Hozkirrien termodinamika

 click for closeup


Lantokian berogailuekin borroka bat dugu. Askorentzat, estufek bi posizio bakarrik dituzte: on eta off. Sarri azaldu behar izaten dugu termostatoa zer den, baina, hala ere, ez da nahikoa, askotan berogailuek bi posizio bakarrik izaten jarraitzen dute: zero eta hamar (0-10 eskala batean). Goizean etortzean, “hau hotza!” eta maximora jaso; ezin ulertarazi termostatoa topean jarrita ere, gela ez dela bizkorrago berotuko. Oinarri-oinarrizko termodinamika ezagutzak dira: alferrik da estufa maximoan jartzea atea zabalik badago; termostatoa ongi erabilita, berogailua itzali egingo da tenperatura egokira heltzean eta, gela hozten bada, atzera piztuko da; leihoa ireki aurretik, berogailua itzali behar da… Gazteek dute hori guztia ulertzeko arazo gehien, batetik etxean neguan kamiseta hutsean ibiltzea oso erosoa delako eta, bestetik, argi indar faktura zer den ez dakitelako. Horietatik askok, gainera, ekologistatzat du bere burua. Bada, kontuan hartu beharko genuke honek ere baduela zerikusia azken urteotan bizitzen ari garen argindar kontsumo ikaragarriarekin eta, martxa honetan, zentral eolikoak ez, nuklearrak ere beharko ditugula kontsumo maila hau mantentzeko.
“Eta honek zer du ikusteko bada osasunarekin?”, esango du bateren batek. Badu zerikusia, bai. Norbere gorputza ezagutu eta zaintzeko, hotz-bero aldaketen aurrean modu egokian erantzuten ikasi behar dugu. Naturaren eguraldi aldaketei aurre egiteko, animaliok termorregulazio sistema bat garatu dugu milaka urteetan zehar. Bere eginkizunak ondo betetzeko, gorputzak 37º inguruko tenperatura mantendu behar du etengabe. Motorren antzera, gorputza berotu egiten da hainbat arrazoiengatik: eguraldia, lan fisikoa… 37 gradu horiek ez gainditzeko, gorputzak gehiegizko berotasuna kanporatu behar du; hotza dagoenean ere, termorregulazio sistema beroa gorde eta sortzeko lanean hasten da. Joko horretan, zirkulazio aparatuaren etengabeko egokitzea gertatzen da –odol hodiak lasaitu eta estutzea–.
Gizaki osasuntsuak –ume batek, esate baterako– errez asko egiten die aurre hotz-bero aldaketei. Gainera, egokitze prozesua bera gimnasia bezalakoa da gure zirkulazio sistemarendako. Feedback prozesuetan moduan, zenbat eta hotz-bero gehiago jasan, orduan eta gehiago hobetzen da gure egokitze ahalmena tenperatura aldaketen aurrean .
Azken urteotan baina, hainbeste usadio termiko desegoki hartu ditugu azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa dela eta. Hona hemen –berriro ere– txarto ulertutako ongizatearen ondorioa, aberats berriaren ajeak. Txiki-txikitatik hasten gara seinak zorro lodietan eta tapakietan biltzen, osasunaren kaltean; umeen zirkulazio sendoak hotzari aurre egiteko ahalmen handia duen arren, hotzaren estimulutik isolatzean odol hodien lasaitze-estutzea ez da gertatzen eta, beraz, goian aipatutako feedbacka alderantziz gertatzen da: erabiltzen ez den funtzioa (termorregulazioa) galdu egiten da. Hona hemen ume sano izatetik, heldu hozkirri bihurtzeko bidearen hasiera.
Antzinako bizimoduan, nahi gabe gertatzen zen entrenamendu hori: umeak euripean eskolara guardasolik gabe; nekazariak neguan hotzak akabatzen eta udan eguzkipean kiskalita; arrantzalea beti arropa bustiekin… Bizimodu horrekin, zailtzen ez zena hil egiten zen, eta ez da metafora bat. Ez gara hasiko joan den mendeko bizimodu gogorra aldarrikatzen, noski, baina bizitza berogailu zentralik gabe posible dela esateko balio digu. Nola liteke? Bai, lagunok: Homo Sapiensok ba daramatzagu 150.000 urte Ludian, eta horietatik 149.980 horrela pasa ditugu, sutondoan eskuak edo ipurdia berotzen (txandaka; biak batera ezin baita). Hala izan da orain dela gutxi arte, gehienok butano estufa bakarra ezagutu baitugu etxe osorako. Baina oroimena motza da, eta hain erraz ohitzen da bat erosotasunera…
Baina hor agertzen zaigu berriro hozkirria: “Baina nik hotza dut beti!”. Bai laguna, zalantzarik ez dut. Zer egin? Hasteko, hotza sentitzen hasten zarenean, termostatoa jaso aurretik… geldi! Bada termorregulazio sistema tradizional bat, guztiz ekologikoa, oso emaitza ona ematen duena; bere izena jertsea da, eta nahiz eta gure amonak ongi asko ezagutzen zuten, gaur egunean tamalez ahaztuta geratu da, batez ere zilborra eta gerriari dagokionez.
Gero, hozkirriak onartu behar du arazoa berea dela. Hau da, etxea edo bulegoa sauna bat bihurtu beharrean –horrek bere termorregulazio kaskarra areagotuko du–, soluzioa odol hodien berrentrenamendutik etorriko da. Nahiko prozesu erraza den arren, fisioterapeuta baten ikuskapena komenigarria izango da aurretik zirkulazio arazoak badaude; era berean, diziplina eta jarraipena beharko dugu emaitzak lortzeko, baina horrek ordain bikaina izango du: hozkirrien eguneroko arazo diren hotzeria, gaixotzeko erraztasuna, esku eta oin hotzak… hobetzeaz gain, sendotasuna eta bizitzeko gogoa berreskuratzen dira zirkulazio sistema zainduta.
Gaur8rako, 2008ko Maiatzaren 02a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*