Haurdunak manipulatu?

Irudixa: http://solojourney.org/pregnant-medical-student/

Lehen ez zitzaidan batere gustatzen jendeak kaletik osasun kontuei buruz galdetzea. Baina azken urteotan jarrera aldatu dut eta askoz ere gusturago nago. Batetik, ekidinezina delako jendeak galderak egitea: niri gustatu edo ez gustatu, berdin galdetzen didate. Eta, bestetik, gizon isila naizenez –esateko ezer ez badut ez dut berba egiten–, osasunak berriketarako iturri agortezina ematen didalako. Horiek horrela, alegia txinatar hura jarraitu eta kaletarren galderen aurrean kanaberarena egiten dut: malgua izan, makurtu, galderei erantzun, korronteari segi… Hobe hori haize boladei aurre egin eta ipurdiz gora amaitzea baino.

Aurreko batetan, esate baterako, lagun batek kezka interesgarria azaldu zidan: «Haurdun nago, eta bizkarreko minez. Nire terapeutak esan didanez, manipulazio bertebral bat egin beharko lidake bizkarreko mina kentzeko, baina ezin omen du horrelakorik egin haurdunaldiaren bosgarren hilabetea bete arte. Zergatik? Txarra ote da?».

Egoera hori askotan errepikatzen zaigu kontsultan; eta guk ere antzerako erantzuna ematen dugu. Baina, paradoxikoki, arazoak ez du osasunarekin zerikusirik, beldurrarekin baizik. Osasun profesionalok salaketei diegun beldurrarekin, hain zuzen ere.

Ezaguna da azken urteotan AEBetatik datorkigun paranoia haizea, irudi publikoaren eta datu pertsonalen babes kontuetan batez ere. Osasungintzan oso ezaguna da medikuak sistematikoki salatzen dituzten paziente eta abokatuen kasua. Dirua ateratzeko modu inmoral hori oso gutxitan erabili izan bada ere, nahikoa izan da efektu tamalgarria lortzeko: osagileoi pazienteen balizko salaketengandik babesteko beharra sortu zaigu. Testuinguru honetan, mesfidantza giroa nagusitzen ari da paziente-terapeuta harreman guztietan.

Haurdunen kasuan, egoera bereziki delikatua izaten da. Hasteko, emakume haurdunaren lehentasuna umea izaten da. Bere ardurak eta bizimoduaren gorabeherak bigarren mailan geratzen dira eta, hormonen aginduz, umearen garapen egokira bideratzen ditu indar guztiak. Bestalde, kontuan hartu behar dugu haurdunaldi asko espontaneoki eteten direla, arrazoi desberdinengatik: adina (espermatozoide eta obuluen kalitatea jaitsi egiten da), elikadura, drogak (legalak nahiz ilegalak)…  Bai arrazoi horiengatik bai berezko mutazioengatik, haurdunaldi asko bideraezinak edo gatazkatsuak izaten dira. Horrelakoetan, gorputza bera izaten da fetua suntsitzen duena, bideragarria ez delakoan. Eta hori lehenengo bost hilabeteetan gertatzen da eskuarki.

Haurdun batendako, abortu bat oso gogorra izaten da. Esandako moduan, haurdunaren gorputza eta gogoa umea haztera enfokatuta daude, eta, ondorioz, haurdun den emakumea edozer egiteko prest egoten da txikia babestearren.

Aipatutako guztiak kontuan hartuta, hona hemen galdera: haurdunaldiaren lehenengo bost hilabeteetan manipulazio bertebralik egin al daiteke? Bai, noski. Eta ez manipulazio bertebralak bakarrik, baita pelbis eta sakroaren manipulazioak ere. Izan ere, fetua kalitate onekoa bada eta ongi ezarrita badago, errugbi partidu bat ere joka dezake haurdun den emakume batek umea galdu barik. Ostera, fetua ahula edo indargea bada, haurdunaldia etengo duen faktorea edozein izan daiteke. Baita doministiku bat ere.

Laburbilduta: lehenengo bost hilabeteetan manipulazioak fetu ahul bat galtzea eragin dezakeenez, terapeutok ez dugu nahi abortu horren erantzuletzat sala gaitzaten eta, ondorioz, ez dugu epe horretan manipulaziorik egin nahi izaten. Baimen idatzirik gabe ez behintzat. Bide horretara garamatza azken urteotako tendentziak. Nostalgiaz gogoratzen dut iragana: paziente eta terapeutaren arteko harremana konfiantzan oinarritzen zen antzinako sasoi eder hura…

Gaur8rako, 2009-XI-21

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Haurdunen ziatika (artikulu analgesikoa) | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*