Hazi-minak

Irudixa: Gaur8

Nire aspaldiko kezka da pazienteengan nolabaiteko osasunaren autogestioa bultzatzea, hau da: bere burua zaintzen erakustea, osagileongana beste erremediorik ez dutenean bakarrik etorrita; gure amona zaharren sistema berrikastea, alegia. Hori zentzuz egin behar da, noski: ez nabil esaten jendeak pneumoniak edo tendinopatiak etxean bere kontura tratatu behar dituenik. Baina Ainhoak proposatu digun gai honen kasuan, ikusiko duzuenez, etxean asko eta ongi egin daiteke.

Haurren hazkunde prozesuan organismoaren eraldaketa sakona gertatzen da; nerbio sistemak gidatuta, gorputz heldua izateko prestatzen dira, maila guztietan. Prozesu horrek umearen etengabeko egokitzea eskatzen du, egon diren aldaketak integratzeko; batzuetan, egokitzapen horrek mota askotako ondoezak ekar ditzake, jendeak inespezifikoki hazi-minak izendatzen dituen horiek alegia. Aldaketa horien artean, agian, begi-bistakoena hezurren hazkundea izaten da.

Gurasoak bazarete, eta zuen haurrak esku artean erabiltzea gustuko baduzue, agian xelebrekeria batekin konturatuko zineten: atzamarrarekin sakatzen badituzue, berdin da gorputzeko zein tokitan, beti min hartzen dute. Inoiz lesioren bat badute, kirolean egina adibidez, guk ere lanak izaten ditugu fisioterapia esplorazioa egiterakoan: izan ere, ume eta nerabeek mina edonon dutenez, benetako lesioa identifikatzea zailagoa izaten da. Baina gu ez gara gaur lesioez arituko, hazkunde prozesu normalean zehar agertzen diren min normalez baizik. Etxean, eta arazo handirik gabe, gurasoek eta senideek goza ditzakezuenak.

Agian ez da azalpen fisiologiko oso ortodoxoa izango, baina nik gurasoei azaltzen diedana kontatuko dizuet: hazkundea pizten den aldietan, prozesuaren motor nagusia hezurrak izaten dira. Horrek esan gura du oso modu bizkorrean handitzen direla, batez ere luzeran. Muskulu eta tendoiak, esate baterako, ez dira hain bizkor hazten. Eta zer gertatzen da? Hezurrek haiengandik tiratzen dute, poliki baina etengabe, katu hidraulikoak egingo lukeen eran: horretara, muskulu eta tendoiak derrigor eta kostata hazi behar izaten dira, hezurren hazkunde erritmo bizkorrari jarraitu ezinda. Egoera horretan dago guk besarkatu nahi dugun gorputz txikia. Normala min hartzea!

Hazkunde prozesua oso bizkor gertatzen ari bada, ukitzean bakarrik ez, haurrak egonean ere har dezake min. Tipikoki, hazi-minak aktibitate fisiko handiko jolasen ostean agertzen dira, egunaren amaieran edo gauean (batzuetan umea negarrez esna daiteke). Izter edo bernetako muskuluetan mina izaten da, ez giltzaduretakoa, eta biharamunean desagertzen dira. Horrelakoetan zer egin?

Hazi-minak kontaktu fisikoarekin baretzen dira. Haurra besoetan hartuta hobetzen dira. Hankak mugituta, berotasuna emanda (ur beroz betetako puxikarekin, adibidez), edo masaje leuna emanda ere hobetzen dira. Hori fisioterapia zentro batean egin daiteke, noski; baina, aukeran, gurasoei eurek egitea gomendatzen diegu. Lehen esan dugun modura hazi-minak normalak dira (ez dira gaixotasun bat), berauek baretzeko behar den terapia fisikoa oso sinplea da, inolako arriskurik gabekoa, eta zalantzarik gabe terapiaren eragina handiagoa izango da haurrak maite duen pertsona batek egiten badu, lotarako orduan eta giro lasai batean.

***

Gaur8rako, 2017ko jorraillan 8xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*