Hidroterapiaren moda zikloak

Osasuna hobetu eta indartzeko neurrien artean, gutxi izango dira hidroterapia bezain merke eta eskuragarriak: nork ez du egun iturririk etxean? Palangana eta trapu batekin lagunduta, besterik ez dugu behar bainuetxeetan aurki daitezkeen ur-terapia gehienak etxean bertan probatzeko; eta ez da exagerazioa. Halere, azalpen teknikoetan sartu baino (liburu askotan daude) terapia mota honek historian zehar izan duen bilakaera xelebrearen berri emango dizuet: osasuna modaren arabera antolatzearen zentzugabetasunaren adibide deigarria.

Hidroterapiaren onurak gutxienez 5.000 urtetik hona ezagutzen badira ere, haren erabilpena historiaren une jakinetan baino ez da eman, ehunka urteko ahanztura aldiekin txandakatuta. Zikloaren lehenengo fasea pertsona ezjakin bat uraren onurekin konturatzean hasten da. Bigarren fasean, emaitza harrigarrien berria zabaldu egiten da, inguruko biztanleen arreta erakarriz. Hirugarren fasean, arrakastak eragindako etekinak iristen dira: bainuetxeak, hotelak, ekonomiaren pizkundea… Aldiz, tamalez, etekinak iristearekin batera, hidroterapiaren oinarriak ahaztu egiten dira. Horrek azken fasera eramaten gaitu: terapia ez denez ondo egiten, pazienteak ez dira sendatzen, eta, pixkanaka-pixkanaka, moda pasatuz doa bainutokiak ahaztuta geratu arte.

Hidroterapia gizakia bezain zaharra da, eta lehen aipu idatziak Egipton jasota daude. Harrezkero kultura zahar askok erabili zutela badakigu, baina erreferentzia garrantzitsuena K.a. IV. gizaldikoa da, grekoena: Hipokratesen eskolak metodo desberdinak uztartu zituen gaixoen osasuna bultzatzeko, eta horien artean hidroterapia lehen mailako baliabidea izan zen. Uraren erabilpena sistematizatu egin zuten, eta 2.300 urte geroago ere Hipokratesen eskolak ezarritako oinarriak balekoak dira oraindik ere.

K.a. III. gizaldian ere, erromatarrak Hipokratesen teoriak jarraitu zituzten. Bainuetxeek garrantzi handia hartu zuten, hirigintzako ezinbesteko elementu bihurtuta. Baina mendeak pasatu ahala, erromatarrak ur beroekin gehiegi zaletu eta hotzekin ahaztu ziren. Lehen aipatutako zikloa pausuz pausu jarraitu zuten erromatarrek; hala, bainuetxeen dekadentzia eta Inperioarena batera etorri ziren.

Ostean, hutsune luzea. Azkenean, 1.000 urte baino gehiago pasa eta gero, XVIII. gizaldian Sigmund eta Johann Hahn mediku poloniarrak hidroterapia erabiltzen hasi ziren berriz ere gaixoekin, emaitza bikainekin gainera. Tamalez, beraien ondorengoak Hahn aita-semeen ibilbidetik desbideratu ziren, eta, urte gutxira, berriz ere, hidroterapia ahaztuta geratu zen.

XIX. gizaldiaren hasieran, Vincenz Priessnitz nekazaria etxeko abereak urez sendatzen hasi zen; gero, bere burua, auzokoak, eskualdekoak… Pixkaka, nekazaritza alboratu eta bainuetxe bat kudeatzen hasi zen. Urte bertsuetan, antzerako ibilbidea jarraitu zuen Sebastian Kneipp abadeak ere. Priessnitz autodidakta izan zen bitartean, Kneipp Hahn aita-semeen liburu baten laguntzarekin hasi zen hidroterapian murgiltzen. Bien arrakasta ikusita, medikuak haien lana aztertzera hurbildu ziren eta XIX. gizaldi hasierako loraldia etorri zen; euskal bainuetxe gehienak ere orduan eraiki zituzten. Baina, beste behin, urte gutxiren buruan, betikoa gertatu zen: bainuetxeak, zentro terapeutiko baino, opor leku bihurtu ziren, ur berozko erabilpenak nagusitu zirelarik. Ondorioz, eragin terapeutikoa gutxitu egin zen, eta, emaitza barik, bainuetxeen sasoia modarekin batera igaro zen. Gaur egun arte iraun duten bainuetxeek ostatu edo jatetxe zerbitzuetatik ateratzen dute etekina; bainuak apaingarri hutsa dira eta oinarri hipokratikoak guztiz ahaztuta daude. Noiz arte? Batek daki zenbat urte barru, autodidaktaren batek ur hotzaren bertute umil eta merkeen ahalmen miragarriak «aurkitu» arte.

2010ko Iraillan 4ian Gaur8-rako idatzitta.

EGUNERAKETA 2013-XI-4: Euskal-Erria aldizkariko 1884ko kronika honek ederto erakusten dau modian eragiña orduko balnearixuen gorabeheretan.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Eskualdeko bainuetxe girua 1884 | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*