdikua da, eta berau ez badogu errespetatzen, sauna horrek ez dau ixa ezertarako balio.
- 4-5 sartu-urtenaldi egittia (6º akatsa). Sauniakin lortzen dogun “garbiketa” nagusixa lehelengo izardialdixan lortzen dogu. Urten leikiazen toxina etabar guztiak, orduan botatzen doguz kanpora. 2-3 errepikapen baiño gehixaho egittiak ez dauka ezelako balixo terapeutikorik, hortik aurrera ura galtzen gabiz bakarrik.
- Amaitzian, dutxa bero-epela jaboiakin hartzia (7º akatsa). Biharra nahiz kirola egin eta gero, usatuta gagoz izardixa kentzeko dutxatzen, higiene kontuengaittik. Hamen baiña, hasieran jaboiakin garbittu bagara behintzat, bota dogun izardi guztia garbixa da berez. Saunia amaittu eta geroko dutxa hotzakin gure azala garbixa baiño garbixago geratzen da eta ez dago jaboirik erabilli biharrik.
Hónek diraz ba, saunazale gehixenak bere liturgia okerrian egitten dittuezen akatsak, txarto egindako gauzak. Puntu honetan, esan biharko dogu zein dan ba, saunia modu egokixan hartzeko eria. Pausuak oso sinpliak dira, baiña era berian rigiduak. Millaka urtetako esperientzixian ondorixuak dira, eta ezer ez dago sobran:
- Dutxa berua hartu, jaboiakin dana ondo garbittuta; gero korputza eta ulia ahal dan onduen legortuko dogu.
- Korputz legorrakin, sauna barrura sartuko gara; ondo egoteko moduko leku bat topatuko dogu (zenbat eta gorago, bero gehixago). Etzinda nahiz jarritta, errelaxatu eta bero sentsaziñuaz disfrutatuko dogu, arnas sakonakin lagunduta. 10 bat minutu arte egon geinke (lehenago ez ba gara gogaitzen, jakiña).
- Kanpora urtenda, segiduan jarriko gara korputza hotzitzen. Modurik errezena, dutxia: zenbat eta hotzagua hobe. Gauza bat izan biharko dogu kontuan: dutxa hotzetik urtetzian, ez garala izardittan egon bihar. Korputza legortuko dogu gero, eta ondiok izardittan gagozela konturatzen ba gara esan gura dau ez dogula korputza nahikua hotzittu: dutxa hotzian sartu biharko gara atzera, izardixa geratu dala sigurtatu arte.
- Korputza legor eta izardi barik daukagunian, saunia amaittu da printzipioz. Oin: plazer hutsez, nahi izan ezkeriok prozesua errepikatu ahal izango dogu pare bat bidar. Edozelan be ez gara ordubete baino gehixago egongo.
- Amaitzian, segiduan jantzi eta kalera juango gara. Datozen 2-3 orduetan, saiatuko gara aktibidade fisiko gogorrik ez egitten, eta sauniak ekarrittako errelajaziño sakonaz gozatzen.
Jente asko dago saunara sartu eta txarto pasatu dabena eta, “sekulan bueltatuko ez dala” diñuana. Normala: txarto hartutako sauna bat benetako torturia izan leike. Halako jentiari gomendixo bat egingo detzegu: saiatu zaittie oin deskribatutako modu honetan egitten, eta saunia plazer hutsa bihurtuko da; urten orduko, ¿hurrengua noiz? galdetzen hasiko zarie.
Komentatu bihar dogu, bebai, dutxako “ur hotz” hori desbardiña izan leikela pertsona batetik bestera. Ein kontu: neguan, grifotik urtetzen daben ur hotzenak 15 bat gradu izaten dittu. Ba, pertsona batzu kapazak izango dira tenperatura horretan dutxa bat hartzeko, baiña beste batzu ez. Bardin da: 25 gradutatik behera ezin badozu jasan, horixe izango da zure neurrixa. Denpora luziagua egon dutxapian, eta listo: helburua bardin lortuko dozu (izardixa geratu arte gorputza hotzitzia).
Dutxa hotz hau egitten ez danian, lehen esandako moduan saunatik urtenda korputzak izardixa botatzen jarraitzen dau. Honek termorregulaziño arazuak badakarz be (“destenplia”) hori ez da kaltegarrixena. Konturatzen bazarie, saunako berotasunetik urtendako jente hori ez da tente mantentzeko gauza, eta banketan eseritta egon bihar izaten da luzaruan. Honen arrazoia, zanen dilataziñua da.
Korputzak, bero izugarri horri aurre egitteko, azaleko zanak nasaittu egitten dittu. Odola azalerarte heltzen da (azala gorrittu) eta era honetan korputza barruko bero hori askatzen saiatzen da. Honek daukazen ondorio sekundarixuetako bat odol presiñuan jaitsieria da. Saunatik urtendakuan hartu bihar dogun dutxa hotz horrekin, azaleko zanak atzera estutu eta odol presiñua normaldu egitten jaku. Ez ba dogu dutxa hotzik hartzen (edo berua hartzen badogu) odol presiñuak baju jarraitzen dau, eta pertsonia ixa-ixa ezingo da tente egon be egin. Horregaittik saunian pausuak txarto egitten dabenak ez dira gauza tente egoteko bez.
Saunian pausuak egokiro egitten dabena, barriz, ondo baiño hobeto sentitzen da amaitzian. Errelajatuta, baiña ez nekatuta. Hain gustora eze, egunero egitteko tentaziñua euki leike. Baiña honek be ba dauka bere tamañua, eta jakizue ez dala komeni saunia astian hirutan baiño gehixago egittia. Sistema parasimpatikua larregi estimulatuko genduke bestela, eta honek ondorixo asko daukaz (desio sexualan inhibiziñua, adibidez).
Beste gauza bat: sauniak ez dau argaltzen. Killo eta erdi inguru galdu leike saunia egin eta gero, baiña dana ura danez, ordu gitxira barriro hartzen da pisu hori.
Batzuk erreparuak izaten dabe saunian garbittasuna dala ta ez dala. Euren lasaittasunerako, esan egin bihar da saunia berez nahikua leku garbixa dala, bertan dagozen tenperatura altuak girua eta oholak esterilizatu egitten dittuezelako. Hau berez nahikua izango litzake garbittasuna bermatzeko, baiña hortaz gain jentiak toalla txiki bat eruaten dau haren gaiñian jartzeko, eta sartu aurretik jaboiakin garbittuko garan ezkero, ez dogu bildurrik izan biharko.
Toalla txiki hori bere gainian jarri edo etzintzeko erabilliko dogu, baiña hortaz aparte billuzik egotia da onena. Egoten dira arazo logistikuak, gizonak eta emakumien banaketak, lotsak etabar… eta hórrek bakoitzak ikusiko dau zelan gaindittu. Baiña jakizue behintzat, soiñian arropa busti bat badaroiagu saunara sartzian urakin irakin egingo dabela, eta pizkat molestua izan leikiala. Hori bakarrik.
Penia da gaur egunian gure inguruko polikiroldegixetan saunia zelako txarto erabiltzen dan. Juaten naizen bakoitzian, nere inguruan sasi-saunan ibiltzen dira danak eta bitxo arrarua neu izaten naiz. Ikustekuak izaten dira euren aurpegixak dutxa hotzian sartzen naizenian, edo izardi tanta batikbe ikusten nabenian. Baiña ez naiz ni aholkuak emoteko zalia, iñork ezbadestaz eskatu; eta isillik segitzen dot neurian. Horren ordez, saunian gaiñeko saio hau egittia pentsatu jata, interesa daukanak jarraitzeko eredu egokixa izan deixan.
Ahal badozue, egin aprobia: hartizue benetako sauna eskandinabiarra. Jaramonik ez egin “sasi-saunazalien” aholkuei, eta… kontatuko destazue ia ze alde somatu dozuen.
Aupa!
Ederra artikulua eta azalpena!!! Holako azalpenekin emoten dau bai sauna bat hartzeko gogua !
Sekula ez naiz sauna baten egon, baina holako esplikaziñuekin enbidixia emoten dau !
Mikel
Saunia plazer hutsa da, bai jauna! Artikulo bikaiña Oier. Hillian 2-3 aldiz juaten nok saunara, eta oin, gehitxuagotan juaten hasiko nok. Hire arauetako gehixenak betetzen jittuat; jaboiana ez (jaboia aurretik eta ez ostian). Hamendik aurrera, alrebes. Bajakixat.