Kristau suizidak (hipotesia)

Izterreko zurdatza, sufrimendurako errekurtso klasikoa. Irudia: jocuandoteveatevasaenterar

EAEko Fisioterapeuten Elkargoa intrusismoaren aurkako kanpaina betean dabilela –beharbada ikusi dituzue Espido Freire, Juan Martinez de Irujo eta Julian Iantziren bideo dibertigarriak (gazteleraz, nola ez)–, hemen nator ni psikologoen arloan berriro sudurra sartzera. Baina lasai: gauza bat inoren arlo profesionala inbaditzea da, eta, bestea, berriz, diziplinen arteko muga lausoetan egiten den elkarlana. Gaurkoak azken hori izan nahiko luke.

Askotan aipatu dugunez, gorputza eta gogoa ez daude bereizita. Helburu didaktikoek eta praktikoek maila psikikoa eta fisikoa aparte ikertzera eramaten bagaituzte ere, eguneroko martxan gure burmuinaren egoerak eta gure gorputzeko ajeak lotuta dabiltza, une oro eta eten barik. Lotura hori konplexua da, jakina, eta gauza asko esan daitezke horri buruz. Gaur, ostera, fisioterapeuten eguneroko lana asko baldintzatzen duten pare bat fenomeno aipatuko ditugu bakarrik: minaren pertzepzio maila eta erantzun autoimmuneak. Amaitzeko, espekulazio txiki bat egingo dut.


Minaren pertzepzio maila ez da beti berdina. Gure eguneroko bizitzan, gure gorputza suntsitzen eta berregiten aritzen da etengabe. Kirolak, laneko mugimenduek… gorputza higatzen dute, baina gure zelulek segituan konpontzen dituzte hautsitako egiturak. Prozesu horrek ez du ez hasierarik ez amaierarik: etengabe ari gara mantenu lan horretan, gu konturatzen ez bagara ere. Zergatik ez gara konturatzen? Gure gorputzak “minaren pertzepzio maila” bat duelako: jasandako lesioak maila horren azpitik badaude, ez ditugu igarriko; triskantza handiagoa izan bada, berriz, maila gaindituko da eta orduan hasiko gara mina sentitzen. Gorputzaren abisua da, kontuz ibil gaitezen eta lesioa hobeto senda dadin.

Minaren pertzepzio maila jaso edo jaitsi egin daiteke: fakirrek, adibidez, ezpatarekin zulatuta ere minik ez sentitu arte jasotzen ikasi dute. Eta alderantziz: depresioak jota dauden lagunek, esate baterako, minaren pertzepzio maila beherago dute, eta normalean igarriko ez lituzketen lesio txikiek ere min handia ematen diete. Hori kontrolatzen ikastea oso interesgarria da min kronikoa duten pertsonendako.

Erantzun autoimmuneetan, berriz, gorputzak bere buruari erasotzen dio. Arazoak forma ugari izan ditzake (artritis erreumatoidea, lupus eritematosoa, distrofia sinpatiko erreflexua…), baina, funtsean, denetan gauza bertsua gertatzen da: gorputzak norbere zelulak suntsitzen ditu arrotzak balira bezala. Zientzia aldetik ez da ongi ezagutzen gaitzon fisiopatologia (eta gutxiago soluzioa), baina argi dirudi arazo psikikoek pisu handia dutela mota honetako gaixotasunak garatzerakoan.

Orain espekulazio txiki bat. Gauza jakina da Euskal Herrian kristau ugari dagoela. Asiar jatorriko erlijio honen jarraitzaile askok norbere sufrimendua goresten dute, baina, era berean, beren burua hiltzea debekatuta dute. Nire uste apalean, horrek arrazoirik gabeko hainbat osasun arazo eta minekin zerikusia izan dezake. Hau da: pertsona hauek beren burua zigortzeko sortuko lukete mina, adibidez, goian esandako mekanismoak erabiliz. Hitz teknikoagoa erabilita, arazo psikologiko bat somatizatu egingo lukete: erruduntasun sentimenduak, norbere burua sobran ikustea… edota hiltzeko desioa pitz dezakeen beste edozein arrazoi. Horra nire hipotesia. Orain, lankide psikologoek esango dute ea inolako zentzurik duen edo kokotekoa merezi dudan horrelako astakeriak esateagatik.

Gaur8rako, 2014ko ekaiñan 21a.

3 Comments en Kristau suizidak (hipotesia)

  1. Kaixo Oier,
    Gaixotasun autoinmunnei aurre egiteko gomedio psikologikorik bai? Ahal den neurrixan estres barik ibiltzearena aurreikusten dut, baina ariketa edo holako besterik?

    Eskerrik asko

    Sinatuta: Ateo suizida bat

    • Aupa Jatsu.
      Mens indartzeko, hobetzeko, sendatzeko egitten dozun guztia, corpore indartzeko, hobetzeko, sendatzeko balixoko dau, sistema immunitarixua barne. Hori zuk bakarrik egin zeinke, autoezagutza lan haundixa eginda hori bai.

      Hori hala izanda, azken urtietan «psikoneuroimmunologia» izeneko gauza bat garatu da. Interdisziplinarra da (EZ DA fisioterapia), eta oiñarrixa interesgarrixa bada be, txarlataneria asko dago eta gaur egun gatxa da balekua eta «lastua» bereiztia. Euskalherrixan be badago hori egitten daben jentia, adibidez: http://www.naturalki.com/que-es-la-pnic-explicacion/ Nik neuk ez dot ezagutzen arlo hori baiña.

      Aukeran, nere gomendixua: medikuntza/psikologia konbentzionala + lan pertsonala.

  2. Eskerrik asko Oier,
    Ez dakit psikoneuroimmunologia horri kaso handirik egingo diodan ez bait naiz oso ona txarlatanak bereizten.
    Oraingoz Corpore indartzen jarraituko dut, horrek Mens ere indartzen du eta. Erleekin ere banabil eta uste dut eragin ona egiten ari direla.

    Eskerrik asko eta zaindu, ia Lekitton ikusten garan laster!

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*