Hidroterapiaren historia laburra

Hau Angel Bidaurrazagak eta bixok prestautako artikulu bat da. 2003 aldian Hidroterapia formakuntza saio batzu egin genduzen (UEU, Debegesa…), eta ha pizkat dibulgatzeko edo. Artikulu honetan ikutzen dirazen gaixak:

  • Sarrera
  • Hasierak
  • Hipokrates eta Coseko eskola
  • Erromatarrak (K.a. II mendea)
  • VI-XVII: aro iluna
  • XVIII: Sigmund eta Johann Hahn
  • XIX: Priessnitz, Kneipp
  • (XIX-XX) Hidroterapia zientifikoa
  • Gaurko egunak
  • Hegoaldeko euskal bainuetxeak
  • Esker onak
  • Bibliografia

Sarrera

 Ez daukagu jakiteko modurik noiz hasi zen gizakia ura terapeutikoki erabiltzen. Animaliak gara, eta euren modura, bai berba egiten ikasi baino lehenagotik ere hasiko ginen ur naturala erabiltzen: gorputza bustitzeko eta tripako mina zegoenean edateko.

 Oso aintzinako kultura batzuetatik daukagu uraren erabilpen terapeutikoaren zenbait arrasto. Baina erreparatzen diogunean, ikusiko dugu historiaren zehar hidroterapiaren sasoirik onenak beste neurri higienikoekin batera erabili denean etorri direla.

Hasierak

 Egiptoko sendagileen artean neurri higienikoak estimatuak ziren: hala nola elikadura, gimnasia eta zenbait teknika hidroterapiko. Hala izan zen ere Asiako hainbeste herritan. Adibidez, Mazedonian umea egin berriko andrek, ur hotzetan hartzen zuten bainua: garbitasunetik aparte, odoljarioak galarazteko.

 Homerok (Kristo aurreko X mendea) aintzinako Grezian Asklepios jainkoari eraikitako hainbeste tenpluren berri ematen digu. Bertan elikadura, ariketa fisikoa, atsedena, arte ederrak, masaiak eta hidroterapian aritzen ziren.

 K.a. VI mendean Italian, Pitagoras grekoak sortu zuen orden filosofiko-religiosoak, osasun arloa ere jorratu egin zuen. Bere ikasleei bainu hotzak, barazkien oinarritutako elikadura, belar medizinalak, gimnasia eta orokorrean bizimodu osasuntsuaren onurak erakusten zieten.

Hipokrates eta Coseko eskola

K.a. IV mendean, Cos uhartean Hipokratesek sortutako medikuntza eskola da Hidroterapiari buruz daukagun garrantzizko lehenengo erreferentzia. Eskola honek medikuntzari buruzko oinarri oso interesgarri batzuk ezarri zituen, adibidez:

  • Medikuntza Arte bat zen, eta arte kontuetan modura, sendagileak berezko sen bat behar zuen izan.
  • Jakituria zientifikoa ez zen nahikoa: sendagileak heziketa filosofiko eta etiko sakona eduki behar zuen, gaixoa bere osotasun fisiko eta psikikoan ulertzeko.
  • Sendagilearen helburu nagusia gaixoa zen: nahiago zuten kobratu ez, kontuarekin gaixoari disgustua ematea baino. Pobre eta ibiltariei ere, duda barik laguntzen zioten.

http://www.westerncollege.ca/e107_images/custom/berask5.jpg
Asklepioren tenplua Cos uhartean. Iturria: westerncollege.

 Sasoi hartako beste eskola batzutan, Medikuntza zientzia bezala hartzen hasia zen, eta gaixoen diagnostiko eta klasifikazio zehatzena lortzen jarri zuten indarrak, gizakiaren arlo psikiko edota espiritualak ahaztuta. Halako testuingurua ikusita, Hipokratesen eskolaren berezitasuna hobeto ulertzen da. Medikuntza Hipokratikoaren barruan Hidroterapia lehen mailako teknika izan zen, asko eta asko erabilitakoa. Gaur egunean kontutan hartzen diren hainbeste oinarri eta teknika hidroterapiakoak ordukoak dira. Adibidez:

  • Gaixoaren erreakzio gaitasunaren arabera ikusiko dela hidroterapia komeni den ala ez.
  • Bainua hartzean, isiltasuna gomendatzea.
  • Gehiago berotzen dutela bainu hotz batek (honen ostean ariketa fisikoa egin ezkero), bainu beroak baino.
  • Hantura kasuetan (gota, uzkurdurak) ur hotzak mina baretzen duela.
  • Azala eta izerdiaren garbitze lanaren garrantziaz konturatzea.
  • Ur beroa ere erabiltzea: zauri purulentoak, lo egin ezina, espasmoak… baina bainu beroa lar erabiltzea kaltegarria zela konturatu zen, muskuluak ahuldu, izpiritua makaldu eta odoljarioak erraztu egiten bait dira.
  • Bainuetaz aparte lurrin hartzeak, basa edo lokatzak, poltsa edo konpresa hotz eta beroak, labatibak… erabiltzen zituzten Hipokrates eta bere ikasleek.

Erromatarrak (K.a. II mendea)

 Hauen sasoian, bainu etxeak ere asko erabili izan ziren: Asclepiades, Antonio Musa, Celso, Galeno… izan ziren adibidez, hidroterapia kontuetan famatuak. Erromatar hirietan makina bat eraikuntza egin ziren bainuetarako, publiko eta pribatuak, bai osasunerako baita plazer hutserako ere. Erromatarrek eraikitako termak oraindik erabiltzen diren bainuetxetako hasierak izan ziren, adibidez Fiteroko bainuetxe zaharra.

Baina mendeak pasatu ahala, erromatar gizartea bainu beroekin larregi zaletu egin zen, alde terapeutikoa ahaztuta, eta eragingarritasuna gutxitu zen neurrian, Hidroterapiaren moda galdu egin zen.

VI-XVII: aro iluna

 Mila eta berrehun urteren zehar, Hidroterapiak (eta orokorrean medikuntzak) nahikoa sasoi ilunak igaro zituan. Osasunaren beste kontzeptu tekniko eta elitistago bat hedatu egin zen, eta aukeran nahiago izan ziren beste teknika batzuk: fitoterapia, farmakologia…

 Hala moduzko bainuetxeak erabili ba ziren ere, gehienbat aberatsetarako opor leku dotoreak besterik ez ziren, bere gaitasun terapeutikoa ahaztu zamarra geratuaz.

XVIII: Sigmund eta Johann Hahn

 Silesiako (Polonia) mediku hauek, aita-semeak, taxuz hasi ziren erabiltzen ura euren tratamenduetan. Azalaren depuraziorako paperarekin konturatu ziren adibidez, eta ur hotza erabiliaz funtzio hau biztu egiten zela frogatu. Aitzindarien bidetik, gaixoen bizimodu osasuntsu orokor baten barruan sartzen zuten hidroterapia.

XIX: Priessnitz, Kneipp

 Hahndarrek hidroterapiari bultzatu bazuten ere (euren deskubrimenduak liburu baten jarri zuten: Unterricht von der Kraft und Wirkung des frischen Wassers in die Leiber der Menschen, Ur hotzak giza gorputzean duen indar eta eraginari buruzko irakaskuntza), ez zen nahikoa izan antza. Euren ondorengoak ez zuten ondo erabiltzen jakin. Hidroterapia tratamendua globalegi eta zehaztugabekoa zen euren gusturako nonbait, eta gaixotasun bakoitzari bere hidroterapia urrats espezifikoa jartzen saiatu ziren, tratamendu sintomatikoruntz jota. Logikoki honek ez zuen funtzionatu, eta ahaztuta geratu zen.

Baina ondoren Hidroterapia modernoan oso erabakigarriak izango ziren pertsonai nagusi bi azaldu ziren.

PRIESSNITZ

 Chekoslovakiako Grafenberg-eko basoetan bizi zen nekazaria zen, ikasketa gabekoa. Oso argia baina, naturarekin asko ikasten zuena. Animaleri erreparatuz, ur hotzak zauriak sendatzeko duen indarrarekin konturatu zen eta, lehenengo abereekin eta gero bere gorputzaz, probak egiten hasi zen. Baita emaitza onak jaso ere. Jendearen medikuenganako konfidantza guztia galduta zegoen sasoi baten, gaixoak bere tratamendu hidroterapiko sinpleak hartzera etortzen hasi zitzaion, berari ere esperimentatu eta teknikak hobetzeko aukera emanaz.

 Oso emaitza onak lortu zituen lesio traumatologikoekin, barneko gaixotasunekin, azalekoekin, erreumatismo, neurologiko edota infekziosoekin. Baina Priessnitzi ez zion asko ardura zerzeukan pazienteak, eta bai hotzaren aurrean hark zuen erreakzionatzeko ahalmena.

 Grafenbergeko basoko etxean, teknika desberdinak erabiltzen zituzten: igurtzi bustiak, konpresak, dutxak, bainuak, ariketa fisikoa, edatea, jateko arina… Tratamendu jasangaitzak izaten ziren, eta pazientea oso mentalizatua egon behar zen bere aginduak jarraitu ahal izateko.

 Hauek ziren bere terapiaren oinarriak:

  • Osatzen duena ez da uraren hotza, atzetik datorren berotzea baino. Beraz hidroterapiak ez du osatzen; gorputzaren berezko osatze prozesuak aktibatzen ditu bakarrik.
  • Aplikazio hotzak gorputza aurrez berotuta dagonean bakarrik jarri behar dira.
  • Aplikazio hotzak, batzutan, gaixotasun kronifikatu bat agudizatu egiten dute. Krisi hau ondo bideratu ezkero, posible da guztiz osatzea.

 Zer esanik ez, orduko medikoekin arazo demasak izan zituela. Salaketak egon ziren, baina beste mediko batzuk bere alde jarri ziren. Teknikak aztertu, ikasi eta liburuen bitartez Unibertsitatera iritsi ziren.

https://abante.eus/wp-content/uploads/2012/08/369px-kneippkur-184x300.jpg
Kneippen metodoaren jarraitzaileak. Iturria: santanderdietetica.

KNEIPP

 Sebastian Kneipp Alemanian jaio zen Priessnitz baino 20 bat urte beranduago. Familia ehungile oso pobrean jaioa, umetatik soto heze baten gurasoekin lana egin beharra bere osasunaren kalterako izan zen (tuberkulosia). Gainera, abade ikasketak ordaindu ahal izateko lan asko eta jan gutxi egiten zuen. Era honetan, tuberkulosiak txarrera egin zion, eta 28 urtekin medikuak galetsi zioten. Baina Municheko Liburutegirako ostera baten Hahndarren liburua aurkitu zuen, eta bertan tuberkulosiaren aurkako tratamendua: egunero ur hotzaz igurtziak, egun bitik behin bainu hotz totalak, egunero litro asko ur edan… Kneippek Hahnen metodoa zehatz jarraitu zuen, bere iritzi pertsonalaz hornituaz (igurtzi bustien ostean, igurtzi lehorrekin azal guztia gorritu, bainua hartu eta gero ariketa gogorrak egin berotu arte…). Pixkanaka pixkanaka, osasun fisikoa hobetzen joan zitzaion; honen atzetik, mentala, eta ikasteko ahalmena ere hobetu zitzaion.

 Honela, bere buruarekin hobetu zituen teknikak. Seminarioko lagunak ere tratatzen hasi zen. Aintzinako liburuak aztertu zituen, Priessnitzen esperientziak barne. Haren modura, medikoen partetik salaketak jaso zituen, eta bere abade lana bakarrik egingo zuela zin egin arazi zioten tribunaletan. Baina hurrengo urteetan, kolera epidemia oso larri baten, bere teknikaren onurak nabarmen azaldu ziren, eta ordutik aurrera onartu egin zioten tratamenduekin jarraitzea.

 Bere ustez, urak gorputzeko sustantzia patogenoen jaurtiketari laguntzen dio; metabolismo guztia aktibatzen du, ahuldutako organoak barne; eta zirkulazio sistemaren erreakzio ahalmena hobetzen du. Hidroterapia tamainan erabili behar da, larregikeri barik. Aplikazio leun eta zuzenekin, emaitza hobeak lortzen dira.

Berak, aurrekoen tekniketaz aparte, beste berri batzuk sartu zituen:

  • Ur txorroak (ureztailua).
  • Bainu hotz eta beroak, totalak eta partzialak, batzutan belar medizinalekin.
  • Lurrin bainuak.
  • Bendaje bustiak.
  • Belar bustitan edo erreka harrietan oinutsik ibiltzea.
  • Fitoterapiarekin konbinazioa: edateko infusioa, bainu nahiz txaplatetan.
  • Lokatzak.

(XIX-XX) Hidroterapia zientifikoa

 Ikusitako moduan, ordurarte Hidroterapia formazio gabeko sendagileak enpirikoki erabilitako eta garatutako teknika izan zen. Baina sendagile enpiriko hauei mediku batzuk hurbiltzen hasi zitzaien, teknikak ikasi eta aztertu guran. Honela, XIX mendeko amaiera partean, Priessnitz hil zenean Schindler Dreak. hartu zuen Grafenbergeko ardura, eta honekin ikasi zuen Winternitz, hain zuzen ere Hidroterapia maila zientifikora jaso zuen medikoak. Winternitz hau izango zen, gerora, hidroterapia Austriako Medikuntza ikasketa planetan, eta gero Europa osoan sartzen lagundu zuena.

 Hauekin batera, beste mediku eta ez mediku nabarmendu ziren Hidroterapiaren garapenean. Ez ditugu denak ikusiko, baina bai aipatuko dugu Maria Schlenz austriar etxekoandrea. Lehenagoko hidroterapeutak jadanik erabiltzen ba zuten ere, bera izan zen bainu hipertermikoei etekin gehien atera ziena. 1920an, semeari txarto osatutako gripe infekzioa organismo osora zabaldu zitzaion, garuna ere afektatua gertatu zelarik. Alde guztietan medikoak galetsita, bila eta bila jarri zen ama. Halako baten, aforismo zaharrarekin topo egin zuen: “Eman iezadazue sukarra sortzeko gaitasuna, eta gaitz guztiak sendatuko ditut”, eta galtzeko ezer ez zeukanez, probatzea erabaki zuen. Umea ur berotan sartu zuen oso-osorik, begiak, sudurra eta ahoa bakarrik bistan zituela. Progresiboki tenperatura igotzen joan zen, ur beroa isurita. Bainutik irten eta gero ohean etzanarazi eta estali egiten zuen, tenperatura altua mantentzeko. Prozesu hau behin eta berriro errepikatuta, umea hobetu zen eta bizitza salbatu zuen.

 Honen ostean Maria Schlenz neurri terapeutiko gehiago erabiltzen hasi zen (dietetikoak, buztina, ariketak, masaia…) eta betiko moduan denuntziak jaso zituen, irabazle irten zelarik mediku batzuk bere alde agertu zirelako. Mediku hauek bainu hipertermikoak aztertzen hasi ziren: Zabel irakasleak, minbizi zelula tenperatura altuak txarto jasaten dituela ikusita, tumore gaiztoak tratatzeko erabili zituen; Lampertek tifus epidemia bat gainditu zuen bainu hipertermiko hutsez…

Gaurko egunak

 Hauek izango litzazke XIX gizaldiko bainuetxeen modaren aitzindariak. Ageri denez, hidroterapiaren eboluzioa ziklikoa izan da Historian zehar; orain dela 100 bat urteko “urrezko aro” horren atzetik ere betikoa etorri zen: bainuetxeak, zentro terapeutikoak baino opor lekuak bihurtu ziren, ur berozko erabilpenak nagusituz. Honen ondorioz, eragin terapeutikoa gutxitu egin zen. Emaitza barik, moda pasatu zenean bainuetxeak abandonatu egin ziren.

 Puntu honetan gaude gaur egunean, sofistikazio eta alarde teknikoen sasoietan. ¿Noiz arte? Batek daki zenbat urte barru, terapeuta anonimoren batek ur hotzaren bertute umil, merke eta miragarriak berriro aurkitu arte.

https://abante.eus/wp-content/uploads/2012/08/53466001-300x222.jpg
Urberuagako bainuetxeko jangela, XX gizaldi hasieran eta 2003an.
Argazkixak: Auñamendi Entziklopedia eta Oier Gorosabel.

Hegoaldeko euskal bainuetxeak

 Hegoaldean uraren erabilpen terapeutikoa Nafarroako Erriberan hasi zen erromatarren eraginez; horren adibidea Fiteroko bainuetxe zaharrean dauden terma eta erreten erromatarren arrastoetan ikus dezakegu. Osasun hidrologia aztertzerakoan bi ezaugarri garrantzitsu aurkitzen ditugu: minero-medizinal iturrien aberastasuna eta XIX menderarte izandako ezagupen eskasa. Gure herriak jasotako erromatar eta arabiarren eragin eskasak azal dezake euskal ur minero-medizinalak izandako ahanztura.

Hegoaldeko lehen bainuetxeak erromatarren termak izan ziren, Fitero zaharra eta Iberokoa. Oraindik aztarna garbiak ikus daitezke Fiterokoan: terma bat eta 65 m. tako ura biltzeko galeria mendian barrena. Iturri hauetan egin ziren lehen analisi kimikoak 1697 urtean; 1768an egin zuten lehen bainuetxea; haren ondoan beste bat eraiki zen 1848 urtean, “Fitero Berria” deiturikoa. Azken hau da gaur egun Hegoaldeko bainuetxerik garrantzitsuena, bertan 1700 bezero sartzen direlarik. Hauez gain beste 6 bainuetxe garrantzitsu izan ziren Nafarroan XIX mendean: Betelukoa, urtebetean 2500 bezero hartzera heldu zena; bere iturrietako ura oraindik botilaratzen da, behinola Burlatako bainuetxean egiten zen bezela. Gainontzekoak urte gutxitako bizitza euki zuten: Altsasua, Elgorriaga, Aribe eta Belaskoainekoak alegia.

Gipuzkoako iturri medizinalei buruzko lehen aipamen idatzia XVI mendekoa da, Esteban Garibai Zamalloa historialari ospetsuarena. Arrasatearrak “Historia de España” liburuan honakoa idazten du: “ur medizinalak behar dituzten Espainiako gaixoei zera esaten diet: Cantabriako Arrasate herrira etor daitezela, edo bere inguruetara, ur medizinal bereko iturriak aurkituko bait dituzte”. Garibaik ordurako Santa Agedako ur sulfhidrikoak erabiliak zirela frogatzen du.

1625 urtean, Lopez de Isasik “Compendio Historial” interesgarria idatzi zuen. Bertan Iturriotzeko iturria aipatzen da, San Juan de Hernio izenez ere ezaguna, sarnaren kontrako urak zituena. Leintz-Gatzagako urak ere aipatzen dira, gatza saltzeko asmoz ateratzen zirenak.

Gipuzkoako medikuntza hidrologikoaren loraldia XVIII mende bukaeran izan zen, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais elkartearen eskutik. Kide batzuk probintziako ur mineromedizinalak zientifikoki ikertzen hasi ziren. Honen eredu, 17773,1774,1775,1782,1786 eta 1792 urteetan eginiko laburpenak dira, Zestoako Gesalagako urak eta Azkoitiako Larramendi iturriak aipatzen direlarik bereziki.

Ordutik ur medizinalak prestigio handia lortu zuten, XIX mende bukaeran distira handiena lortuz. Garai horretan, Zestoa eta Santa Agedako bainuetxeak Espainiako ospetsuenak ziren. Hidrologiaren berragerpena gure bainuetxe eta ur mineromedizinalei buruzko idatzi eta monografien ugalketan ere somatzen da.

Bizkaiko herrialdeak 11 bainuetxe ofizial -erabilpen publikoko ziurtagiria lortu zutenak- izan zituen XIX mendearen amaieran. Bainuetxetako urak sulfurikoak (zazpi), nitrogenatuak (hiru) eta gaziak (bat) ziren. Ur emari handiena Karrantzako El Molinarrekoa zen eta txikiena berriz Etxanokoa. Bainuetxe hauek udaldietan egoten ziren zabalik, ekainaren 15tik irailaren 15era. Erabiltzaile gehien Ubillako Urberuaga bainuetxeak izan zituen, 1816 bezeroekin; gutxien Arteakoak, 96 lagunekin. Bertoko fitxategiak ikertuta, bertara joaten zirenetatik %30-50 udatiarrak izaten zirela ikus dezakegu -beraz ez zuten gaixotasunik-. Bainuetxe hauek apurka ixten joan ziren eta gaur egun gelditzen den bakarra Karrantzakoa da. 1900 urtean 3 itxi ziren eta 1920 urtetatik aurrera eguzkia eta hondartzaren zaletasunak bainuetxeen gainbehera ekarri zuen. Itxi zuen azkena Urberuagakoa izan zen, 1983ko uholdeen ondorioz. Dena den, eraikin gehienak ondo mantendu dira irakaskuntza edo aisialdirako, askotan monjetako ordenen eskuetan gelditu zirelarik.

Azkenik Araban, nahiz eta ur medizinaletako iturri ugari eduki, ez zen bainuetxerik agertu 1827an Aramaionakoa zabaldu zen arte. Mende berean beste 8 bainuetxe zabaldu ziran: Baranbio, Kutxo, Langraitz, Buradoneko Gezalak, Sta. Filomena de Gomilaz, Sobron eta Zuazo de Cuartango. Bainuetxe hauek Arabako erdi eta mendebaldean kokatuta daude eta haien zortzi iturrietatik sei sulfurosoak dira. Kasu bakarrean du urak 20º baino gehiago; horrek bainuetxe hauetako kudeaketa garestegia bihurtu zuen eta ez dute jarraitu gaur egunerarte.


Esker onak

 Leioako Euskal Medikuntzako Historiako Museoko zuzendariari, Anton Erkoreka doktorea eta Kepa Lizarraga sendagileari.

Bibliografia

  •  F. Viñas. Hidroterapia, la curación por el agua. Ed. Integral, Barcelona.
  • S. Kneipp. Metodo de hidroterapia, Ed. Maxtor, Valladolid.
  • M. Sarrionandia. Historia de los Balnearios de Bizkaia. Tesis. Bilbao
  • J. M. Urkia. Historia de los Balnearios de Gipuzkoa. Tesis. Bilbao.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*