Ekintza Zuzena aldizkarixan 40garren alian argitaratu doten artikulu hau beste honen bertsiño moldatua da. Aldizkarixan artikulu interesgarri asko topauko dozuez, 25 urteurreneko ediziño berezixan (124 pajina). Lea-Artibaien hamen eskuratu zeinkie: Aralde liburudendia eta Zulo tabernia (Lekeitio) eta Zurrumurru liburudendia eta Basati tabernia (Ondarroa). Gaztelerazko bertsiñua be argitaratu da Espainian.
XIX mendean osasun arloan iraultza gertatu zen Europan: izurriteei aurre egiteko, erakundeek elkarlanean jardun zuten higiene publikoa bultzatu nahian. Ordutik hona gure osasun maila izugarri igo da. Gaur normaltzat ditugun ur korrontea, antisepsia, komunak, zabor-bilketa zerbitzuak edo estolderia ekimen koordinatu hauei zor dizkiegu.
Gaur eguneko garbitasun eredua ere, XIX mendeko honen oinordekoa da. Eta azken urteetan, paradoxikoki, gero eta sarriago garbitzeak osasunarendako kalteak ere ekartzen hasia dago, datozen lerroetan azaltzen saiatukogarenez.
Higiene pribatua
Greziar eta erromatarren artean bainuak ohizkoak ziren. Hala ere, gorputza garbitzeko ez zuten jaboirik erabiltzen, baizik eta oliba-olioa eta harearen nahaste bat. Honekin gorputza igurtzi eta strigilis izeneko igitai moduko batekin arraspatzen zuten, azala garbia eta koipeztatua utziz. Garbia eta koipeztatua, bai: gaur egungo usadioen arabera kontraesana dirudien arren. “Garbi” eta “zikin” kontzeptuak uste duguna baino erlatiboagoak diren seinale.
Ekialdeko kulturetan ere, hammam edo bainu turkiarra milaka urtetatik ezaguna da: lurrinezko bainu hauek garbikunde erritualetarako eta higienerako erabiltzen ziren. Kultura askotan aurki ditzakegu antzekoak: sauna Europa iparraldean, temazcal Mexicon…
Erdi Aro hasieran ere (VII gizaldi inguruan) Europako estrato sozial guztiek erabiltzen zituzten bainuak: herritarrek instalakuntza publikoetan bainatzen ziren, familiak osorik, sexu bereizketa barik; nobleek gazteluetako sukaldeetan jarritako ontzietan egiten zuten; lekaideek, berriz, monastegietako bainu areto kolektiboetan.
Erdi Aroa aurrera joan ahala, baina, errelijio borroka latzek Islamarekin desberdintasuna markatu beharra ekarri zuten: besteak beste, bainua sarri hartzea txarto ikusten hasi zen. Gainera Erreforma Protestante eta Kontraerreforma Katolikoarekin (XVI mendea) bainu publikuak moralitatearen aurkakotzat jotzen hasi ziren. Honen ondorioz XVI-XVII mendeetan populazioaren higiene maila Historiako baxuena bihurtu zen. Gauza gehiago korapilatzeko, sasoi horretan hiriak asko hazi ziren. Erroma edo Asiako aintzinako hirietan estoldak eta garbitasun publikorako sistemak oso aurreratuta bazeuden ere, XVI mendeko Europako hiriak ez zeuden prestatuta jente metaketarako: edonon egiten zen kaka eta pixa; hiltegiak, azokak, larru industria, garraiorako abereek sortutako hondakin organikoak tonaka pilatzen ziren nonnahi.
XVIII mendean, etxeko hondakinak leihotik jaurtitzea debekatzen hasi zen. Hirietan zaborra lagatzeko tokiak gertatu ziren; gainera, estoldak eraiki eta bertara lotutako auzo-kakalekuak (komunak) ugaltzen hasi ziren.
Bainu publikuak txarto ikusita egon arren XX menderarte iraun zuten: herritar zeheen etxeetan komunak egoten baitziren baina gorputza garbitzeko instalaziorik ez. Hala eta guzti ere, herritar guztien ametsa bainu pribatua izatea zen, aberatsen modura; etxeetara ur korrontea ekarri ahala gero eta eskuragarriago izan zena.
Ikuspegi historikoari erreparatuta, beraz, publikotasunetik pribatutasunerako joera nabarmena ikus dezakegu; oraindik ere gelditu ez den joera, bide batez esanda. Gero eta normalagoa baita etxe bakoitzean komun bat baino gehiago izatea…
Higiene publikoa Europan
K.a. VI mende aldean osasun teoria bi nagusitu ziren:
- Crotonako Alcmeonen isonomia (iso = berdin, nomia = legea): osasuna gorputzeko elementu guztien orekaren ondorio legez ikusten zen.
- Empedoclesen teoria: korputza lau elementuk osatzen zuten (ura, lurra, sua eta airea), elementu bakoitzak bere gaitasunarekin (urak hezetasuna; lurrak lehortasuna; suak beroa eta aireak hotza).
Hipokratesen sasoian (K.a. 460-370) aintzinako teoria biak bildu eta humorekonzeptua sortu zen. Humore bakoitza lau elementuen nahastea zen:
- Odola (su eta urez egina).
- Flema (aire eta urez).
- Behazun beltza edo melanobilis (ura eta lurrez).
- Behazun horia edo atrabilis (su eta lurrez).
Osasuna lau humore hauen oreka zen; gaisotasuna, bata besteen gainetik nagusitzea. Gainera, esaten zenez, pertsona bakoitzak joera berezia zuen, lau tenperamentu deskribatzen zirelarik:
- Sangineoa.
- Flematikoa.
- Melankolikoa.
- Atrabiliarioa.
Adibidez, tenperamentu sangineodun pertsona batek (hau da, sua eta ura) udan gaisotuko litzateke errezen, udako giro bero eta hezeak bere humore predominantea (odola) indartu eta desorekatu egingo lukeelako. Soluzioa pazientea odolustuz bilatuko zen, eta horrela humore bakoitzarekin. Dena dela, horretaz gain, hipokratikoek bizimodu eta elikadura orekatuari ere garrantzia ematen zioten.
Galenoren sasoian ere (K.o. 131-201) Hipokratesen teoriak mantendu ziren. Baina teoria higieniko hauek handikiek baino ezin izaten zituzten jarraitu; denpora libre askoko aberatsak, gizarte esklabista batean. Herritar zeheek nahikoa lan zuten eguneroko ogia jiratzearekin…
1000 urtetan zehar, higiene hipokratiko-galeniko hau izan zen Europan nagusi. XIV menderarte ezagutzen ziren gaisotasun arruntekin (elgorria, legenarra, malaria…) balekoa izan zen osasun eredu hau. Sasoi horretan baina, populazioaren hazkunde handia gertatu zen (%300 X-garren mendetik) eta aldaketa klimatiko garrantzitsuak etorri ziren, ondorio erabakigarriekin:
- Nekazariek uztak galdu zituzten eta jatekoa urritu zen, gizakien defentsa immunologikoen kaltetan.
- Europan eta Asian intsektu eta animali marraskariak ugaldu egin ziren.
- Txina ekialdean izurri bat sortu zen; mongoliarrek India inbaditu zutenean, eurekin eraman zuten yersinia pestis baziloa; azkenik, merkatariek Zetaren Bidean zehar Europaraino ekarri zuten izurri beltza.
Populazioak ez zuen defentsarik izurri bubonikoaren aurrean, eta 1348 urtean hasi zen triskantza. Lehenengo 3 urteak bereziki gogorrak izan ziren: Herio Beltzak Europako biztanlegoaren %40a akabatu zuen.
Medikuntza hipokratiko-galenikoak ezin izan zuen ezer egin izurri beltzaren kontra, Erdi Aroko medikuek ez bait zekiten yersinia pestis baziloa arkakusuek transmititzen dutela. Noraezean, “teoria miasmatikoa” garatu zen, zeinaren arabera gaisotasunen jatorria lurreko partikula usteletan zegoen (miasmak). Miasmek airea pozoitzen omen zuten, pertsona eta animaliak kutsatuta (ordukoa da mal-aria izena = aire txarra). Izurri bubonikodun gaisoak kuarentenan jartzen ziren beste inor ez kutsatzeko, baina intsektu eta arratoiak libre zebiltzanez Herio Beltza ez zen gelditzen…
XV gizaldian, izurri beltzaz gain beste gaisotasun larri asko zebiltzan Europan, teoria humoral eta miasmatikoekin osatu ezin zirenak. Honek klase guztietako siniskeren zabalkundea ekarri zuen, adibidez:
- Urak azaleko poroetatik sartzean kutsatzen zuela gorputza. Horregatik, garbiketa ur barik egin behar zen, eskupainuarekin gorputzaren ageriko parteak garbituz (ezkutuko parteak garbitzea ez zen beharrezkoa ikusten).
- Jantziak berriz, zenbat eta gehiago garbitu hobe. Dena dela, Europan ator zuria belztea ondo ikusita zegoen: zikintasuna xurgatu zuela esan gura zuen horrek, eta beraz ez zenuela gorputza garbitu beharrik.
- Aurreko araua kanpoko arropendako zen bakarrik: alkandora sarri aldatu arren, barruko arropak gutxiago aldatu zitezkeen, hilean behin adibidez.
- Azaleko zikin geruzak gaisotasunetatik babesteko balio zuen.
XVI gizaldia beltza izan zen higiene eta osasun kontuetan; normala orduko osagileen fama txarra, Francisco Quevedoren bertso famatuek ederto isladatzen dutena:
Pues me hacéis casamentero,
Ángela de Mondragón,
escuchad de vuestro esposo
las grandezas y el valor.
Él es un Médico honrado,
por la gracia del Señor,
que tiene muy buenas letras
en el cambio y el bolsón.
Quien os lo pintó cobarde
no lo conoce, y mintió,
que ha muerto más hombres vivos
que mató el Cid Campeador.
En entrando en una casa
tiene tal reputación,
que luego dicen los niños:
«Dios perdone al que murió».
Y con ser todos mortales
los Médicos, pienso yo
que son todos veniales,
comparados al Doctor.
Al caminante, en los pueblos
se le pide información,
temiéndole más que a la peste
de si le conoce, o no.
De Médicos semejantes
hace el Rey nuestro Señor
bombardas a sus castillos,
mosquetes a su escuadrón.
Si a alguno cura, y no muere,
piensa que resucitó,
y por milagro le ofrece
la mortaja y el cordón.
Si acaso estando en su casa
oye dar algún clamor,
tomando papel y tinta
escribe: «Ante mí pasó».
No se le ha muerto ninguno
de los que cura hasta hoy,
porque antes que se mueran
los mata sin confesión.
De envidia de los verdugos
maldice al Corregidor,
que sobre los ahorcados
no le quiere dar pensión.
Piensan que es la muerte algunos;
otros, viendo su rigor,
le llaman el día del juicio,
pues es total perdición.
No come por engordar,
ni por el dulce sabor,
sino por matar la hambre,
que es matar su inclinación.
Por matar mata las luces,
y si no le alumbra el sol,
como murciélago vive
a la sombra de un rincón.
Su mula, aunque no está muerta,
no penséis que se escapó,
que está matada de suerte
que le viene a ser peor.
Él, que se ve tan famoso
y en tan buena estimación,
atento a vuestra belleza,
se ha enamorado de vos.
No pide le deis más dote
de ver que matáis de amor,
que en matando de algún modo
para en uno sois los dos.
Casaos con él, y jamás
viuda tendréis pasión,
que nunca la misma muerte
se oyó decir que murió.
Si lo hacéis, a Dios le ruego
que os gocéis con bendición;
pero si no, que nos libre
de conocer al Doctor.
XVII mendean izurri buboniko eta tifusak oraindik indar asko zuten; kaleak benetako zabortegiak ziren, hildakoak eliza barruan lurperatzen ziren, txakurrak edo oiloak lurrari erpeka nonnahi… 1607an kaleak garbi mantentzeko lehenengo arauak ezarri ziren, “miasmak” ezabatze aldera; norabide egokian emandako lehenengo pausuak, inondik ere.
XVIII mendean C. W. Scheelek kloroa deskubritu zuen; C. Bertholletek sosa kaustikoarekin nahastuta sodio hipokloritoa lortu zuen (lixiba edo kloro izenez ezagunagoa); eta A. Labarraquek kloroaren desinfekzio propietateak deskribatu zituen.
XIX mendean, L. Pasteurrek “teoria miasmatikoa” ukatu zuen, infekzioak bakterioei egotziz. Hortaz gain, medikuek higiene neurri orokorrak bultzatzen hasi ziren (eskuak ur eta jaboiarekin egunero garbitzea, adibidez). Sasoi hartan izurriek, kolerak, tifusak… jente asko hiltzen zuten, eta antisepsia neurri sinple hauekin erditze eta kirurgian jazotako heriotzak asko gutxitu ziren. Bestalde, osasun erakundeak azpiegitura publikuak ikuskatu eta kontrolatzen hasi ziren: azokak, hiltegiak, estoldak… Ura ere sasoi honetan hasi zen etxeetara ekartzen.
XX mendean, 300 urte lehenagotik hedatzen ziharduten higiene neurriek herri zehearengana heltzen hasi ziren pizkanaka. Eibarren esate baterako –herri aintzindari bat aipatzearren- lehenengo estolderia, garbitoki publikoak eta etxeetarako ur korrontearen obrak 1910 ingurukoak dira, eta Ciriaco Agirre eta Niceto Muguruza medikuek bultzatu zituzten.
Higiene neurri berriak eskolaren bitartez zabaldu ziren, harik eta guztiz gizarteratu arte. Honi esker heriotz tasak ikaragarri jeitsi dira 100 urtean, batez ere ume txikietan. Baina gizakiari asko kostatzen zaio gauzei neurria hartzea, nonbait: horren erakusgarri gaur egunean hipergarbitasunaren ondorioz ezagutzen hasi garen arazoak.
Mexica kultura
Bere historiako arorik zikinenean murgilduta, Europak Amerikako konkista kanpainari ekin zion. Alde ikusgarria zegoen, hala ere, konkistatzaile “zibilizatuen” eta amerikar “basatien” higiene ohituren artean.
“Jaiotzetik, umeak pobre eta ia biluzik hezten zituzten, ez erropa faltarengatik baizik eta sendotu zitezen” (Torquemadaren aipua).
Gainera mexica haurrek etxeko garbiketan partehartzen zuten diziplinatuki; ahoa erretxinaz egindako orearekin (tzicli) garbitzen zuten; Tenochtitlaneko biztanleek aintzira edo kanaletan bainua hartzen zuten, ume eta nagusi, beti ur hotzetan; arropak sarri garbitzen zituzten, xaboiaren ordezko bejetalekin (saponariak); sauna itxurako zeremonia egiten zuten (temazcal) helburu terapeutiko eta erritualekin…
Ameriketako zibilizazio zaharren Higiene kontzeptuak pertsonaren garbitasuna eta sendotasun fisiko eta mentala bultzatzen zuen. Mexikek janaria neurriz ematen zieten umeei, lantzean behin baraurik egotera derrigortuta; aztekek ikastegi handiak zituzten, non apopiloak gauerdian bainu hotzak hartzen zituzten helburu gimnastiko eta higienikoarekin…
Lixiba eta xaboia
Xaboiak gure amonen bizimodua irauli zuen. Euskal Herrian 1900 inguruan agertu zitzaigun, sosa kaustikoarekin batera. Ordurarte erroparen garbiketa “lixiba” izeneko prozesu nekagarriarekin egiten zen. Gizakiak ehundutako oihala orain dela 4.000 bat urtetik erabiltzen badu (arkeologiaren arabera), esan daiteke gure aurrekoek 3.900 bat urte pasatu zituztela lixiba egiten, oraintxe deskribatuko dugun bezala:
- Tina handi bat iturriko urez bete, eta bertan arropa beratzen laga.
- Azpia zulatutako ontzi edo banasta handia lixibarriaren gainean jarri (tremix edo lixibarria ura biltzeko plater formako harri landua zen, irteera puntadunean amaituta).
- Lixibontziaren hondoan izara zahar bat ipini; haren gainean, beratzen egondako arropa, harrotuta, zikinena behean; dena ipinitakoan gainetik estali, izararen ertzekin edo trapu zuri batekin.
- Trapu zuriaren gainean, sukaldeko errauts bahetua eta ereinotz hostoak jarri.
- Aparteko galdara batean, ura irakin; burruntzaliarekin errautsen gainean isuri pizkanaka. Ur bero errausdunak, arropen artetik iragazitakoan, ontzi azpiko zuloetatik irtengo du. Lixibarritik irtetzen den txorroa beste galdara baten jaso.
- Ura atzera berotu, eta prozesu hau behin eta berriro errepikatu.
- Amaitzean, “lixiba egosita” dagoela esaten da. Lixibontzia oholez estali eta gau osoa laga hoztu arte.
- Biharamunean, arropa guztia hartu eta errekara jaitsi “lixiba jotzera”, hau da: belauniko, harri edo ohol baten kontra banan-banan laskitu.
- Atzera etxera ekarri, eta erropa belartzan zabaldu lehortu dedin.
Lixiba etxeko behar guztien artean astunena zen, zalantza barik, eta etxeko andre, neska eta neskatila guztien partehartzea eskatzen zuen bi egun osoz. Baina kontuan har dezagun hau ez zela etxekoandre haien zeregin bakarra: hortaz gain umeak jagon, sukaldea gobernatu, ortua landu, ura ekarri, ogia egin, logelak atondu, abereak elikatu, harilkatu, ehundu, esnea jaitsi eta saldu, otoitz egin, familiako hilobia zaindu… ere egin behar izaten baitzuten. Horregatik ulertuko da lixiba ez zela hilean behin baino gehiagotan egiten (etxe batzutan, urtean birritan baino ez).
Xaboia heldu zenean, beraz, jantziak garbitzeko prozesu hau asko arindu zen. XIX mendetik aurrera, lixibaren prozeso luze eta astuna etxekoandre pobreendako bakarrik geratu zen. Diru pizkat zuena, xaboia erosi eta garbitoki publiko modernoetara joango zen, hantxe xabonatu eta harriaren kontra garbitzeko. Kristoren adelantoa!
Hipergarbitasunaren arazoak
Lehen aipatu dugunez, XIX gizalditik hona bultzatutako ohitura antiseptikoek aurrerakuntza handia suposatu dute gizakiarendako. Hala ere onezkero, historian lehenengotz, hipergarbitasunetik eratorritako arazoak ezagutzen hasiak gaude, nagusiki bi bide hauetatik:
1- Immunitatea: epidermisaren kanpoko geruza eta izerdia sarriegi ezabatzeak bakterien ugalketa eta hauek gorputz barrura errezago sartzea ahalbidetzen du. Gainera kanpoko hotz/bero aldaketetara txartoago egokitzen gara.
2- Estetika: babesa kentzearekin batera, azalak ura galtzen du eta lehortu egiten da. Gainera erantzun alergiko edo irritatiboak gerta daitezke: alergiak, txundarrak, dermatitisa, zartadak, ekzemak…
Arazo hauek ekiditeko, jokabide paradoxikoan sartzen gara: gero eta xaboi gutxiago duten produktuak erabiltzen ditugu (garbitzen ez duten garbigaiak); eta horren ostean, azala berriro zikintzendugu olio, hidratante, maskarila, akondizionadoreekin… Hala ere honekin arazo estetikoa sahiesten den arren, immunitate sistemako kaltea berdin-berdin gertatzen da. Honen ondorio ditugu alergiak: bai azalekoa, baita dijestio edo arnas aparatuetakoa ere. Umeak egunero bainatuz, giro aseptikoan hazten ditugu eta defentsak ez dituzte garatzen, bakterioendako biktimarik egokienak bihurtuz. Era berean, erropa larregi janztearekin bere organismoak ez du ikasiko hotzari aurre egiten eta edozein eguraldi aldaketa nahiko izango da gaisotzeko.
Hipergarbitasunaren beste ondorioa uzkiko azalaren irritazio kronikoa izan daiteke. Euskalherrian, ez da denpora asko kaka korta gaineko zuloetan egiten genuenetik, gero izperringi papelarekin garbituta. Denporan honantzago etorrita, askok dugu gogoan “Elefante” paper famatua, estraza tipokoa: egunkaria bezelatsu, ezer gutxi xurgatzen zuena. Izan ere, zelulosazko paperak hobeto garbitzeko aukera ematen digu baina… uzkiko azala oso mehea da eta errez urra daiteke. Azalari ez badiogu eraso honetatik errekuperatzeko denborarik uzten, zauria zauriaren gainean egingo dugu eta hortik hazkureak, supurazioa eta galtzontzilo / kuleroetan izango dugun zurraspa marroi eternala.
Hala ere, hipergarbitasunari abantaila bat aitortu beharko diogu gutxienez: sexu harremanak aberastea. Izan ere, aintzinako higiene ohiturekin ez ziren gaur besain arruntak izango cunnilingusedo fellatio tipoko praktikak, edo maitalearen azal guztia exploratu eta txupatzea…
Zentzunezko higiene baterako irizpideak
Hasteko, jabetu gaitezen garbitasuna tokian tokiko kontzeptu kulturala dela, eta ez dugu zibilizazio exotikoetara jo behar honen adibidea ikusteko: hain zuzen ere Europako XIX gizaldiko gizartean, behar-den-moduko gizonak “pattar, izerdi eta tabako usaina” izan behar zuela sinisten zen; eta Euskalherrian 300 urte baino ez daramatzagu urtean behin baino gehiago garbitzen; eta hori baino lehen gure arbasoek 149.700 bat urte pasatu dituzte bizitza osoan bainurik hartu barik… Gainera jakin behar dugu ez garbitzeak, berez, ez liokela pertsona bati osasun arazo berezirik ekarriko (arazo estetiko edo sozialik beharbada bai; baina hori gaurko gaitik desbideratzen da).
Ez gabiltza bainurik sekulan ez hartzea defendatzen, hala ere. Esandakoarekin garbitasunari buruzko dogmak haustea nahiko genuke bakarrik (egunero dutxatu beharra dagoela, kasu) eta higiene neurriak norbere bizimoduari erreparatuta antolatu behar direla, honen arabera:
- Lanbidea: forjariek eta ofizinistek ez dute garbitzeko premia bera izango.
- Elikagaiak: dieta “zikinek” odolean hondakin asko egotea dakarte, kanpora jaurtitzean usain txarragoa sortuko dutenak.
- Toxikoak: kutsadura, drogak (kafea, tabakoa…) ere odola gehiago zikintzen dute.
- Arropak: zuntz sintetikodunei lehenago egiten zaie usain txarra.
- Besapeak, genitalak eta oinak usaintsuagoak dira; haiek garbi mantendu ezkero ez zaigu usain txarrik egingo, nahiz eta gorputzeko beste atalak gutxiagotan garbitu.
Garbigaiak aukeratzerako orduan be, ezin konta ahala produktu ditugu dendetan; baina askotan aipatzen da “xaboi purua dela onena”. Bai eta ez; izan ere, sarri garbitzen denak garbigai oso leunak erabili beharko ditu, eta gero azala ur/koipeztatzeko produkturen bat. Astean behin edo birritan dutxatzen denak berriz, xaboi purua arazo barik erabili ahal izango du: baina gogoratu horrela epidermisaren kanpoko azalak erauzi egingo dituela, eta beraz sarri garbitu beharra dagoenenan ez dela komeni xaboi pururik erabiltzea.
Buruko ilea garbitzea ere ia eguneroko kontua bihurtu zaigu gaur egun. Baina etxean urik ez zegoenean -eta xaboia ere tamainan- hau ezinezkoa zen, noski. XVIII mendean ilea garbi mantentzeko hautsak eta orrazia erabiltzen ziren. Batzuk oraindik gogoratuko duzue: permanentea modan jarri arte amona gehienek ile luzea zerabilten eta egunero mototsa askatu eta ileak lisatzen aritzen ziren. Ilea garbi mantentzeko era oso egokia zen, gaur egunean ere baliogarria izan daitekeena xaboi-garbiketarekin txandakatzeko.
Laburbilduz: 1980 inguruan normalena astean behin dutxatzea zen euskal familietan; atzerago joanda, 1900ko europarrek (aberatsek barne) urtean behin hartzen zuten bainua; 1850 inguruan berriz, gaisotzean eta ezkondu aurretik bakarrik bainatzen zen jendea. Eta gaur egunean… jente asko “zikin” sentitzen da egunero dutxatu ezean. Zer den egokiena? Osasun arazo guztietan legez, erdibidean eta zentzunean topatuko dugu erantzuna.
Deja un comentario.