Hiroshima eta masaje ikasketak

(Argazkia: Hiroshima, 1945-VIII-6. By Enola Gay Tail Gunner S/Sgt. George R. (Bob) Caron [Public domain], via Wikimedia Commons)

1945eko abuztuaren 5ean, Sayaka Kabuto andereak biharamunean Hiroshimara mugitzea erabaki zuen, II. Mundu Gerrako erasoen aurrean hiri seguruagoa zelakoan; bistan da ez zela erabaki ona izan. Gauza bertsua esan dezakegu gaur egunean masaje, terapia natural edo bestelako osasun ikasketa ez ofizialak egitera sartzen diren gazteei buruz: akademietako zuzendariek ez diete esango, noski, baina bide horretatik ikasle horiek legeen kontrako norabidean arraun egitera kondenatuta egongo dira.

Orain arte petrikiloek funtzio garrantzitsua bete dute gure gizartean, unibertsitatean formatutako profesionalak ez ginelako ailegatzen populazioaren osasun premiak asetzera. Sasimedikuen papera, beraz, aitortu beharra dago; baita eskertu ere, nire ustez… agur esatearekin batera. Izan ere, titulu ofiziala dugun osagileak, orain bai, ari gara poliki-poliki herri eta txoko guztietara ailegatzen. Gaur egunean lehen ez zegoena baitugu: lanik gabeko fisioterapeuta asko. Horiek izango dira –biziraungo badute– masajistak ordezkatuko dituztenak.

Bidea nekeza eta luzea izan da. Gure lanbideak 200 urte bete berri ditu, Pehr Henrik Ling jaunak Stockholmen sortutako Royal Central Institute of Gymnastics abiapuntutzat hartzen badugu. Baina, dakizuenez, antzina osagileak aberatsendako pribilejioa baino ez ginen. Ez dugu oso atzera egin beharrik: gure amonen denboran ere, makinatxo bat ume jaioberri hiltzen ziren amaren besoetan, gripea edo bronkitisa bezain gaixotasun arruntekin. Aurrerakuntza medikuen eremuan ikusten da ondoen (gaixotasun hilgarrien arloan, alegia), baina fisioterapian ere ematen ari da.

Esate baterako: ni neu 1993an lanean hasi nintzenean, jende gehienak ez zekien zer zen fisioterapeuta bat. Ideia bat egin dezazuen, artean 15.000 biztanleko fisioterapeuta bakarra zegoen Bizkaiko Lea-Artibai eskualde osoan. Hori horrela izanda, jendea ohitua zegoen bizkarreko minarekin eta enparauekin bizitzera; eta mina jasanezinezkoa zenean, hezur-konpontzaile, masajista eta petrikiloengana jotzen zuen. Gurekin txanda hartzerakoan ere, «kaixo, masajistaren kontsulta da hori?» entzuten genuen beti –amorru puntu batez, dena esan beharra badago–. Gaur, berriz, gehienek fisioterapeutarekin txanda eskatzen dute hasiera-hasieratik. Aldaketa begi-bistakoa da, eta logikoa: gero eta gehiago gara, eta, lehengo ospitale eta osasun zentroez gain, ia eremu guztietara ailegatu gara (enpresak, hezkuntza, zaharren egoitzak…).

Joera honen beste ezaugarri bat: lehen pazienteak lesio larria zutenean bakarrik (lan istripua adibidez) etortzen zitzaizkigun fisioterapia zentrora, Osasun Aseguruak bidalita; haietako askok, baina, masajistarenera hilean behin joaten jarraitzen zuten, “mantentze-lanetarako”. Hori aldatuz doa, jendea ulertzen ari delako bere historia klinikoa ondo ezagutzen duen fisioterapeutak gauza gehiago egin ditzakeela bere osasuna hobetzeko. Orain paziente asko etortzen dira batzuetan osasun asegurutik (txartoen daudenean), eta, besteetan, beren kontura (mantentzeko).

2013 honetan, gure eskualdean 1.000 biztanleko fisioterapeuta bat dugu gutxi gorabehera. Asistentzia dezente hobetu da, eta gehiago hobetuko da datozen urteetan, gazte asko ari delako unibertsitatean fisioterapia ikasketak egiten. Bertara sartzeko eskatzen den nota altua da, badakit; baina nota horretara ailegatzen ez bazara, gazte, ez etsi. Masaje akademiak ez dira sekula izan fisioterapia ikasketen ordezko egokiak, eta, urteak pasatu ahala, gero eta gutxiago.

Gaur8rako, 2013ko uztaillan 27xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*