Lotarako posturak
Osagileon lana bezain garrantzitsuak dira zure etxeko osasun ohiturak. Edo garrantzitsuagoak: azken finean, kontsultara lantzean behin baino ez zara etorriko, eta, zure buruarekin, berriz, egunero 24 orduz egon beharra duzu. Urtean 365 egunez. Denbora horretan egiten duzunak, zalantza barik, eragin gehiago izango du zure osasunean inoren esku miragarriak baino. Eguneroko bizimoduan denbora gehien eramaten diguten aktibitateak bi dira: lana eta loa. Bigarren horretan, batez beste, sei-zortzi ordu ematen ditugu egunero. Oharkabekoa izan arren, lo ondo egiteak berebiziko garrantzia du osasunerako, loaldia gure gorputzaren makinak mantentze lanetarako behar duen ezinbesteko epea baita. Hainbat aholku eman daitezke lo hobeto egiteko.
Hasteko, lotara jarrera egokiarekin joatea komeni da: jarrera lasaia, bistan da. Egunean zeharreko aktibitateekin (batez ere lan intelektualarekin) buruko pentsamenduak abiada bizian darabiltzagu; ezin gara abiada horretan ibili 23.25ak arte, esate baterako, 23.30etan loa hartu nahi badugu. Tren gidariak balazta geltokira ailegatu aurretik sakatzen duen modura, gu geu ere sasoiz prestatu beharko gara lotarako: utzi kezkak alde batera (erlaxazio edo arnas saio txiki batekin, adibidez), liburu bat irakurri, etxeko lan errazen bat egin… bakoitzak bere sistema aurkitu behar du.
Behin mantapean, posturaren kontua dator. Gure pazienteetako batzuk kezka handia dute horrekin, baina, nire herrian esaten den bezala, “beroarena kendu behar zaio”. Garrantzia badauka, denak bezala, baina gu postura egokia gordetzen saia gaitezkeen arren, gau osoan mantentzea ez dago gure esku. Izan ere, ametsak, beroa, hotza, eltxoak… edozer dela eta, konturatu gabe aldatuko dugu.
Hori horrela dela jakinda, teoriak dio onena aratean lo egitea dela; gora begira etzanda gure bizkarrak, birikek, gorputz osoak, postura fisiologikoa (normala, estandarra, orekatua) gordetzen dutelako. Rankingaren bigarren postuan eskuineko alderako posizioa legoke. Hurrengoa ezkerreko alderako posizioa (bihotzaren gainean alegia). Eta azkena, teorikoki txarrena, ahuspezkoa izango litzateke. Honaino teoriak dioena. Baina… lehenago aipatutako legez, ez dugu zorrotzegi jokatu behar. Izan ere, hainbat faktore aldagarri daude. Hiperzifosia edo konkorra baduzu, esate baterako, aratean ezingo duzu arnasarik hartu. Edo nire lakoa bazara, postura guztietan aproba egin arren, loak beti ahuspez hartuko zaitu…
Burkoari buruz, ez dago pertsona guztiendako balioko duen almoada miragarririk (nahiz eta hainbat saltzailek kontrakoa esan). Araua sinple xamarra da: postura fisiologikotik hurren mantentzen zaituen burkoa aukera ezazu. Horretarako zure lotarako posturari erreparatu beharko diozu (gustukoen duzun postura, alegia): normalean aratean egiten baduzu, postura fisiologikoena burko mehearekin lortuko duzu. Alde batera lo egiteko zalea bazara berriz, almoada handiagoa beharko duzu (sorbalda eta buruaren arteko hutsunea betetzeko bestekoa). Azkenik, ahozpez egoten garenok ez genuke burkorik erabili behar, lepoa kontrako aldera okertu nahi ez badugu. Honaino teoria. Hortik aurrera, ez ahaztu loak postura batean hartu arren, normalena gau osoan zehar posizioz aldatzen egotea dela; beraz, burkoari buruzko aholku orokor hauei ere balio erlatiboa baino ez diegu emango.
Lastairari buruz, almoadarekin legez, bizkarraren posizio egokia mantentzea ahalbidetzen diguna aukeratu beharko genuke: ez gogorregia eta ezta bigunegia ere. Horretarako gure pisua eta gorpuzkera kontuan hartu behar ditugu, baita koltxoiaren egitura eta gogortasuna ere. Baina ez kezkatu, konplikatua dirudien arren ez da inolaz ere horrela. Dendara joan, etzan eta kuluxka egin: horrela aukeratzen dira lastairak!
Gaur8rako, 2013ko maietzan 4a.
Deja un comentario.