Izerdiaren desorekak

 

Irudixa: Airplane! pelikulatik hartuta.

Lau funtzio garrantzitsu betetzen ditu izerdiak: gorputzeko hondakinei irtenbidea ematea, azalaren pH-a jeistea (bakterioen ugalketa ekidinda), gorputzeko tenperatura jeistea eta identifikazioa erraztea (usainaren bitartez, nahiz eta gizakiok ahalmen hau murriztuta dugun). Funtzio hauek ondo betetzeko, izerdia tamainan ekoitzi behar da, noski: ez gehiegi eta ez gutxiegi. Hau garunetik kontrolatzen da, batez ere gune bi hauetatik: hipotalamoa (tenperaturarekin zerikusia duen izerdia) eta linbo sistema (emozioekin lotutakoa). Gune hauek bidaltzen dituzten aginduak, hala ere, bide korapilatsua jarraitu behar izaten dute izerdi guruinetaraino ailegatu arte: lehenik ornomuinetik jeisten dira, dagokien ornoraino; hor bizkarrezurretik irtetzen dira, haren alde bietara dauden nerbio-gongoil kateetan sartzeko. Puntu honek garrantzi berezia du, kate honen barruko milaka neuronak elkarrekin konektatuak baitaude. Hartara, nerbio sistemaren beste parteen eragina jasotzeko aukera dute. Nerbio-gongoiletatik irtendakoan, orduan bai: aginduak azaleko izerdi-guruinetara iristen dira eta izerdia ekoizten da. Mekanismo oso konplikatua da -izan ere, oraindik ez da guztiz ezaguna-; eta izerdiaren ekoizpenean eragiten duten aldagaiak anitzak dira.

Izerdiaren fisiologia desorekatzean, haren ekoizpena jeitsi (hipohidrosis) edo igo (hiperhidrosis) egin daiteke. Osasunerako kalte gehiena lehenengotik etor daiteke, izan ere, hori duten gaixoak hil egin daitezke, gorputzeko tenperatura jaitsi ezin bada; bigarren kasuan daudenek, berriz, ez dute zuzenean osasunean eragin kaltegarririk izango; bai, ostera, zeharka. Hiperhidrosia duen pertsonak eguneroko hainbat egoeratan sufri baitezake arazoa: bostekoa ematean, lan elkarrizketa batean, lagun arteko harremanetan… benetako arazo sozial edota psikologiko bihurtu arte.

Konponbide gaitzeko arazoa da. Lehen azaldu dugunez, izerdiaren kontrol neurologikoa izugarri konplikatua da eta ezin da jakin nerbio sistemaren zer gunetara zuzendu behar den tratamendua. Hainbat terapia saiatu izan dira: arazoa azaleko gune jakin batekoa bada, besapekoa esate baterako, izerdi-guruinen sekrezioa oztopatzen saia daiteke (poroak kosmetikoekin tapatzea, toxina botulinikoarekin izerdi-guruinak paralizatzea…); hiperhidrosia orokorra bada, berriz, botikak erabiltzen dira nerbio bulkaden transmisioa eragozteko; azken errekurtso modura kirurgia ere erabili izan da, nerbio-gongoil katea eteteko edo azal atal jakin bateko izerdi-guruinak erauzteko. Ikus dezakezuenez, denak arazoaren «adarretara» zuzenduak, bat ere ez «sustraietara».

Nire aldetik, gorputzaren autosendatze ahalmenaren bidea esploratzea gomendatuko nizueke. Gutxitan saiatzen den bidea izaki, ez dago honen eraginkortasunari buruzko estadistika edo ikerketarik, baina, tira, lehen aipatutako tratamenduen emaitzak nahiko kaskarrak direnez, aprobarekin ez duzue ezer galtzerik. Horretarako, terapia fisiko erraz eta merkea proposatzen dizuet: sauna. Onura asko ditu, hementxe inoiz aipatu dugunez, baina kasu honetan, garunean duen eragina interesatzen zaigu. Funtsean, beroaren eta hotzaren arteko kontrastea nerbio sistemaren toniko eta orekatzaile sendoa da. Honek, nolabait esateko, erroreak ematen ari den «disko gogorra» berrabiarazteko aukera ematen digu, izerdiaren kontrol zentroengan zuzenean eraginda. Sauna tratamendu hau astean bizpahiru bider egitea proposatzen dizuet, hilabetez; eta gero ikusi ea zuen izerdi arazoa ezertan aldatu den. Gustura hartuko ditut zuen komentarioak.

Gaur8rako, 2012ko Iraillan 14a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*