Kortikoideen fabore

Irudixa: http://www.conplumaypapel.com/2011/07/el-alquimista-miguel-angel-moreno.html
Batzuetan jendeak aurreiritzi ergel baina oso sustraituak izaten ditu. Ideia horiek lau arrazoirekin arbuiatzea erraza den arren, iritzi publiko horren inertzia itzela da; oso gaitza izaten da, beraz, «herriaren» uste horiek aldatzea. Hori gertatzen da, esate baterako, digestio-etenarekin (bainua hartzeko ordu bi itxarotea), Eibarko euskararen kalitatearekin (batzuek denpora ona trigua maduratzeko esaten dugula uste dute), edota gaur dakargun farmako kortikoideei buruzko uste okerrekin.

Dakizuenez, fisioterapian ez dugu inolako botikarik erabiltzen; hala ere, jendeak askotan eskatzen digu farmakoei buruzko aholkua. Eta, nahiz eta gure erantzuna beti berdina den (hori ez dela gure arloa, eta galdetzeko medikuari), batzuetan arduratuta geratzen gara jendearen desinformazio mailarekin. Are gehiago, batzuetan gure lan fisioterapeutikoa ere oztopatzen baitu.

Aurreko batean, artikulazioen degenerazio orokorra duen pertsona bat etorri zitzaigun kontsultara; kexu zen, gorputz osoan mina zuela. Baina mina hain sakabanatuta egotean, tratamendua fokatzea (eta, beraz, arazoaren sustraia aurkitzea) ezinezkoa zen, eta lehenengo hantura egoera orokor hori jaistea komeni zen, terapia fisikoa eraginkorragoa izan zedin. «Joan al zara medikuarenera?», galdetu genion. Eta berak erantzun: «Bai, baina kortikoideak eman zizkidan, eta ez ditut hartuko; kortikoideak txarrak baitira!».

Orain dela gutxi izandako beste kasu bat gogoratzen dut: larriagoa zen, eta, muskulu-artikulazioen arazoez gain, depresioa eta zahartzaroa nahasten ziren konplikazio bezala. Honek bai, onartu zuen kortikoideak hartzeko medikuaren agindua, baina, pilula hartzera zihoala, zera entzun genion, umore beltza zeriola: «Orain nire pozoia hartu behar dut». Horra hor zer-nolako kaltea ekartzen digun batzuetan herri «jakituriak». Lehenengo kasuan, tratamendu egokia ezinezkoa bihurtuko du: paziente horrek gehiagotan etorri beharko du gure kontsultara, diru gehiago gastatuko du eta emaitzak ez dira hain onak izango; bigarren pazienteak, berriz, sekulan ezingo du bere tratamenduarenganako konfiantzarik izan (zelan, bada, pozoia hartzen ari dela sinesten badu?), eta jarrera hori oinarri-oinarrizkoa izaten da emaitza onak lortu nahi direnean.

Kortikoideek badituzte albo-ondorioak, noski, baina ez beste botika askok baino handiagoak. Gehiago esango dut: katilukada bat azukrek kortikoide pilula batek baino kalte gehiago egiten dio gorputzari, baina inor gutxik uzten dio horregatik pastelak jateari.

Gainera, botika mota honek barietate handia du: gorputzean denbora luzean mantentzen direnak edota zortzi orduan ezabatzen diren farmakoak daude; batzuek efektua segituan egiten dute, eta beste batzuek, berriz, poliki-poliki eragiten dute; injekzioaren bitartez odolera sartzen direnak, edota lurrin moduan arnasatik hartzen direnak… Medikuak hori guztia kontuan hartzen du pazienteari tratamendua agintzerakoan, botikak ez baitira ematen ematearren. Eta, gainera, ezin gara terapeuta batengana joan «Osa nazazu!» exijituz, gero hark emandako tratamenduari muzin egiteko. Konfiantza behar-beharrezkoa da osagile batengana joaterakoan.

Herri «jakituria» horrek modu oso sinplean esaten du: «Botikak hartzea txarra da». Baina, betiko moduan, arazo konplikatuak ezin dira hain modu ergelean sinplifikatu. Zehazki, atsotitz honi jarri behar zaion adabakia hauxe da: botikak alferrik hartzea da txarra; komeni denean hartzea, ostera, oso ona da.

Gaur8rako, 2011ko Azaroaren 04a.

1 Comentario en Kortikoideen fabore

  1. Ze arrazoi duzun Oier!!!

    Gure txikixak azal atopikoa daka, eta batez ere neguan, oso gaizki jartzen zaio. Mantxak ateratzen zaizkio, belarriostean eta belaunostean batipat. Eta hazkure itzela eukitzen dau. Azkenian kriston zauriak egiten ditu.

    Ni ere kordikoideak ahalik eta gutxien eman behar direla pentsatzen duten horietakoa naiz/nintzen. Baina aurtengo neguan konturatu naiz azala txartzen hasi orduko eman ezkero kortisona, gero ez dela hainbeste txartzen. Hidratantea, hidratantea eta hidratantea, eta txartzen hasten danian kortisona. Horixe ikasi dot.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*