Giltzapekoen osasuna.
Sarrera modura eta gaur presoak gogoan ditugunez, disziplinaren papera eta sistema nerbiosoaren alerta/atseden faseak azalduko ditugu. Adi “libre” zaudetenak ere: zuek ere etekina aterako bait diozue hurrengo lerroei.
Gu baino gehiago dakitenek esandakoa da “deabruari sua lapurtu” ahal zaiola. Beste modu batean esanda, gure etsai txarrenarengandik ere badugula zer ikasi eta probestua. Preso gaudenean, disziplina zorrotzeko konzentrazio esparruan gaude. Disziplina hori inposatuz, gure borondatea edo pertsonalitatea ezabatzea nahi da, numero bat bihurtu eta uhal batetik helduta bezala erabiltzea. Ordutegi zorrotzak, otorduetan gorde beharreko ilarak, ziegako garbiketak… bezalako neurrien bitartez aplikatzen da hori. Gure proposamena, disziplinaren arma hori gure alde erabiltzen ikastea da.
Izan ere, datozen asteetan emango ditugun aholkuak praktikara eramaterako orduan ere, berebizikoa izango da disziplina ariketetan fin saiatzeko. Zentzu horretan, kartzelan dagoenak abantaila du. Adarra jotzen ote nabilen? Ez. Gure kontsultako pazienteekin dugun arazo nagusietako bat, hain zuzen ere, beraien disziplina falta izaten da: pazientea askotan ez da gai guk agindutako ariketak egiteko, edo tratamendu bat fin jarraitzeko, edo kiroldegira astean birritan joateko konpromezua hartzeko… Espetxean, urdinek nahitaez inposatzen dizuete kalekoei falta zaien disziplina; atera diezaiogun etekina. Arnasa lantzea, gogoa enfokatzea, gorputzeko defentsak igotzea, indarra eta bizi gogoa handitzea, zirkulazioa hobetzea… eta beste hainbeste onura lortu ahal izango dituzue ziega barruko ariketekin. Baina emaitzak, ariketak zehatz eta eten gabe eginaz soilik etorriko dira. Horretan “etsaiaren disziplinara” eginda egoteak bidea asko erraztuko digu.
Kartzelako biztanleen artean baina, denetik dugu: gazteak eta zaharrak, gaixoak eta osasuntsuak. Gaixoak laster ulertuko du osasuna autogestionatzen ikasteak nolako mesedea ekarriko dion; baina beharbada gazte zaluak ez du ikusiko gure aholkuak zertan lagundu diezaioketen berari.
Presioa jasaten ari den pertsonak nerbio-sistema estres egoera batean dauka. Horren ondorioetako bat gure organo guztien “azelerazioa” da; hasi bihotzetik eta hezurretaraino, gure zelula guztiak alertan jartzen dira arriskuari aurre egiteko. Atxilotu edo espetxeratzen gaituztenean, estres egoera hori da naturalena harik eta egoera berrira egin arte. Baina arazoa geroago dator: ez badugu ikasten egoera berria kudeatzen, eta alerta egoera hori eten gabe mantentzen badugu, gorputz eta gogoak higadura handia jasango dute. Estres/atseden faseen arteko desoreka horrek osasun arazoak ekarriko dizkigu luze gabe. Kondena luzeak dituzten presoen artean sarri agertzen dira “arrazoi jakinik gabeko” gaixotasunak: erreumak, minbizia, liseri aparatuko gaitzak… gehienen atzean denpora luzean mantendutako estres egoera bat aurkitzen dugu.
“Esatea erreza da, konpontzea gaitza!” esango didazue. Arrazoia. “Espetxean nago, ez oporretan! Nola ez naiz egongo ba estresatuta?” Hori ere ulergarria. Baina ulertu behar dugu larri edo lasai egoteak prezio berbera duela; eta gehiago esango dut: lasai dagoen pertsonak hobeto, argiago eta bizkorrago erantzun ohi du edozein ustekabe edo agresioren aurrean.
Horretara, ez gabiltza ostrukarena egiteko gomendatzen (hau da: espetxe disziplinari men egin eta preso otzanaren lasaitasuna lortzea). Ez gabiltza “lasaitasun” klase horren atzetik. Guk bultzatu nahi dugun eredua, zuhaitz mehe eta malguarena da: haize bolada gogorren aurrean zutik geratzen dena, zuhaitz sendo guztiak ipurdiz gora jausten doazen bitartean.
Datozen asteetan, eredu horren atzetik hasiko gara ibiltzen; bidean lagun nahi zintuzkegu, preso nahiz “libre”.
Deja un comentario.